Showing posts with label anjel figueroa. Show all posts
Showing posts with label anjel figueroa. Show all posts

2013/04/06

EPPK: "Espetxe politika hiltzailea"

Argazkian, martxoaren 15ean, iluntzean, 800 lagun baino gehiago batu ziren Anjel Figueroaren heriotza salatu eta preso politiko gaixoak orain aska ditzatela aldarrikatzeko.

Martxoaren 14an hil da etxean preso, Anjel Figueroa. Gaixorik, espetxetik irtetea lortu arren Espainiako espetxe administrazioaren menpe eta haren ardurapean zendu baita. Gobernu espainiarraren ardurapean. 

Beste heriotza segidan, Xabier Lopez Peñarena. Frantziar espetxe eta justizia administrazioaren ardurapean. Eri zen, eta kalean behar zuenean hil da preso. Ezin pasatzen utzi, frantses arduradunen jokaera laidogarri eta makabroa, beste behin ere. Bahiturik, isolaturik, azken arnasetan non eta nola zegoen senideei informazioa ukatuz. Baita hil geroztik ere, maltzurki. 

Gure dolumin sentikorrenak bion senide eta lagunei! 

Bi heriotz berri, espetxe politikaren zerrenda luzean. Eri ziren biak, espetxe politikak erahil ditu biak. Espetxe politika hiltzailea baita! Sakabanaketa hiltzailea baita! Heriotz zigorrak arduradun zehatzak ditu. Estatuen gerra estrategian murgildurik dirautenak. Euskal presookin politika kriminala gauzatzen jarraitzen dutenak. Gatazka politikoa eta bere ondorioak ETAri leporatzen diotenak. Diskrezioa lege eta legea diskrezional egiten dutenak eta bi zerraldo berrion aurrean ere ardura saihestu nahi izan dutenak. Inmunitate politiko eta penala betiereko uste dutenak. 

Konponbideari bizkar ematen jarraitzen baitiote. Gertaera hauen testuinguruan, ETA eta Gobernu espainolak (PSOE) konponbiderako irekitako gunearen deuseztapena iragarri du ETAk; salatu duenez, boterean den Gobernuaren (PP) temakeriaren ondorioz. Egoera politikoa larria da konponbide demokratikoaren alde gaudenontzat, gatazka luzatzeko arriskua handia baita. 

Heriotzon artean aldiz, Iruñea-Bilbon Gatazkaren konponbidearen Foro soziala izan da. Gatazkaren ondorioen inguruan nazioarteko esperientzia eta irakaspenak ekarri dira, gogoeta sakonduz. Konponbidea zaildu eta atzeratzea behartu nahi gaituzte, baina konponbide demokratikoaren aldeko ahalegin eta indar oro bide berriak irekitzeko oinarri garrantzitsua dira. Aieteko adierazpena nazioartean modu esanguratsuan jasotzen ari den babesa bezala. Estrasburgoko auzian, oraino ‘injinaritza juridiko’rako tartea badutela aurreratu arren, espetxealdia luzatzeko doktrinaren kontrako posizionamendu sozial eta insitituzional zabala bezala. Herriaren, herritarren erantzun eta mobilizazio iraunkorrak bezala. 

Heriotz hauei beste gertakariak gehitu nahi dizkiegu, salaketa ohar honetan. Jaengo espetxetik bueltan Jabi Martinez kidearen lagunek izandako istripua, sakabanaketaren hamaikagarrena! Eta Joseba Vizan errefuxiatuaren aitagiarreba Jose Marcoren heriotza, hura bisitatzera joana Brasil urrunera. 

Saminak eta amorruak ez digu norabidea lausotuko. Konpromisoa hartu du EPPK-k eta bururaino eramango dugu. Egoeraren larritasunak eta gertaera hits hauek orain tamainako erantzuna behar dute. Herriak ez du barkatuko! 

Inoiz baino ozenago, Euskal Presoak Euskal Herrira! Sakabanaketa hiltzailea! Amnistia, autodeterminazioa!

EPPK
Euskal Herria bihotzean, 2013ko apirilan

2013/04/02

Larunbatean salbuespen neurrien aurkako herri mobilizazioa izango da Bilbon

Herrira mugimenduak agerraldi masiboa egin du gaur Bilbon Xabier Lopez Peñaren heriotza eta indarrean dagoen espetxe politikaren ondorio latzak salatzeko. Bertan, Nagore Garciak eta Beñat Zarrabeitiak hartu dute hitza, mezu argi bat helaraziz: Berriro gerta ez dadin. Ez dugula heriotza eta sufrimendurik nahi, konponbidea eta bakea eraikitzeko garaia da. Zentzu horretan, espetxe politika oztopo nabaria da eta horren erakusle dira Xabier Lopez Peña eta Anjel Figueroaren heriotzak, larri gaixo dauden presoen egoera, 197/2006 doktrina, sakabanaketak eragindako istripuak edo Muret, Sevilla eta Puerto III-ko espetxetan euskal presoek pairatutako jipoiak.

Bide horretan, ezinbestekoa da Xabier Lopez Peñaren kasuan gertatutakoa argitu eta indarrean dauden salbuespen neurriak etetea. Helburu horrekin, Herrira mugimenduak honako mobilizazioak deitu ditu:

- Apirilak 4, osteguna: 12:00etan elkarretaratzea Frantziak Bilbon duen kontsulatuaren aurrean. Kexa formal bat entregatuko diogu kontsulari.
- Apirilak 5, ostirala: Elkarretaratzeak Basauri, Galdakao, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruñea, Donibane Garazi, Baiona, Donibane Lohitzune, Maule eta Hasparnen.
- Apirilak 6, larunbata: Herri mobilizazio isila Bilbon. “Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea” lemapean. Hitzordua 17:30ean Casillatik.

2013/03/22

Anjel Figueroa gogoan preso eta iheslarien aldeko kilometro erdian


Argazkiak ikusi

Algortako Herrira bilguneak metro geltoki parean hartu du Korrika, Sarrikobaso kaleko BBKra bitartean preso eta iheslari politikoei euskara emateko. Amnistia tabernatik igarotzean joan den ostegunean zendutako Anjel Figueroa Fernandez preso gaixoa gogora ekarri dute bertan bildutakoek kartelak ateraz eta bertan jarritako pankarten bitartez, korrika zihoazenek txaloka erantzuten zuten bitartean. Jon Rosales Palenzuela eta Iker Beristain Gutierrez espetxetik ateratako azken preso algortarrek eraman dute lekukoa.

Anjel gogoan zaitugu!
Preso eta iheslari politikoak herrira!

2013/03/15

Agur eta ohore, Anjel!


Ikusi argazki bilduma

Gaur iluntzean, 800 lagun baino gehiago batu gara Anjel Figueroaren heriotza salatu eta preso politiko gaixoak orain aska ditzatela aldarrikatzeko.

Hona hemen irakurritako idatzia:

Agur eta Ohore, Anjel! 

Minak eta amorruak batu gaitu gaurkoan hemen. Gure herrikide Anjel Figueroa preso politiko gaixoa atzo zendu zen etxean espetxeratze arindu egoeran, 41 urte baino ez zituela. 

Lehenik eta behin doluminak eta elkartasun guztia adierazi nahi diegu bere senide, lagun eta hurbilekoei. 

Internazionalista zen Anjel. Beste herri batzuetan egonda sakonago ezagutzea tokatu izan zaigu. Adibidez, Argentinan egonda diasporako kideek egindako presoei gutunkada batean, han zegoen eta erreferentziaz ezagutzen zuen beste algortar baten eskuetan, hamarna gutun artean, Anjelena jauzi zenean. Gutunaren azalean, Aixerrotako labarra, landak... Edota Kuban ibili zenean euskal brigada internazionalista batean. 

Auzolanaren defendatzaile sutsua zen ere, gure Anjel. Sarritan entzun diogu sasoi bateko Euskal Herriko auzolana hura, asanblearioa, hitza guztiei zabalik, lana denon artean egitekoa... 

Anjel zirikatzaile eta ironikoa zen. "Kartzelero" deitu zion kartzelero bateri, auzitara jo eta irabazi egin zuen, etsaiaren terrenoan ere "kartzelero" deitzeko eskubidea. Hortik aurrera esaten omen zion "ez baduzu nahi kartzelero deitzerik utzi zure kartzelan lan egiteari". 

Txikiaren maitale eta erreibindikatzailea zen Anjel. Kalera ateratako bere lanetako batean, mugimendu independentistaren hausnarketa kritikoa egiten zuen, hirietan ematen diren harremanak oso zailak zirela eta benetako iraultza bat egiteko. Herri txikietatik hasi beharra zegoela esan egin zuen, batean edo bestean. 

Militantea zen Anjel. Gorputz eta arimez. Horregatik hartu zuen hartu zuen konpromisoa. Militanteok ditugu, gure ibilian irabazi eta galerak, garaipenak eta derrotak, kolektiboak eta indibidualak. Baina, bene-benetan, bere errotik sentitzen zuen, pentsatzen zuen itotzen gaituen gizarte hau aldatu eta libre, euskaldun, sozialista bat eraiki beharrean gaudela. 

Bakarrik sentitu omen izan da Anjel, azken sasoietan. Hala esan dosku familiak, eta hala esan omen du berak ere. Ikas dezagun horretatik, babes dezagun gure burua, maita gaitezen beharra dugunean, hitz egin dezagun, tartea hartu beste barik egoteko, filosofatzeko, batera izateko, kide sentitzeko.

Ez dugu ahaztu behar heriotza hau espetxe politika hiltzaile baten ondorio zuzena dela. Bere amama hil zuen espetxe politikaren ankerkeria berak areagotu zuen Anjelen gaixotasuna, zoritxarrez denok bildu gaituen egoerara eraman duen arte. 

Betira arte Anjel. Maite zaitugu.

Elkartasuna Urduliztik. Mila esker bihotz-bihotzez!


Ikusi argazkiak

Arratsaldeko 6etan zabalduko dute Anjel Figueroaren hil kapera


Anjel Figueroaren heriotzaren salaketa (argazki bilduma)

Arratsaldeko 6etan irekiko dute Anjel Figueroa Fernandez euskal preso politiko gaixoaren hil kapera, Algortako Etorbideko 69. zenbakian dagoen Sarria beilatokian. Gaueko 9ak arte egongo da zabalik. 20:00etan, berriz, kontzentrazio isila izango da Telletxe plazan, Algortako herritarrek deituta. Iruñean ere elkarretaratzea deitu dute, "Espetxe politikak hil egiten du. Gaixo dauden presoak kalera orain!" lelopean. Hitzordua 20:30ean jarri dute PPren egoitzaren aurrean. Bitartean, espetxe politikaren kontrako zein Anjelen aldeko pintaketez, kartelez eta dolu-xingola beltzadun ikurrinez agertu da goizetik Algorta. Gainera, hainbat eragilek gaurko aurreikusita zeuzkaten ekitaldiak bertan behera utzi dituzte, tartean Uribe Kostako EH Bilduk, Getxoko Bilduk eta Algortako Gazte Asanbladak. 

Atzo 14:30 aldera hilik aurkitu zuten Anjel Figueroa Fernandez euskal preso politikoa bere etxean. Algortarra espetxeratze arinduan zuten preso, epilepsia bezalako gaixotasun larria pairatzen baitzuen. 41 urte zituen soilik eta preso eman du ia bizi erdia, 1994an atxilotu zutenetik.

Anjel, agur eta ohore!
Preso gaixoak libre orain!

Anjel Figueroaren heriotza salatzeko kontzentrazio isila izango da gaur Algortan

Argazkian, Anjel Figueroa Txagorritxu ospitalean.

Ostegun honetan, 14:30 aldera hilik aurkitu dute Anjel Figueroa Fernandez euskal preso politikoa bere etxean. Algortarra espetxeratze arinduan zuten preso, epilepsia bezalako gaixotasun larria pairatzen baitzuen. 41 urte zituen soilik eta preso eman du ia bizi erdia, 1994an atxilotu zutenetik. Sakabanaketaren krudelkeriak ere gogor astindu zuen Anjel eta bere familia. Bere amama, Antonia Hernandez Rodriguez, 1997ko martxoaren 14an hil zen auto istripu batean Alcala-Meco espetxera bidean, bere biloba bisitatzera zihoanean. 

Mina eta haserrea eragin du Anjelen heriotzak. Etxerat presoen senideen elkarteak, Herrira mugimenduak eta Sortu alderdiak doluminak adierazi dizkiete presoaren senideei. Euskal preso politikoen aurka erabiltzen den espetxe politika krudelak hil egiten duela ohartarazi dute Herrirak eta Sortuk; Figueroa dela horren azken froga. Hortaz, giza eskubideak oinarri izango dituen bidea abiatu dadila aldarrikatu dute. Espetxe politika zein Figueroaren heriotza salatzeko datozen egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Sortuk. Besteak beste, gaur ostirala, kontzentrazio isila izango da, 20:00etan, Telletxe plazan, Algortako herriak deitua.

2013/03/14

Anjel Figueroa hil egin da

Anjel Figueroa Fernandez euskal preso politikoa hil egin da, gertuko iturriek adierazi digutenez. Gaixotasun larri eta sendaezina zuen gatibu algortarra Langraizko espetxetik atera eta etxera eraman zuten 2008ko azaroaren 12an, bertan zigorra bete zezan.

Gehiago jakin ahala eman dugu horren berri.

Bitartean, une latz hauetan, dolumin eta berotasun sentituenak helarazi nahi dizkie Anjelen senide eta lagunei Algortako Herrira bilguneak.

2012/12/19

Ospitalean da Anjel Figueroa

Anjel Figueroa Fernandez algortarra ospitalean dago, bi atake epileptiko izan ostean, gertukoek adierazi dutenez. Bertan utzi dute hainbat proba egin behar dizkiotelako. Anjel etxean daukate preso, espetxe arindu egoeran. Gaixotasun larri eta sendaezina duen preso politiko algortarra Langraizko espetxetik atera eta etxera eraman zuten 2008ko azaroaren 12an, bertan zigorra bete dezan.

2012/12/06

Anjel Figueroaren urtebetetzea. Zorionak!

Anjel Figueroa euskal preso politikoaren urtebetetzea da gaur, abenduak 6. Aukera ona ere bada, urteak egiteaz batera beren konpromisoan eredugarri dugun pertsona berezi honi zorionak eta eskerrak eman eta gure elkartasuna adierazteko.

Anjel Figueroa etxean daukate preso, espetxe arindu egoeran. Gaixotasun larri eta sendaezina duen preso politiko algortarra Langraizko espetxetik atera eta etxera eraman zuten 2008ko azaroaren 12an, bertan zigorra bete dezan.

Zorionak Anjel!

2012/03/13

Antonia Hernandez gogoan, 15 urte

Antonia Hernandez Rodriguez, etxean preso daukaten Anjel Figueroa algortarraren amama, 1997ko martxoaren 14an hil zen auto istripu batean Alcala-Meco espetxera bidean, bere biloba bisitatzera zihoanean. 75 urte zituen hil zenean.

Istripua Aranda de Dueron gertatu zen. Autoan Anjel Figueroaren aitita, amama, aita eta ama zihoazen. Aititak, Emilio Fernandezek, zauri larriak izan zituen, UVIn artatu zuten, eta aurrera atera zen arren, ez zen inoiz izandako zauriez errekuperatuko. Gurasoak, Carmen Fernandez eta Angel Figueroa, ere ospitaleratu behar izan zituzten.

Senideak elkarteko ordezkariek espetxe politika eta presoen sakabanaketa salatu zuten. “Antonia Hernandez sakabanaketa politikak hil du”, esan zuten. “UPN, PSOE eta PPk hil dute, espetxe politika horretan inplikatuta daudenek hil dute, diseinatu zutenek eta horren aurrean isilik jarraitzen dutenek”. Sakabanaketa krudel eta ankerra dela esan eta legez kanpokoa dela salatu zuten.