Jaengo espetxean preso dagoen Jabi
Martinez Izagirre usansoloarra bisitatzetik Euskal Herrira bueltatzen ari ziren bi
lagunek istripua izan dute Madrilen. Ezbeharra Cabreran suertatu da
txingorraren eraginez beste kotxe batek atzetik jo ondoren. Zorionez,
Martinezen bi lagunek ez dute zauri larririk izan, baina autoa erabat
txikituta geratu da. Istripuaren ondorioz, Usansolorako bidea taxian
egin behar izan dute, horrek dakarren gastu ekonomiko itzelarekin.
Jabi Martinezek 2010an aske geratu behar
zuen, baina 197/2006 doktrinaren aplikazioa medio, zigorra 2022 urtea
bitartean luzatu zioten. 2013an zehar, euskal preso politikoen senide
eta lagunek pairatzen duten bigarren istripua da gaurkoa. 1989an
sakabanaketa modu masiboan abiarazi zutenetik 400 baino gehiago dira
euskal preso politikoen senide eta lagunek errepidean pairatu dituzten
ezbeharrak.
Herrira mugimenduaren ustez, garaia da
ondorio atzeraezinak eragin eta giza eskubideak nabarmen urratzen
dituzten salbuespeneko neurriekin amaitzeko. Euskal preso politikoen
senide eta lagunek ezin dute astebururo euren bizitzak arriskatzen
jarraitu. Egoera honek sufrimendua, samina, antsietatea, beldurra eta
gastu ekonomiko itzela eragiten ditu milaka pertsonengan. Horiek
horrela, salbuespenen neurriekin amaitzea giza eskubide guztien
errespetuan sakondu eta bakea eta konponbideari aukera bat ematea
suposatzen du. Euskal jendartearen gehiengoak era masiboan babesten
dituen eskakizunak dira. Ondorioz, agertoki berriak sortzeko
konpromisoen biderkaketarako ahalegin guztiak egingo dituela berresten
du Herrirak.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.