2013/04/02

Larunbatean salbuespen neurrien aurkako herri mobilizazioa izango da Bilbon

Herrira mugimenduak agerraldi masiboa egin du gaur Bilbon Xabier Lopez Peñaren heriotza eta indarrean dagoen espetxe politikaren ondorio latzak salatzeko. Bertan, Nagore Garciak eta Beñat Zarrabeitiak hartu dute hitza, mezu argi bat helaraziz: Berriro gerta ez dadin. Ez dugula heriotza eta sufrimendurik nahi, konponbidea eta bakea eraikitzeko garaia da. Zentzu horretan, espetxe politika oztopo nabaria da eta horren erakusle dira Xabier Lopez Peña eta Anjel Figueroaren heriotzak, larri gaixo dauden presoen egoera, 197/2006 doktrina, sakabanaketak eragindako istripuak edo Muret, Sevilla eta Puerto III-ko espetxetan euskal presoek pairatutako jipoiak.

Bide horretan, ezinbestekoa da Xabier Lopez Peñaren kasuan gertatutakoa argitu eta indarrean dauden salbuespen neurriak etetea. Helburu horrekin, Herrira mugimenduak honako mobilizazioak deitu ditu:

- Apirilak 4, osteguna: 12:00etan elkarretaratzea Frantziak Bilbon duen kontsulatuaren aurrean. Kexa formal bat entregatuko diogu kontsulari.
- Apirilak 5, ostirala: Elkarretaratzeak Basauri, Galdakao, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruñea, Donibane Garazi, Baiona, Donibane Lohitzune, Maule eta Hasparnen.
- Apirilak 6, larunbata: Herri mobilizazio isila Bilbon. “Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea” lemapean. Hitzordua 17:30ean Casillatik.


Herrirak gaur irakurritako adierazpena:

Egunon guztioi,

Gaurkoa, Xabier Lopez Peñaren heriotza eta euskal preso politikoek modu iraunkor eta bortitzean pairatzen dituzten giza eskubideen urraketak salatzeko mobilizazio ezberdinen berri emango dizuegu. Protesta hauen bitartez mezu argi bat helarazi nahi dugu: Inoiz gehiago ez. Berriro gerta ez dadin. Ez dugu heriotza gehiagorik nahi, ez dugu sufrimendu gehiago nahi. Bide horretan, Espainiak eta Frantziak egun mantentzen dituzten jarrera extremistak alboratu eta euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak eten behar dituzte. 

Espainiar eta frantziar espetxetan, zigor amaigabeak, bizi baldintza gogorrak eta salbuespen neurriak gaixotasun iturri dira. Presoek pairatzen duten egoeren ondorioz, diagnostikoak eta patologiak okerrera egiten dute. Osasun asistentzia egokia jasotzeko zailtasunak, tratamendu egoki bat izateko ezintasuna, funtzionarioen presioa, erasoak, zigorrak eta isolamenduan emandako egunek egoera gaiztotu eta zaildu besterik ez dute egiten. 

2008ko maiatzean atxilotu zutenik, Xabier Lopez Peña Paris inguruko espetxetan sakabanakatuta egon da. Beti, euren senide eta gertukoengandik 1.000 kilometrotara, bizi baldintza eta erregimen berezituarekin, bihotzean zituen arazoak konpontzeko tratamendu egokirik gabe eta konfidantzako medikuen asistentzia jasotzeko aukera barik. 

Preso eman dituen bost urte hauetan, Frantziar Estatuak ez du inolaz ere bere osasun asistentzia egokia jasotzeko eskubide errespetatu. Eta bere bizitzako azken hiru asteetan egin ziotena, giza eskubideen urraketa lazgarria izateaz gain, erabat ez gizatiarra da: 

• Ez familiak ez beste inork ez zuen bere ingresoaren berri izan erietxera eraman eta zortzi egun igaro ziren arte. Alarma gorria berarekin espetxean zeuden gainontzeko euskal preso politikoek eman zuten. Xabier Lopez Peñaren senideek Pariseko Ospitale guztietan bilatu behar izan zuten. Hau da, martxoaren 11a eta 19a bitartean, Xabier Lopez Peña desagertuta egon zen. Bakarrik, isolatuta, espainiar eta frantziar poliziaz inguraturik. 

• Aurkitu zutenetik, ez senideek ez abokatuak ezin izan dute bere osasun egoeraren berri zehatzik izan. Izan ere, Fleury Merogiseko espetxeko eta Pitié-Salpetriere erietxeko arduradunen jarrera ulergaitza da. Xabier Lopez Peñaren egoera zein zen uneoro izkutatu dute, ez dute parte mediku bakar bat ere jakinarazi eta senideekin izan beharreko kontaktua oztopatzen saiatu dira. Familiak ez du Xabier Lopez Peña bizirik ikusteko aukerarik izan eta bere heriotzaren berri gertatu eta 12 ordutara jakin zuten. Momentuz, ez diete gorpua ikusten utzi eta autopsian ez zen familiaren konfidantzazko medikurik izan. 

• Gertakari guzti hauek Euskal Herritik 1000 kilometrotara jazo izanak, indefensio eta sufrimendu gehigarria suposatu du Xabier Lopez Peñaren ingurune hurbileko guztientzat. Horiek horrela, Frantziako administrazioaren jarrera erabat salagarria iruditzen zaigu eta kasu honek dituen hainbat puntu ilunen inguruko argipenak eskatzen ditugu. Eta eskari nagusi bat, berriro gertatu ez dadila. 

Xabier Lopez Peñak pairatutako eta bere senideak sufritzen ari direna, espainiar eta frantziar Estatuek espetxe politikaren bitartez euskal preso politikoen aurka erabiltzen duten dohaneko biolentziaren argazkia da. 2013ko martxoak, zoritxarrez, irudi lazgarri gehiago utzi dizkigu: Anjel Figueroaren heriotza, Muret, Puerto III eta Sevillako espetxetan euskal presoek pairatutako jipoiak edo Jabi Martinez Izagirre presoaren senideek Jaenetik bueltan izandako istripua. 

Mendekua, giza eskubideen urraketaren eta sufrimenduaren politika da. Euskal jendartea zigortu eta konponbidea eta bakea erdiesteko bidea blokeatzeko helburu zitalak dituena. 

Egoera oso larri baten aurrean gaude eta ebidentea da Espainiako Alderdi Popularrak eta Frantziako Alderdi Sozialistak abian mantentzen duten errusiar erruletak edozein momentutan biktima berriak eragin ditzake. 15 dira larri gaixo dauden presoak, zigor luzeekin eta horietako bosti 197/2006 doktrina aplikatu diete. Horrekin batera, era orokortu batetan euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespeneko neurriek tragediarekin jolasten duten etengabe. 

Ez dugu sufritzen jarraitu nahi, ez heriotza gehiagorik nahi, beraz salbuespen neurriekin amaitzea exijitzen dugu. Gatazka konpontzeko espetxe politikaren aldaketa beharrezkoa da, ezinezkoa da espetxe politikaren ankerkeriaren bidez egoera are gehiago okertzea. 

Espainia eta Frantziako gobernuek giza eskubideekiko duten errespetu faltaren aurrean, Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalei zein instituzioei ezberdinei aurrera urrats bat emateko eskaera egiten diegu. Horrela, guztion artean, amakomuniko premiazko neurriak adostu eta espetxe politikaren aldaketa eragiteko. 

Azkenik, euskal jendarteari neurri anker eta ez gizatiar hauen aurkako jarrera eta indignazioa kalean adierazteko deia luzatzen diegu. Modu kontundente bezain baketsuan, berriro gerta ez dadin aldarrikatu eta giza eskubideen errespetua, konponbidea eta bakeari baiezko borobila emateko. 

Mila esker 

Herrira

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.