Lehenik eta behin, Herrira mugimenduak
babesa eta gertutasuna eskaini nahi dio Xabier Lopez Peñaren senide eta
ingurune osoari. Jaso dezatela besarkada sentikor bat.
Xabier Lopez Peñaren heriotzak
oinarrizko giza eskubideak urratzen dituen espetxe politika anker baten
ondorioak agerian uzten ditu. Izan ere, salbuespeneko neurrien bitartez,
espetxe politikak euskal preso politikoen bizitzak etengabeko errusiar
erruleta batetan murgiltzen ditu. Espetxe politikak mina eta sufrimendu
sortzen ditu hainbat herritarrengan. Errealitate lazgarria da euskal
jendartearen gehiengoak eskubideen urraketak atzean utzi eta gehiegi
luzatzen ari den gatazkaren ondoriozko heriotza gehiagorik ez izatea
desiratzen duenean, espetxe politikaren ondorioek hiltzen jarraitzea.
Sakabanaketa, isolamendua, zigorren
luzapena, bizi baldintza negargarriak, erasoak, tratu ez duina, osasun
asistentzia desegokia, larri gaixo dauden presoak espetxean mantentzea…
Guztiak, heriotzak eragiten dituen koktel makabro baten ingredienteak
dira.
2013ko martxoak espetxe politikaren
ondorio atzeraezinak era ezin gordinagoan azaleratu ditu. Larri gaixo
zeuden Xabier Lopez Peña eta Angel Figueroa presoen heriotzak, Jaeneko
espetxe urrunetik bueltan Jabi Martinez Izagirre presoaren bi lagunek
pairatutako istripua edo Xabier Aranburuk, Oskar Barrerasek eta Arkaitz
Bellonek sufritutako jipoiak horren eredu argia dira.
15 dira egun larri gaixo dauden euskal
preso politikoak. Minibizia, esklerosi anikoitza edo eskizofrenia
bezalako diagnostikoekin. Preso hauek aske geratu behar dira, hori baita
osasun asistentzia egokia izan eta Figueroa edo Lopez Peñaren kasuak ez
errepikatzeko berme bakarra.
Euskal jendarteak soluzioak exijitzen
ditu, giza eskubide guztien errespetua, espetxe politikaren erabateko
aldaketa eta elkarlanaren bitartez konponbidea eta bakea eraikitzea.
Bide horretan, espetxe politika ondorio tragikodun traba erraldoia da.
Horiek horrela, Baiona eta Bilboko mobilizazio erraldoiek erakutsi
bezala, Herriraren aburuz ezinbestekoa da konpromisoak aktibatzen
jarraitzea eta milaka herritarren bihotza kolpatzen dituen eskubide
urraketa honi erantzun sozial zabala eskaintzea. Euskal jendartearen
gehiengoaren mandatua eskutan hartuta, Herrirak atsedenik gabe lan
egingo du Angel Figueroa eta Xabier Lopez Peñaren kasuak berriro ere
errepikatu ez daitezen eta indarrean dagoen espetxe politika
krudelarekin amaitzeko.
Azkenik, Herrirak jadanik egoera hau
salatzeko eta berriro ere errepikatu ez dadin exijitzeko, bi mobilizazio
aurreratu ditzake. Aurrenekoa, bihar, igandea, 20:00tan Basauriko Benta
Plazan. Bigarrena, astelehenean, ordu berdinean, Galdakaoko Zamakoa
Plazan.
Eskerrik asko
Herrira
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.