Showing posts with label galdakao. Show all posts
Showing posts with label galdakao. Show all posts

2013/06/11

Anjel Figueroaren heriotzaren salaketa egin dute NBEren Giza Eskubideen Kontseiluan

Europa Hirugarren Mundua Zentruak (CETIM) ahozko deklarazioa egin zuen joan den ostiralean Giza Eskubideen Kontseiluko 23. saioan, Nazio Batuek Ginebran duten egoitzan. Deklarazioan, nazioarteko erakunde honen aurrean estatus kontsultiboa duen eta Ginebran egoitza duen elkarte honek gaixotasun larria duten presoen inguruko beraien kezka adierazi zuen. Bereziki, martxoan hildako bi preso politikoen inguruan egin zuen salaketa, Anjel Figueroa Fernandez algortarra eta Xabier Lopez Peña galdakoztarra, eta eskatu egin zuen espainiar eta frantses gobernuei exijitzeko gaixo dauden presoak askatu ditzan. Izan ere, "gaixotasun larriak pairatzen dituzten preso politikoei askatasuna ukatzea, giza duintasunaren aurka joateaz gain, beraien osasunerako eskubidea urratzen du". Modu berean, presoen aurkako salbuespenezko neurriekin bukatzeko eskatu zuten, dispertsio politika bereziki aipatuz, berau "justifikazio gabeko politika krudel honek familiak amaigabeko bidaiak egitera behartzen dituelako bere senideak ikusi ahal izateko". Modu berean, CETIMek Giza Eskubideen Kontseiluari eskatu zion "bi estatu hauetan mekanismo egokiak martxan jartzeko, euskal preso politikoek pairatzen dituzten eskubideen urraketak aztertzeko". Martxoko Giza Eskubideen Kontseiluko saioan, euskal preso politikoen kontrako neurriak salatzen zituen idatzizko agiria aurkeztua izan zen.

Anjel, Xabier, gogoan zaituztegu!
Preso gaixoak kalera orain, baldintzarik gabe!

2013/04/01

Etxeratek Xabier Lopez Peñaren heriotza eta bere inguruan egondako argitasun falta salatu ditu

Nagore Lopez de Luzuriaga (Etxerat):
 
Hasteko, Xabier Lopez Peñaren senide eta lagunei gure doluminak eta elkartasun sendoena helarazi nahi dizkiegu. Jasan behar izan duten egoera eta tratamendua lotsagarri eta onartezinak dira, gogorki salatzen ditugu eta bakoitzaren ardurez egia osoa izatea exijitzen dugu.

Beste behin ere, espetxeko administrazioaren bortizkeriak larriki jo du familia bat, krudelkeria azken muturreraino emanez. Garrantzitsua deritzogu gogoraraztea Xabier Lopez Peñaren heriotzak izan duen informazio eza eta gardentasun falta. Martxoaren 11n ospitalera joan zen zaintza batzuk jasotzera soilik, eta 19 egun beranduago hilda dago. Ospitaleratu zutenetik, senideek eta abokatuak bere berri izan arte bederatzi egun igaro ziren. Zorigaiztoko ebakuntza batek eraginda, ziurrenik, bere egoera larria izatera pasa zen, egonkor zegoen arren. Bere egoerak okerrera egin zuen burmuin isuri baten ondorioz ematen duenez. AIGra eraman eta bertan bihotzeko batek eman ziola pentsa genezake; baina ezin ziurtasunez jakin, izan ere oraindik ezin izan baitute ez Xabier bera ikusi ez eta inolako informerik izan. Autopsian konfiantzazko medikurik egoten ez dute utzi, eta heriotza bera ere ez zitzaion familiari jakinarazi, 13 ordu beranduago bisitan zihoazela eta jakin zutenera arte. Senideek egun guzti hauetan izan duten informazio falta eta informazioa jasotzeko ezarri dizkieten zailtasunak egoera oso iluna dela erakusten digute. Eta heriotzaren aurretik eta ondoren erantzunik gabeko hainbat galdera geratu dira zalantzan. Galdera gehiegi. Horregatik gardentasun osoz guzti hau argitzea exijitzen dugu.

Doluminekin batera, beraz, sentitzen ditugun pena eta izugarrizko amorrua ere adierazi nahi ditugu. Urte asko daramatzagu egoera horietara ekartzen gaituen espetxe politika ozenki salatzen. Urte asko daramatzagu neurri berezien desaktibazioa eskatzen, beste dramak itxoin gabe. Eta etengabe drama horiek bizitzen segitzen dugu, bi estatuen isiltasun eta mespretxu osoa jasoz erantzun bezala.

Presondegian, kondena luzeek, baldintza kaskarrek eta neurri bereziek sortzen edota larritzen dituzte eritasunak. Eta presoak, behin eri, berriz baldintza kaskar, neurri berezi eta espetxeak ematen dituen oztopo guztiengatik, EZIN DU bere burua sendatu behar eta mereziko lukeen bezala. Horregatik, eskubideen errespetua - tartean jarraipen mediku egoki eta zuzena izateko eskubidea - eta larriki eri diren presoak berehala askatzea aspalditik eskatzen dugu.

Nahiz eta aldarrikapen hori gero eta gehiago garatu Euskal Herriko eta nazioarteko gizartetan, elkor eta geldirik jarraitzen du frantziar estatuak ere. Modu hotz eta krudel batez aplikatzen ditu diseinatutako plan goibelaren osagarri guztiak.

Sendatzeko eskubidea ukatzea kondenen luzapen amaigabearekin artikulatuz, kartzel kondena heriotz kondena izatera pasatzen da. Urrunketa eta sakabanaketa politika funtsezko tresna bat da plan horretan, senideen, abokatuen eta konfiantzazko medikuen egoera ahalik gehiena zailduz, Xabier Lopez Peñaren kasuan gertatu den bezala.

Duela bi aste hil zen Angel Figeroarekin, 16 preso hil ziren orain arte preso zeudela, eta beste 9 espetxetik atera eta laster. Beste bat aste honetan, nork segituko du guri eta gure senideei aplikatzen diguten politika hiltzailea dela ukatzen?

Beste adibide ainitzen artean, hilabete honetan, Lannemezan-eko kartzelan dagoen Ibon Fernandez-en kasua salatu genuen. Bi urte pasatu dira diagnostikoa eman arte : esklerosi anitzkoitza. Aste batzuk leheneago, Saint Maurko kartzelan gau oso batean Jon Bienzobas odolez husten utzi zutela salatu genuen ere bai. Eta gaur Xabier-ena. Hori guztia frantziar agintarien eskutik. ASKI DA. Aski da hitz politak entzun arren, infernu horretan berdin-berdin segitzea.


Eta guzti honetako sekulako ardura du Frantziako gobernuak. Gure eta gure senideen bizitzekin jolasteaz utzi behar du. Politika krudel eta kriminal honekin bukatu behar da IA.
Honenbestez, gaur hemen salatzen ari garen zoritxarreko eta muturreko egoera hau errepika ez dadin beharrezkotzat jotzen dugu:

- Xabierren heriotzaren inguruko nondik -norakoak gardentasun osoz argitzea.

- Frantzia eta Espainiako kartzeletan dauden 15 preso eri askatu behar dira BEREHALA. Baita neurri zorrotzekin haien etxetan espetxeratze arinduan direnak ere. Eskubideak, eta tartean SENDATZEKO eskubidea, errespetatuak izan behar dira ORAIN.

- Kondenak luzatzen dituzten neurri guztiekin amaitu behar da.

- Sakabanaketa, urrunketa eta isolamendu mota guztiak, desaktibatu behar dituzte BEREHALA.

Eta azken finean, guztia laburbilduz: gure senide eta lagunak ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!

Xabier Lopez Peñarekin gertatutakoa argitzearen beharra azpimarratu dute Baionan


Herrirak, Etxeratek, Jaiki Hadik eta Xabier Lopez Peñaren abokatua zen Yolanda Molinak gaur Baionan egindako agerraldi publiko batetan, guztiek Galdakaoko bizilagunaren kasuan utzi dituen zalantzak, kezkak, eskubide urraketak eta puntu ilunak azpimarratu dituzte. Horrekin batera, senideek pairatu behar izan duten sufrimendua eta horrelako egoerak berriro ere errepikatu ez daitezen neurriak hartzeko garaia dela aldarrikatu dute. Egia nahi dugu.

Herrira mugimenduak beste agerraldi bat egingo du bihar Bilbon. Bertan, ondorio tragiko eta atzeraezinak eragiten dituzten salbuespeneko neurriek amaiera exijitzeko mobilizazio berriak iragarriko ditu.

2013/03/30

Herrira: "Xabier Lopez Peña euskal preso politikoaren heriotzaren aurrean"

Lehenik eta behin, Herrira mugimenduak babesa eta gertutasuna eskaini nahi dio Xabier Lopez Peñaren senide eta ingurune osoari. Jaso dezatela besarkada sentikor bat.

Xabier Lopez Peñaren heriotzak oinarrizko giza eskubideak urratzen dituen espetxe politika anker baten ondorioak agerian uzten ditu. Izan ere, salbuespeneko neurrien bitartez, espetxe politikak euskal preso politikoen bizitzak etengabeko errusiar erruleta batetan murgiltzen ditu. Espetxe politikak mina eta sufrimendu sortzen ditu hainbat herritarrengan. Errealitate lazgarria da euskal jendartearen gehiengoak eskubideen urraketak atzean utzi eta gehiegi luzatzen ari den gatazkaren ondoriozko heriotza gehiagorik ez izatea desiratzen duenean, espetxe politikaren ondorioek hiltzen jarraitzea.

Sakabanaketa, isolamendua, zigorren luzapena, bizi baldintza negargarriak, erasoak, tratu ez duina, osasun asistentzia desegokia, larri gaixo dauden presoak espetxean mantentzea… Guztiak, heriotzak eragiten dituen koktel makabro baten ingredienteak dira.

2013ko martxoak espetxe politikaren ondorio atzeraezinak era ezin gordinagoan azaleratu ditu. Larri gaixo zeuden Xabier Lopez Peña eta Angel Figueroa presoen heriotzak, Jaeneko espetxe urrunetik bueltan Jabi Martinez Izagirre presoaren bi lagunek pairatutako istripua edo Xabier Aranburuk, Oskar Barrerasek eta Arkaitz Bellonek sufritutako jipoiak horren eredu argia dira.

15 dira egun larri gaixo dauden euskal preso politikoak. Minibizia, esklerosi anikoitza edo eskizofrenia bezalako diagnostikoekin. Preso hauek aske geratu behar dira, hori baita osasun asistentzia egokia izan eta Figueroa edo Lopez Peñaren kasuak ez errepikatzeko berme bakarra.

Euskal jendarteak soluzioak exijitzen ditu, giza eskubide guztien errespetua, espetxe politikaren erabateko aldaketa eta elkarlanaren bitartez konponbidea eta bakea eraikitzea. Bide horretan, espetxe politika ondorio tragikodun traba erraldoia da. Horiek horrela, Baiona eta Bilboko mobilizazio erraldoiek erakutsi bezala, Herriraren aburuz ezinbestekoa da konpromisoak aktibatzen jarraitzea eta milaka herritarren bihotza kolpatzen dituen eskubide urraketa honi erantzun sozial zabala eskaintzea. Euskal jendartearen gehiengoaren mandatua eskutan hartuta, Herrirak atsedenik gabe lan egingo du Angel Figueroa eta Xabier Lopez Peñaren kasuak berriro ere errepikatu ez daitezen eta indarrean dagoen espetxe politika krudelarekin amaitzeko.

Azkenik, Herrirak jadanik egoera hau salatzeko eta berriro ere errepikatu ez dadin exijitzeko, bi mobilizazio aurreratu ditzake. Aurrenekoa, bihar, igandea, 20:00tan Basauriko Benta Plazan. Bigarrena, astelehenean, ordu berdinean, Galdakaoko Zamakoa Plazan.

Eskerrik asko

Herrira

Xabier Lopez Peñaren heriotza salatzeko mobilizazioak egingo dituzte bihar zein etzi Basaurin eta Galdakaon

Une latz hauetan, dolumin eta berotasun sentituenak helarazi nahi dizkie Xabier Lopez Peñaren senide eta lagunei Algortako Herrira bilguneak. Horretaz gain, herritar orori dei egin nahi diogu heriotza salatzeko deitutako mobilizazioetan parte hartzera:

- Martxoaren 31n, 20:00etan, Bentan (Basauri).
- Apirilaren 1ean, 20:00etan, Zamakoan (Galdakao).

Martxoak espetxe politikaren krudeltasuna eta ondorio atzeraezinak azaleratu ditu: hilaren 14an, gaixotasun larri eta sendaezina zuen Anjel Figueroa Fernandez algortarra zendu zen, etxean preso zeukatela. Gaur, hilak 30, Xabier Lopez Peña hil egin da.

Berriro gerta ez dadin, preso gaixo larriak herrira!

Xabier Lopez Peña preso politiko galdakoztarra hil egin da

Herrirak eta Etxeratek baieztatu dutenez, Xabier Lopez Peña euskal preso politikoa hil egin da Parisko Pitie-Salpetriereko ospitalean. Galdakaokoa zen, eta 54 urte zituen. Senideek Etxerati azaldu diotenez, 01:00ean hil da, baina haiek 13:00etan izan dute heriotzaren berri, hura bisitatzera joan diren unean.

Martxoaren 13an odol isuria izan zuen burmuinean, eta ebakuntza egin zioten galdakoztarrari. Ostegunean egoera okertu zen, eta Zainketa Intentsiboen Unitatean sartu zuten. Familiakoek astebete geroago jakin zuten arren, martxoaren 11n eraman zuten presoa erietxera Fleury-Merogis espetxetik (Paris). Etxerat-ek jakinarazi zuenez, gaitz kardiobaskularrak zituen, eta egun horretan bihotzekoak eman zion. Corbeil-Essonnesko erietxera eraman zuten aurrena, baina "zailtasunak" izan ostean, erietxez aldatu zuten martxoaren 13an, eta Pitie-Salpetriereko ospitalera eraman zuten. Ebakuntza bat egin zioten han. 2006-2007an Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean izan ziren negoziazioetan parte hartu zuen Lopez Peñak. 2008ko maiatzean atxilotu zuten, negoziazio mahaia apurtu ostean.

Etxeratek ohar baten bidez salatu du espetxearen aldetik izandako "isilpekotasuna eta bere senideekiko desinformazioa". Lopez Peñaren "gaixotzea, ospitalizatzea eta heriotza isilpetu" dituztela adierazi du. "Bisitak burutzea ere atzeratu eta oztopatzea ere gertatu izan da bere osasun egoera kritikoa izanda ere", gaineratu du elkarteak. Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak Twitter bidez azaldu duenez, "hil eta gero ere familiari ez diote uzten gorpua ikusten".

Berriro gerta ez dadin, preso gaixo larriak herrira!