Herrira mugimenduak agerraldi masiboa
egin du gaur Bilbon Xabier Lopez Peñaren heriotza eta indarrean dagoen
espetxe politikaren ondorio latzak salatzeko. Bertan, Nagore Garciak eta
Beñat Zarrabeitiak hartu dute hitza, mezu argi bat helaraziz: Berriro
gerta ez dadin. Ez dugula heriotza eta sufrimendurik nahi, konponbidea
eta bakea eraikitzeko garaia da. Zentzu horretan, espetxe politika
oztopo nabaria da eta horren erakusle dira Xabier Lopez Peña eta Anjel Figueroaren
heriotzak, larri gaixo dauden presoen egoera, 197/2006 doktrina,
sakabanaketak eragindako istripuak edo Muret, Sevilla eta Puerto III-ko
espetxetan euskal presoek pairatutako jipoiak.
Bide horretan, ezinbestekoa da Xabier Lopez Peñaren kasuan
gertatutakoa argitu eta indarrean dauden salbuespen neurriak etetea.
Helburu horrekin, Herrira mugimenduak honako mobilizazioak deitu ditu:
- Apirilak 4, osteguna: 12:00etan elkarretaratzea Frantziak Bilbon duen
kontsulatuaren aurrean. Kexa formal bat entregatuko diogu kontsulari.
- Apirilak 5, ostirala: Elkarretaratzeak Basauri, Galdakao, Bilbo,
Gasteiz, Donostia, Iruñea, Donibane Garazi, Baiona, Donibane Lohitzune,
Maule eta Hasparnen.
- Apirilak 6, larunbata: Herri mobilizazio isila Bilbon. “Berriro gerta
ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea”
lemapean. Hitzordua 17:30ean Casillatik.
