2013/04/01

Etxeratek Xabier Lopez Peñaren heriotza eta bere inguruan egondako argitasun falta salatu ditu

Nagore Lopez de Luzuriaga (Etxerat):
 
Hasteko, Xabier Lopez Peñaren senide eta lagunei gure doluminak eta elkartasun sendoena helarazi nahi dizkiegu. Jasan behar izan duten egoera eta tratamendua lotsagarri eta onartezinak dira, gogorki salatzen ditugu eta bakoitzaren ardurez egia osoa izatea exijitzen dugu.

Beste behin ere, espetxeko administrazioaren bortizkeriak larriki jo du familia bat, krudelkeria azken muturreraino emanez. Garrantzitsua deritzogu gogoraraztea Xabier Lopez Peñaren heriotzak izan duen informazio eza eta gardentasun falta. Martxoaren 11n ospitalera joan zen zaintza batzuk jasotzera soilik, eta 19 egun beranduago hilda dago. Ospitaleratu zutenetik, senideek eta abokatuak bere berri izan arte bederatzi egun igaro ziren. Zorigaiztoko ebakuntza batek eraginda, ziurrenik, bere egoera larria izatera pasa zen, egonkor zegoen arren. Bere egoerak okerrera egin zuen burmuin isuri baten ondorioz ematen duenez. AIGra eraman eta bertan bihotzeko batek eman ziola pentsa genezake; baina ezin ziurtasunez jakin, izan ere oraindik ezin izan baitute ez Xabier bera ikusi ez eta inolako informerik izan. Autopsian konfiantzazko medikurik egoten ez dute utzi, eta heriotza bera ere ez zitzaion familiari jakinarazi, 13 ordu beranduago bisitan zihoazela eta jakin zutenera arte. Senideek egun guzti hauetan izan duten informazio falta eta informazioa jasotzeko ezarri dizkieten zailtasunak egoera oso iluna dela erakusten digute. Eta heriotzaren aurretik eta ondoren erantzunik gabeko hainbat galdera geratu dira zalantzan. Galdera gehiegi. Horregatik gardentasun osoz guzti hau argitzea exijitzen dugu.

Doluminekin batera, beraz, sentitzen ditugun pena eta izugarrizko amorrua ere adierazi nahi ditugu. Urte asko daramatzagu egoera horietara ekartzen gaituen espetxe politika ozenki salatzen. Urte asko daramatzagu neurri berezien desaktibazioa eskatzen, beste dramak itxoin gabe. Eta etengabe drama horiek bizitzen segitzen dugu, bi estatuen isiltasun eta mespretxu osoa jasoz erantzun bezala.

Presondegian, kondena luzeek, baldintza kaskarrek eta neurri bereziek sortzen edota larritzen dituzte eritasunak. Eta presoak, behin eri, berriz baldintza kaskar, neurri berezi eta espetxeak ematen dituen oztopo guztiengatik, EZIN DU bere burua sendatu behar eta mereziko lukeen bezala. Horregatik, eskubideen errespetua - tartean jarraipen mediku egoki eta zuzena izateko eskubidea - eta larriki eri diren presoak berehala askatzea aspalditik eskatzen dugu.

Nahiz eta aldarrikapen hori gero eta gehiago garatu Euskal Herriko eta nazioarteko gizartetan, elkor eta geldirik jarraitzen du frantziar estatuak ere. Modu hotz eta krudel batez aplikatzen ditu diseinatutako plan goibelaren osagarri guztiak.

Sendatzeko eskubidea ukatzea kondenen luzapen amaigabearekin artikulatuz, kartzel kondena heriotz kondena izatera pasatzen da. Urrunketa eta sakabanaketa politika funtsezko tresna bat da plan horretan, senideen, abokatuen eta konfiantzazko medikuen egoera ahalik gehiena zailduz, Xabier Lopez Peñaren kasuan gertatu den bezala.

Duela bi aste hil zen Angel Figeroarekin, 16 preso hil ziren orain arte preso zeudela, eta beste 9 espetxetik atera eta laster. Beste bat aste honetan, nork segituko du guri eta gure senideei aplikatzen diguten politika hiltzailea dela ukatzen?

Beste adibide ainitzen artean, hilabete honetan, Lannemezan-eko kartzelan dagoen Ibon Fernandez-en kasua salatu genuen. Bi urte pasatu dira diagnostikoa eman arte : esklerosi anitzkoitza. Aste batzuk leheneago, Saint Maurko kartzelan gau oso batean Jon Bienzobas odolez husten utzi zutela salatu genuen ere bai. Eta gaur Xabier-ena. Hori guztia frantziar agintarien eskutik. ASKI DA. Aski da hitz politak entzun arren, infernu horretan berdin-berdin segitzea.


Eta guzti honetako sekulako ardura du Frantziako gobernuak. Gure eta gure senideen bizitzekin jolasteaz utzi behar du. Politika krudel eta kriminal honekin bukatu behar da IA.
Honenbestez, gaur hemen salatzen ari garen zoritxarreko eta muturreko egoera hau errepika ez dadin beharrezkotzat jotzen dugu:

- Xabierren heriotzaren inguruko nondik -norakoak gardentasun osoz argitzea.

- Frantzia eta Espainiako kartzeletan dauden 15 preso eri askatu behar dira BEREHALA. Baita neurri zorrotzekin haien etxetan espetxeratze arinduan direnak ere. Eskubideak, eta tartean SENDATZEKO eskubidea, errespetatuak izan behar dira ORAIN.

- Kondenak luzatzen dituzten neurri guztiekin amaitu behar da.

- Sakabanaketa, urrunketa eta isolamendu mota guztiak, desaktibatu behar dituzte BEREHALA.

Eta azken finean, guztia laburbilduz: gure senide eta lagunak ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.