Showing posts with label espetxea. Show all posts
Showing posts with label espetxea. Show all posts

2013/09/26

Urriaren 17an kalera irtengo da Jagoba Terrones

Kartela jaitsi eta zabaldu (jpg)

Jagoba Terrones Arrate Berangoko euskal preso politikoa eta Algortako bizilaguna urriaren 17an aterako da Castellon II espetxetik. Espainiako Auzitegi Nazionalak zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zion Askatasuna eta AABen aurkako 33/01 auziko epaian eta Auzitegi Gorenak zigorra berretsi egin zuen, 2009ko urriaren 16an. Egun horretan atxilotu eta Basauriko espetxera eraman zuten. Ondoren, Castellon II espetxera eraman zuten.

Herrian bat gehiago!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

2013/08/15

Argazki lehiaketa antolatu dute Monterroxoko presoek

endika01Argazkian, behean, eskuinean, Endika Lejarzegi algortarra, Monterroxoko gainontzeko euskal preso politikoekin batera.

Jakingo duzuenez, euskal preso politikoak urtean zehar borroka mota ezberdinak buruten dituzte beraien eskubide urratuen alde, bai espetxe erakundeari nola Euskal Herriari zuzenduak izaten direnak. 

Amnistiaren bidean, besteak beste, eskatzen dute: estatus politikodun presoak direla onartzea, dispertsioarekin bukatzea, preso gaixoen kaleratzea, bizi arteko zigorra ahalbidetzen duen 197/2006 doktrina derogatzea eta zigorra bete duten kideen kaleratzea, 3/4k edota 2/3ak beteak eta baldintzapeko askatasunaren epeetan dauden kideen kaleratzea... salbuespenezko neurrien desagerpena, alegia.

Oraingoa, Monterroxoko (Galizia) espetxeko EPPKko presoei kalea eta kartzelaren arteko harremana egiteko asmoz, honako ekimen hau egitea bururatu zaie: 

Argazki txapelketa: 
  • Saria. Bertoko kideak egindako eskulan bat. 
  • Parte hartzeko. Zuen argazki bidali bakarka edo taldeka zure izena eta helbidearekin batera. Argazkiak honakoa jasotzen duzutenetik iraila bitartean igorri, jasotzen ditzten guztien artean zozketa bat egingo dute irailaren bukaeran
Bitartean, preso eta errefuxiatuen aldeko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute Monterroxoko presoek. 

Endika Lejarzegi 
C.P. Monterroxo 
27568 Monterroxo 

Monterroxo Getxotik 600 kilometrotara dago. Bertan, euskal preso politiko hauek daude: Ibai Aiensa Laborda, Mikel Aiensa Laborda, Bigarren Ibarra Izurieta, Endika Lejarzegi Olabarrieta, Kepa Rezabal Zurutuza, Juan Jose Zubieta Zubeldia, Kepa Zubizarreta Balboa.

Endika Lejarzegik helarazitako gutuna:

endika02

2013/06/05

Arkaitz Goikoetxea eta Maialen Zuazoren gurasoak jazarri dituzte

Maiatzeko azken ostiralean jakin ahal izan genuenez, Arkaitz Goikoetxea Basabe preso politiko getxoztarraren ama autobusa hartzera zihoanean erretenitu egin zuen Espainiako Poliziak, Villenako espetxetik (Alacant) semea bisitatzetik bueltan. Ondoren, komisariara eraman zuten eta bere gauzak miatu ere egin zituzten. Bestalde, Arkaitzen neska Maialen Zuazo Aurrekoetxea bilbotarraren gurasoei bisitak ukatu dizkiete, Espainiako Auzitegi Nazionalaren errekurtso baten ondorioz. Maialen Brievako (Avila) kartzelan gatibu daukate.

Utzi bakean Arkaitz eta Maialenen senideak!
Euskal preso politikoak herrira!

Ongi etorri Oier! Zorionak Olga eta Txabi!

oieroieroieroieroier


Euskal preso eta iheslari politikoen egoerak ez du maiatzean ere hobera egin; gobernuek geldi diraute, beraien betiko posiziotik mugitu gabe, espetxe politika krudel eta hiltzaileak aplikatzen jarraituz.

Imajinatu haurdunaldia espetxean pasatzea zer izan daitekeen. Beharrezko arretarik gabe, kartzelarien oztopoei etengabe aurre egiten. Eta hori gutxi balitz bezala, imajinatu orain haurra jaiotakoan zuregandik eta aitarengandik banatzeko mehatxua egiten dizutela, Euskal Preso Politikoen Kolektibotik irtetea onartzen ez baduzu. Hori da Olga Sanz preso politiko sopeloztarrak jasan izan duen xantaia, eta hemendik gure elkartasun guztia helarazi nahi diogu.

Eta noski, zorionak ere eman nahi dizkiegu Olga eta Txabiri, Oier txikiak guraso bihurtu dituelako jada. 

Zorionak hiruroi, familia!

2013/05/16

Etxean da Pol Asensio. Ongi etorri!

P5164951

Argazkian, eskuinean, Polen ama, Iratxe emaztea, Sare alaba eta Pol bera Orkrestaren erritmora.

Amaitu ezinezko besarkaden artean egin diote harrera Algortako Amnistia tabernan dozenaka herritarrek Pol Asensio Millan preso politiko ohiari. Goizean Alacant aldeko Villena espetxea atzean utzi ostean, 20:30ak inguruan heldu da sorterrira algortarra. Bost urte eta erdi eman ditu preso. Orkrestak girotutako ekitaldian, ohorezko aurreskua, bertsoak, lore sorta eta brindisa opatu dizkiote herrikideek Poli, "Eusko Gudariak" abestuz bukatzeko. Ondoren, bere argazkia Amnistia tabernatik kendu du Asensiok eta, barruan daudenak gogoan, kanpoko jendearen elkartasuna eta babesa zein garrantzitsua den gogoratu du. Tabernara sartu baino lehen, preso eta iheslariak etxeratu arte lanean jarraitzeko deia luzatu du Algortako Herrira bilguneak. Ildo horretan kokatu ditu preso eta iheslari politikoen aldeko eragileak, larunbateko Plazara! ekimena (11:30ean, Algortako Telletxe plazan), eta Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso itzubaltzetarraren askatasuna eta 197/2006 doktrinaren derogazioa exijitzeko igandeko eskualde mailako manifestazioa (13:00etan, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazatik abiatuta. Hori guztia bukatuta, bere argazkia Abian herriko tabernatik kentzera abiatu da Pol.

Ongi etorri Pol!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

2013/05/14

Maiatzaren 16an Pol herrira itzultzen da!

pol-herrira

Kartela jaitsi eta zabaldu (jpg)

Etzi irtengo da kalera Pol Asensio

Argazkian, 2012ko maiatzaren 7an etxera ekarri zuten Pol, Sare alaba txikia ezagutzeko.

Pol Asensio Millan preso politiko algortarra ostegun honetan, maiatzak 16, kalera irtengo da, Alacant aldeko Villena espetxetik. Pol 2007ko azaroaren 30ean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Barrikako bere etxean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Hasiera batean Soto del Realen (Madril, Espainia) espetxeratu bazuten ere, Angela Murillo epaileak sententzia irakurri baino egun batzuk lehenago eraman zuten Navalcarnerora (Madril, Espainia). 2008ko urtarrilaren 2an, berriz, Ocaña I espetxera (Toledo, Espainia) eraman zuten, 2007ko abenduaren 27tik egun horretara Valdemoron (Madril, Espainia) izan ondoren. Eta 2008ko irailaren bukaera eta urriaren hasiera artean Alacantera, Getxo udalerritik 823 kilometrora.

Algortarrari 11 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, "erakunde terroristako kide izatea" egotzita, 18/98 auzian. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, zigorra zazpi urte eta erdira murriztu zion. Hala ere, Etxerat elkarteak behin baino gehiagotan aipatu du hilabetero plazaratzen duen txostenean dagoeneko baldintzapeko askatasunean beharko lukeela Pol.

Espetxean zela aita hil zitzaion Poli, 2009ko urtarrilaren 23an. Kanpoan gertatutako guztiak, ordea, ez dira berri txarrak izan. 2012ko apirilaren erdialdean Sare alaba txikia erditu zuen Iratxe Polen bikotekideak. Preso algortarra maiatzaren 7an izan zen alabatxoa ikusten.

Herrian bat gehiago!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

2013/04/30

Maiatzaren 16an kalera irtengo da Pol Asensio

Argazkian, 2012ko maiatzaren 7an etxera ekarri zuten Pol, Sare alaba txikia ezagutzeko.

Pol Asensio Millan preso politiko algortarra bi aste barru, maiatzaren 16an, kalera irtengo da, Alacant aldeko Villena espetxeti. Oraindik ez dakigu zein ordutan helduko da Algortara. Adi egon. Horren berri izan bezain laster jakinaraziko dugu. Pol 2007ko azaroaren 30ean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Barrikako bere etxean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Hasiera batean Soto del Realen (Madril, Espainia) espetxeratu bazuten ere, Angela Murillo epaileak sententzia irakurri baino egun batzuk lehenago eraman zuten Navalcarnerora (Madril, Espainia). 2008ko urtarrilaren 2an, berriz, Ocaña I espetxera (Toledo, Espainia) eraman zuten, 2007ko abenduaren 27tik egun horretara Valdemoron (Madril, Espainia) izan ondoren. Eta 2008ko irailaren bukaera eta urriaren hasiera artean Alacantera, Getxo udalerritik 823 kilometrora.

Algortarrari 11 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, "erakunde terroristako kide izatea" egotzita, 18/98 auzian. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, zigorra zazpi urte eta erdira murriztu zion. Hala ere, Etxerat elkarteak behin baino gehiagotan aipatu du hilabetero plazaratzen duen txostenean dagoeneko baldintzapeko askatasunean beharko lukeela Pol.

Espetxean zela aita hil zitzaion Poli, 2009ko urtarrilaren 23an. Kanpoan gertatutako guztiak, ordea, ez dira berri txarrak izan. 2012ko apirilaren erdialdean Sare alaba txikia erditu zuen Iratxe Polen bikotekideak. Preso algortarra maiatzaren 7an izan zen alabatxoa ikusten.

Herrian bat gehiago!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

2013/04/08

Salbuespen neurriekin amaitzeko urrats eta konpromiso berriak eskatu dituzte milaka lagunek Bilbon


Bideoa ikusi eta zabaldu

Herrira mugimenduak deituta, milaka pertsonek hartu zuten parte larunbat arratsaldean Bilbon egindako herri mobilizazioan. Bertan, Xabier Lopez Peña galdakoztarraren eta Anjel Figueroa Fernandez algortarraren heriotzak errepikatu ez daitezen, Herrirak salbuespen neurrien etetea eta konponbidea eta bakearen eraikuntzaren aldeko hautua errepikatu zuen.

Amaierako ekitaldian, Fran Baldak eta Marian Meazak hartu zuten hitza Espainia eta Frantziako Gobernuei egun indarrean mantentzen duten espetxe politika aldatzeko enplazamendu argia eginez. Izan ere, salbuespen neurriak bere horretan mantentzea, sufrimendua eta ondorio itzulezin eta tragikoen zorigaiztoko bermea baita. Horrekin batera, gero eta eragile, pertsona, sektore eta instituzio gehiagorekin lan egiteko eta urrats berriak emateko beharra aldarrikatu zuen Herrirak. Ezinbestekoa da espetxe politika aldatu, giza eskubide guztiak errespetatu eta konponbidea eta bakeari aukera bat ematea Euskal Herrian.

Berriro gerta ez dadin. Salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak, irtenbidea, bakea!

Agur Anjel! Agur Xabier! Lortuko dugu!

2013/03/26

Gose greba utzi dute Urtzi Paul eta Sevilla II espetxeko beste 12 preso politikoek

Arkaitz Bellón Blanco gatibu elorrioarra jada beraiekin da eta, gauzak horrela, gose greba utzi dute Urtzi Paul Larrea algortarra eta Sevilla II espetxeko beste 12 preso politikoek, Algortako presoaren gertukoek jakinarazi dutenez.

Urtzi Paul eta Sevilla II espetxeko beste 12 preso politikoek gose greba mugagabea hasi zuten atzo Arkaitz Bellón elorrioarrak jaso zuen jipoia salatzeko. Atzo, itxialdian zeudelarik, Frantziako espetxe batean gertatutako beste eraso bat salatzeko, Arkaitzen ziegara joan ziren funtzionarioak oso era probokatzailean, miaketa egitera, jipoituz eta handik ateraz. Azaroan ere Marcos Martin Ponce GRAPOko presoa jipoitu zuten espetxe berean. Guzti hori salatzeko eta Arkaitzen berri izan artean, gose greba mugagabea hasi zuten. Aipatzea ere asteburu honetan, Sevilla II kartzelan, katxeoak sufritu dituztela bisitara joan diren senide eta lagunek. 

Aski da! Utzi batean euskal preso politiko, senide eta lagunak!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

2013/03/24

Jabi Martinez preso politiko usansoloarraren bi lagunek istripua izan dute Jaengo espetxetik bueltan

Jaengo espetxean preso dagoen Jabi Martinez Izagirre usansoloarra bisitatzetik Euskal Herrira bueltatzen ari ziren bi lagunek istripua izan dute Madrilen. Ezbeharra Cabreran suertatu da txingorraren eraginez beste kotxe batek atzetik jo ondoren. Zorionez, Martinezen bi lagunek ez dute zauri larririk izan, baina autoa erabat txikituta geratu da. Istripuaren ondorioz, Usansolorako bidea taxian egin behar izan dute, horrek dakarren gastu ekonomiko itzelarekin.

Jabi Martinezek 2010an aske geratu behar zuen, baina 197/2006 doktrinaren aplikazioa medio, zigorra 2022 urtea bitartean luzatu zioten. 2013an zehar, euskal preso politikoen senide eta lagunek pairatzen duten bigarren istripua da gaurkoa. 1989an sakabanaketa modu masiboan abiarazi zutenetik 400 baino gehiago dira euskal preso politikoen senide eta lagunek errepidean pairatu dituzten ezbeharrak.

2013/02/27

Sergio Polo preso politiko sopeloztarra isolamendutik atera dute

Argazkian, hileko azken ostiraleko elkarretaratzean Sergio Poloren egoera salatu zuten Sopelan / © Sopelako Herrira.

Sergio Polo Escobes preso politiko sopeloztarra sei hilabetez eduki dute jada lehenengo graduan eta isolamendu moduluan bakar-bakarrik, Kordobako espetxera aldatu zutenetik. Joan den astean, zigorra beste sei hilabetez luzatu ziotela eta urte oso bat isolamenduan mantenduko zutela esan zioten gatibuari, Sopelako Herrirak zabaldu zuenez. Hori salatzeko kanpaina abiarazi zuen preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko bilguneak, Algortako Herriraren laguntzaz. Bada, orain, Polo isolamendutik atera, beste modulu batera eraman eta bi euskal preso politikorekin jarri dute, Sonia Polo bere arrebak jakinarazi duenez. Gauzak horrela, aipatu kanpaina bertan behera utzi dute herri bilguneek. 

2013/02/26

197/2006 dotrinari buruzko bideo-foruma egingo dute ostegunean Itzubaltzetan

Argazkian, otsailaren 15ean 300 auzokidek baino gehiagok salatu zuten Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herriko preso politikoari Parot Dotrina erabiliz espetxe zigorra luzatu izana / cc-by Ukberri.net.

"Zer da 197/2006 dotrina? Zer da Parot dotrina? Zergatik luzatu nahi diote "Kitxu"-ri zigorra, 7 urte gehiago?". Galdera horiei guzti horiei erantzun eman nahi die Itzubaltzetako Herrirak ostegun honetan,  Branka kultur elkartean eskainiko duen bideo-forumaren bitartez. Preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko bilguneak zabaldu duenez, hitzordua arratsaldeko 8etan izango da. Estatu espainolak Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrina aplikatu zion hilaren 14an. Handik hona, hainbat mobilizazio izan dira herrian, "Kitxu"-ren alde eta datorren martxoaren 20ari begira. Tartean, sinadura bilketa. Egun horretan, Estrasburgon egoitza duen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak aztertuko du Ines del Rio preso politikoaren auzian Espainiak jarritako helegitea. Lehenengo ebazpenean, Auzitegiak Tafallako presoa askatzea agindu zuen, 197/2006 dotrinak giza eskubideak urratzen dituelakoan. 

Bidali elkartasun mezuak Sergio Polori! Bidali zure kexa Kordobako espetxeko zuzendaritzari! Parte hartu mobilizazioetan!


Argazkietan, otsaileko azken ostiralean Sergio Poloren egoera salatu dute Sopelan / © Sopelako Herrira

Sergio Polo Escobes preso politiko sopeloztarra sei hilabetez eduki dute jada lehenengo graduan eta isolamendu moduluan bakar-bakarrik, Kordobako espetxean. Bada, aste hauetan jakin izan dute beste sei hilabetez luzatu diotela zigorra eta urte oso bat isolamenduan mantenduko dutela horrek dakarren guztiarekin.

Egoera hori salatzeko astelehenero egiten du kontzentrazioa Sopelako Herrirak, “Sergio isolamenduan. Aski da” lelopean. Halaber, idazki bat prestatu dute Kordobako espetxeko zuzendaritzari bidaltzeko, bertoko herriko tabernan eskuragarri dagoena. Algortako Herriratik ere Sergio Polori elkartasun mezuak bidaltzera animatu nahi zaituztegu.

Helbidea:

Sergio Polo Escobés
C.P. Córdoba (Apdo. 479) 
Módulo de aislamiento
Ctra. Sevilla-Madrid km. 391
14.015 Alcolea
Córdoba


Sergio Poloren egoera salatzeko eskuorria (pdf)

2013/02/23

Kitxuri 197/2006 doktrina ezarri izana salatzeko sinadura bilketa abian da

Argazkian, otsailaren 15ean 300 auzokidek baino gehiagok salatu zuten Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herriko preso politikoari Parot Dotrina erabiliz espetxe zigorra luzatu izana / cc-by Ukberri.net.

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den doktrika aplikatu diote, espetxealdia luzatuz. Egun Valladolideko espetxean, 19 urte daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, orain baliteke 11 urte gehiago barruan eman behar izatea. Hori salatzeko, Itzubaltzetako Herrira bilguneak sinadura bilketa abiatu du, gero udaletxean aurkezteko. Algortako Herrira bilguneak ekimenarekin bat egin eta sinadurak batzen lagunduko du. 

Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan ez ezik, Algortako Amnistia tabernan eta Abian kultur elkartean egongo da sinatzeko aukera.

2013/02/18

Sergio Polo preso sopeloztarrari beste sei hilabetez luzatu diote isolamendua

Argazkian, Sergio Poloren egoera salatu izan dute azken ostiraleko elkarretaratzeetan.

Kordobako kartzelan dagoen Sergio Polo Escobes preso politiko sopeloztarra sei hilabetez eduki dute jada lehenengo graduan eta isolamendu moduluan bakar-bakarrik. Bada, aste hauetan jakin izan dute beste sei hilabetez luzatu diotela zigorra eta urte oso bat isolamenduan mantenduko dutela horrek dakarren guztiarekin. Sopelako Herrirak eraso hau salatzeko komunikatua zabaldu zuen larunbatean. 

Kitxuri elkartasuna adierazi diote ehunaka lagunek

Argazkian, Otsaileko Azken Ostiraleko elkarretaratzerako kartela Itzubaltzetan.

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrak herritarron maitasuna, atxikimendua eta babesa izan du, badauka eta izango du etorkizunean. Horrela azaldu zuten ostiralean Itzubaltzetako Herrira bilguneko kideek herriko Kolas plazan egindako asanblada informatiboan, Ukberri.net agerkari digitalak zabaldu duenez. Presoen eskubideen aldeko ekimenak azaldu zuenez, Estatu espainolak Kitxuri 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrika aplikatu izanak beste behin gerra estrategia eta presoekiko krudelkeria hautatu dituela berresten du. Ekimen horren bidez, euskal presoak, haien senide, lagun eta herritarrak etsitzea eta datorren martxoaren 20an dotrina epaitu behar duen Estrasburgo Giza Eskubideen Auzitegiari presioa egitea bilatzen ditu Estatuak, Itzbaltzetako Herriraren ustez. 

Kitxu askatu!
Biziarteko zigorrik ez!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

2013/02/15

Gaur salatuko dute Kitxuri Parot doktrina ezarri izana


Kartela jaitsi eta zabaldu (jpg)

Egun Valladolideko espetxean, 19 urte daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, "orain baliteke 11 urte gehiago barruan eman behar izatea", Itzubaltzetako Herrira bilguneak zabaldu duenez. Hori salatzeko, manifestazio zaratatsua egingo dute gaur, "Nahikoa da! Biziarteko zigorrik ez!" lelopean. Hitzordua 20:30ean jarri dute Kolas plazan (BBVA). 

Kitxu askatu!
Biziarteko zigorrik ez!

2013/02/14

Parot doktrina aplikatu diote Kitxuri

Argazkian, "Kitxu" maitasunez hartu zuten ehunaka auzokidek abenduaren 24an, Angela Casal Tubet bere ama zenaren hiletan / cc-by Ukberri.net

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politiko itzubaltzetarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den doktrika aplikatu diote, espetxealdia luzatuz, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Getxo eta Egin irratietako kazetari izandakoa, 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein Angel Figueroarekin batera. Ekintzarik burutu ez zuen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. Egun Valladolideko espetxean, 19 urte daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, 197/2006 doktrina ezarri diote, eta oraingoz ez diote irteera data berririk jarri, Etxeratek adierazi duenez. Estrasburgoko Giza eskubideen batzordeak Ines del Rioren kasuaren inguruko ebazpena emandakoan, giza eskubideen aurkako neurria dela argi utzi arren, Espainiak gure senide eta lagunei neurri krudel hau aplikatzen jarraitzen du. Euren eskubideak eta gureak guztiz urratzen dituztelarik, presoen senideen elkarteak salatu duenez.

Hilabete honetan Parot doktrina euskal preso politiko bati aplikatzen dioten hirugarren kasua da honakoa, eta Gonzaloren kasuarekin guztira jada 94 dira 197/2006 doktrinaren aplikatuta euren zigorra bizi osorako luzatu dieten gure senide eta lagunak. 94 hauetatik 74k oraindik preso jarraitzen dute, gainera. Horrenbestez, 197/2006 doktrina bertan behera utzi eta guztion eskubideak errespetatzen has daitezen eskatu du beste behin Etxeratek. 

Kitxu askatu!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!

2013/01/09

Soriako espetxean daukate Josu Rodriguez "Nekora"

Josu Rodriguez Mallabiarrena "Nekora" preso politiko gazte algortarra abenduaren 27an atera zuten Basauriko espetxetik. Dagoeneko Soriako kartzelan daukate, Getxo udalerritik 243 kilometrotara. Poliziak ekainaren 30ean atxilotu zuen Nekora. Espainiako Auzitegi Gorenak ekainaren 15ean lau urtetik hirura murriztu zion zigorra gazteari, haietatik bi hilabete eta bost egun bete zituen 2007an. Kale borroka taldea osatu eta Larrañazubin hainbat zulo egin eta erregaiak gordetzea egotzi zizkion Auzitegi Nazionalak, inkomunikazio egoeran sinarazitako deklarazioetan oinarrituz. 


Helbidea:

Josu Rodriguez Mallabiarrena
C.P. Soria
Pza. Marqués del Saltillo, 1
42071 Soria (Soria)

Nekora askatu!
Preso eta iheslariak herrira!