Berria.info agerkari digitalak zabaldu duenez,
09:30 aldera hasi da Ines del Rio preso politikoaren egoerari buruzko
auzi saioa Europako Giza Eskubideen Auzitegiko sala handian, eta 11:15
inguruan amaitu. 2012ko uztailaren 12an Estrasburgoko auzitegiak giza
eskubideen aurkakotzat jo zuen gatibu tafallarrari 197/2006 edo Parot
ezizenez ezaguna den dotrina ezarri izana. Askatu beharrean, helegitea
jarri zuen Espainiako Gobernuak. Del Riori buruz hartuko den erabakiak
beste 73 euskal preso politikarengan eragina izango du, tartean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrarengan.
Del Rioren abokatuek argudiatu dute 197/2006 dotrinaren bidez zigorrak
atzeraeraginez aldatu direla, eta moldatu dutena "zigorra ezartzeko
modua" dela adierazi du Espainiaren defentsak. Bitartean, mobilizazioak
egiten ari dira Euskal Herri osoan Euskal Herrian doktrina horren
derogazioa exijitzeko. Eskualdeari dagokionez, hamar lagun elkartu dira
Itzubaltzetako Artatza-Romo institutu aurrean, 11:15ean; eta 30
gizon-emakume Algortako Telletxe plazan, 13:00etan, Eskumaldeko LABek
deituta. Arratsaldean, 19:00etan, Sopelako udaletxeko plazan egingo dute
elkarretaratzea. Eta 20:00etan, Algortako Telletxe plazan, Plentziako
Pirulin eta Urdulizko geltoki ondoan. Azkenik, Itzubaltzeta / Romon
manifestazioa egingo dute iluntzeko 8etan, Santa Eugenia plazatik
abiatuta.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.