Argazkian, apirileko azken ostiraleko kontzentrazioa Algortan.
Ezer baino lehen, argi dugu Gobernuaren aldetik datozen mugimendu eta
adierazpenak euskal gizartearen borondatearen eta mobilizazioaren emaitza
direla. Espainiako Gobernuak modu batera edo bestera mugitu beharra du
euskal preso politikoei dagokionez, Euskal Herrian egoera hau mantentzea
esplikaezina delako gaur gaurkoz. Euskal gizartearen gehiengoa euskal preso
politikoen eskubideak errespetatzearen alde dago. Horren erakusle dira azken
hilabeteotan preso eskubideen alde burutzen ari diren mobilizazio jendetsua..
Zentzu honetan, Gobernua urrats egokiak ematera bultzatzera behartzeko
beharrezkoa izango da herritarren aktibazioa eta mobilizazioa aurrerantzean
ere.
Gobernuak mugitzen ari dela erakutsi nahi du, mugitu gabe. Gobernuaren plan
berriak betiko gabezia nabarmenak dituela uste du Herrirak. Euskal preso
politikoen Giza Eskubideen errespetua bestelako baldintza eta eztabaidekin
nahastea ez dugu egokia ikusten. Giza Eskubideen urraketa larriak ematen dira
Espainiako eta Frantziako espetxeetan, eta honekin amaitzea beharrezkoa da
egoerak okerrera egin aurretik. Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea,
Bizi Osorako zigorraren derogazioa eta sakabanaketaren amaitzea gizabidezko
eskaerak direla uste dugu, Euskal Herrian gehiengo zabal batek babestuak.
Giza eskubideei ezin zaizkie muga politikoak ezarri. Giza Eskubideak
errespetatzeko dira.
Behin Giza Eskubideen onarpena eman ondoren, konponbide prozesuaren
baitan elkarrizketak abiatu beharko lirateke euskal preso eta iheslarien
itzuleraz hitz egiteko. Benetako bake eta konponbide egoera batek gatazkaren
ondorio guztien konponketa egoki bat eskatzen du, tartean preso eta iheslariei
dagokiena.
Amaitzeko, mobilizazioaren garrantzia azpimarratuz, maiatzaren 19an plazak
betetzeko proposamena luzatzen diegu herritarrei. Gizartea mugitzeak baitakar
agintariak mugitzea.
Eskerrik asko.
Herrira
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.