2013/02/23

Kitxuri 197/2006 doktrina ezarri izana salatzeko sinadura bilketa abian da

Argazkian, otsailaren 15ean 300 auzokidek baino gehiagok salatu zuten Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herriko preso politikoari Parot Dotrina erabiliz espetxe zigorra luzatu izana / cc-by Ukberri.net.

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den doktrika aplikatu diote, espetxealdia luzatuz. Egun Valladolideko espetxean, 19 urte daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, orain baliteke 11 urte gehiago barruan eman behar izatea. Hori salatzeko, Itzubaltzetako Herrira bilguneak sinadura bilketa abiatu du, gero udaletxean aurkezteko. Algortako Herrira bilguneak ekimenarekin bat egin eta sinadurak batzen lagunduko du. 

Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan ez ezik, Algortako Amnistia tabernan eta Abian kultur elkartean egongo da sinatzeko aukera.


Datorren martxoaren 20an, Estrasburgon, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak Ines de Rio euskal herritarraren auzia berraztertuko du.

Espetxean 25 urte egin dituen preso politiko tafallarrak 2008an bete zuen bere zigorra, baina, aske gelditu baino lehenago, zigorra beste bederatzi urtez luzatu zioten. Auzia, Estrasburgoko auzitegira iritsi eta 2012ko Uztailaren 12an honek dekretatu zuen presoak aske behar zuela egon, espetxealdia luzatzeko oinarritzat hartutako 197/2006 doktrinak, Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duelakoan. 

Espainiar Estatuak ez du erabakia bete, eta Ines del Riok preso jarraitzen du, arrazoi beragatik aske utzi beharko lituzketen beste 73 euskal preso politiko bezala. Haien arteko batzuek 20, 25 eta 30 urte ere eman dituzte espetxean, gainera badira adinean aurrera doazenak eta gaixotasun larriak dituztenak.

73 preso hauetatik, 18 urte baino gehiago espetxean eman dituen eta Itzubaltzeta-Romoko bizilaguna den Iñaki Gonzalo Casal “Kitxu” dugu. 2013ko Maiatzaren 4ean zeukan aske geratzeko data baina salbuespeneko neurria aplikatu diotenez, beste 11 urtez luzatu nahi diote. 

Kartzelan eman dituen 18 urte luze hauetan, Kitxuk, lehenengo pertsonan ezagutu egin du dispertsioa, FIES erregimena, isolamendua eta beste horrenbeste salbuespen neurri. Guzti hau gutxi balitz, oraingoan, 197/2006 dotrina aplikatu diote.

Behean sinatzen dugunok, euskal preso politikoen kontrako salbuespen neurri guztiak bertan behera uztea nahi dugu, euren funtsezko eskubideak urratzen direla uste dugulako. Horregatik, Getxoko Udaletxeko udalbatzari, 197/2006 doktrina eteteko eta Kitxu eta neurria aplikatutako beste presoak aske uzteko exiji dezala eskatzen diogu.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.