Kordobako espetxean aurkitzen diren Oscar Calabozo (Trapaga) eta Gorka Vidal (Zaratamo) presoen lagun banak, eta Iñaki Alonso (Portugalete) presoaren arrebak istripua izan dute Bilbo ondoko A8 errepidean, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Ezbeharra igande goizeko 3:30ean izan da. Kotxearen kontrola galdu, biraka hasi eta errepideko erdibidearen aurka jo dute senide eta lagunek. Ondorioz, lepoan eta buruan kolpeak jaso dituzte hiru lagunek eta kotxeak kolpe handia du atzealdean. Istripua izan ostean, goizeko 4:30ean senide eta lagunak Gurutzetako ospitalean izan dira froga egiteko, eta 7:30ean alta jaso dute. Kolpeen ondorioz hirurek lepokoa dute eta Alonsoren arrebak traumatismo kraneo-enzefaliko arina.
Larunbatean, berriz, Oihana Belokik, Txetxu Barrios Atarrabiako presoaren lagunak, eta
Richard Etxeberriak, Iñaki Beaumont Iruñeako presoaren osabak auto
istripua izan zuten 13:00ak inguruan, Granadako Albolote espetxean
bisita bat burutu eta etxera abiatu zirenean. Espetxetik gertu,
bidegurutze batean autoaren kontrola galdu eta buelta bat eman ondoren,
olibondo baten aurka joan ziren. Autoaren kontrola galtzearen arrazoia
eguraldia izan zen, errepidea bustita baitzegoen. Kotxean zihoazen bi
lagunek ez zuten kalte fisikorik izan, baina autoak kalte handiak ditu.
Honakoak 2012an senide eta lagunek izan duten
bosgarren eta seigarren istripuak dira. Euskal
Herriko gehiengo sindikal, sozial eta politikoak aho batez sakabanaketa
politikaren eta presoei ezartzen zaizkien salbuespenezko neurrien
aurkako jarrera azaltzen duten bitartean, senide eta lagunen biziak
arriskuan jarraitzen du une oro.
Sakabanaketarik ez!
Preso eta iheslariak herrira!
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.