Showing posts with label istripuak. Show all posts
Showing posts with label istripuak. Show all posts

2013/04/08

Salbuespen neurriekin amaitzeko urrats eta konpromiso berriak eskatu dituzte milaka lagunek Bilbon


Bideoa ikusi eta zabaldu

Herrira mugimenduak deituta, milaka pertsonek hartu zuten parte larunbat arratsaldean Bilbon egindako herri mobilizazioan. Bertan, Xabier Lopez Peña galdakoztarraren eta Anjel Figueroa Fernandez algortarraren heriotzak errepikatu ez daitezen, Herrirak salbuespen neurrien etetea eta konponbidea eta bakearen eraikuntzaren aldeko hautua errepikatu zuen.

Amaierako ekitaldian, Fran Baldak eta Marian Meazak hartu zuten hitza Espainia eta Frantziako Gobernuei egun indarrean mantentzen duten espetxe politika aldatzeko enplazamendu argia eginez. Izan ere, salbuespen neurriak bere horretan mantentzea, sufrimendua eta ondorio itzulezin eta tragikoen zorigaiztoko bermea baita. Horrekin batera, gero eta eragile, pertsona, sektore eta instituzio gehiagorekin lan egiteko eta urrats berriak emateko beharra aldarrikatu zuen Herrirak. Ezinbestekoa da espetxe politika aldatu, giza eskubide guztiak errespetatu eta konponbidea eta bakeari aukera bat ematea Euskal Herrian.

Berriro gerta ez dadin. Salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak, irtenbidea, bakea!

Agur Anjel! Agur Xabier! Lortuko dugu!

2013/04/02

Larunbatean salbuespen neurrien aurkako herri mobilizazioa izango da Bilbon

Herrira mugimenduak agerraldi masiboa egin du gaur Bilbon Xabier Lopez Peñaren heriotza eta indarrean dagoen espetxe politikaren ondorio latzak salatzeko. Bertan, Nagore Garciak eta Beñat Zarrabeitiak hartu dute hitza, mezu argi bat helaraziz: Berriro gerta ez dadin. Ez dugula heriotza eta sufrimendurik nahi, konponbidea eta bakea eraikitzeko garaia da. Zentzu horretan, espetxe politika oztopo nabaria da eta horren erakusle dira Xabier Lopez Peña eta Anjel Figueroaren heriotzak, larri gaixo dauden presoen egoera, 197/2006 doktrina, sakabanaketak eragindako istripuak edo Muret, Sevilla eta Puerto III-ko espetxetan euskal presoek pairatutako jipoiak.

Bide horretan, ezinbestekoa da Xabier Lopez Peñaren kasuan gertatutakoa argitu eta indarrean dauden salbuespen neurriak etetea. Helburu horrekin, Herrira mugimenduak honako mobilizazioak deitu ditu:

- Apirilak 4, osteguna: 12:00etan elkarretaratzea Frantziak Bilbon duen kontsulatuaren aurrean. Kexa formal bat entregatuko diogu kontsulari.
- Apirilak 5, ostirala: Elkarretaratzeak Basauri, Galdakao, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruñea, Donibane Garazi, Baiona, Donibane Lohitzune, Maule eta Hasparnen.
- Apirilak 6, larunbata: Herri mobilizazio isila Bilbon. “Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea” lemapean. Hitzordua 17:30ean Casillatik.

2013/03/24

Jabi Martinez preso politiko usansoloarraren bi lagunek istripua izan dute Jaengo espetxetik bueltan

Jaengo espetxean preso dagoen Jabi Martinez Izagirre usansoloarra bisitatzetik Euskal Herrira bueltatzen ari ziren bi lagunek istripua izan dute Madrilen. Ezbeharra Cabreran suertatu da txingorraren eraginez beste kotxe batek atzetik jo ondoren. Zorionez, Martinezen bi lagunek ez dute zauri larririk izan, baina autoa erabat txikituta geratu da. Istripuaren ondorioz, Usansolorako bidea taxian egin behar izan dute, horrek dakarren gastu ekonomiko itzelarekin.

Jabi Martinezek 2010an aske geratu behar zuen, baina 197/2006 doktrinaren aplikazioa medio, zigorra 2022 urtea bitartean luzatu zioten. 2013an zehar, euskal preso politikoen senide eta lagunek pairatzen duten bigarren istripua da gaurkoa. 1989an sakabanaketa modu masiboan abiarazi zutenetik 400 baino gehiago dira euskal preso politikoen senide eta lagunek errepidean pairatu dituzten ezbeharrak.

2012/05/02

Etxerat elkarteak sakabanaketa politika salatu du

Argazkian, gaurko prentsaurrekoa / © Etxerat

Tamalez, beste behin ere sakabanaketa politikoaren ondorioak salatzeko bildu gara hemen. Pasa den asteburuan sakabanaketaren ondorioz euskal preso politikoen senide eta lagunek hiru istripu izan ditugu.Eta laugarren istripu bat gertatzeko zorian egon zen. Izan ere, Eider Perez presoaren senide batzuei oreretarra Cordobako espetxera bisitatzera zihoazela, Burgos parean, gurpila lehertu zitzaien. Kasu honetan, zorionez autoaren kontrola ez galtzea lortu zuten, baina, ozta-ozta iritsi ziren bisitara. Eta Iñaki Arakama, Oskar Calabozo, Gorka Vidal, Iñaki Alonso, Txetxu Barrios eta Iñaki Beaumont presoen bederatzi senide eta lagun izan dira istripuak jasan dituztenak. Calabozo, Vidal eta Alonso presoen senide eta lagunek izandako istripuan, gainera, autoak jasandako kalteez gain, senide eta lagunek izandako kalte fisikoak gehitu behar zaizkie. Izan ere, kolpeen ondorioz hirurek lepokoa dute eta Alonsoren arrebak traumatismo kraneo-enzefaliko arina du. Jada 2012. urtean sakabanaketa politikak zazpi istripu eragin ditu. Eta duela 23 urte martxan jarri zenetik 16 senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan eta ehunka izan dira pairatu behar izan ditugun istripuak. Zenbatu ezinak dira senide eta lagunok pairatu ditugun kalte fisiko, sikologiko eta ekonomikoak. 

2012/04/29

Sakabanaketak asteburu honetako bigarren istripua eragin du

Kordobako espetxean aurkitzen diren Oscar Calabozo (Trapaga) eta Gorka Vidal (Zaratamo) presoen lagun banak, eta Iñaki Alonso (Portugalete) presoaren arrebak istripua izan dute Bilbo ondoko A8 errepidean, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Ezbeharra igande goizeko 3:30ean izan da. Kotxearen kontrola galdu, biraka hasi eta errepideko erdibidearen aurka jo dute senide eta lagunek. Ondorioz, lepoan eta buruan kolpeak jaso dituzte hiru lagunek eta kotxeak kolpe handia du atzealdean. Istripua izan ostean, goizeko 4:30ean senide eta lagunak Gurutzetako ospitalean izan dira froga egiteko, eta 7:30ean alta jaso dute. Kolpeen ondorioz hirurek lepokoa dute eta Alonsoren arrebak traumatismo kraneo-enzefaliko arina.
 
Larunbatean, berriz, Oihana Belokik, Txetxu Barrios Atarrabiako presoaren lagunak, eta Richard Etxeberriak, Iñaki Beaumont Iruñeako presoaren osabak auto istripua izan zuten 13:00ak inguruan, Granadako Albolote espetxean bisita bat burutu eta etxera abiatu zirenean. Espetxetik gertu, bidegurutze batean autoaren kontrola galdu eta buelta bat eman ondoren, olibondo baten aurka joan ziren. Autoaren kontrola galtzearen arrazoia eguraldia izan zen, errepidea bustita baitzegoen. Kotxean zihoazen bi lagunek ez zuten kalte fisikorik izan, baina autoak kalte handiak ditu.