2012/05/02

Etxerat elkarteak sakabanaketa politika salatu du

Argazkian, gaurko prentsaurrekoa / © Etxerat

Tamalez, beste behin ere sakabanaketa politikoaren ondorioak salatzeko bildu gara hemen. Pasa den asteburuan sakabanaketaren ondorioz euskal preso politikoen senide eta lagunek hiru istripu izan ditugu.Eta laugarren istripu bat gertatzeko zorian egon zen. Izan ere, Eider Perez presoaren senide batzuei oreretarra Cordobako espetxera bisitatzera zihoazela, Burgos parean, gurpila lehertu zitzaien. Kasu honetan, zorionez autoaren kontrola ez galtzea lortu zuten, baina, ozta-ozta iritsi ziren bisitara. Eta Iñaki Arakama, Oskar Calabozo, Gorka Vidal, Iñaki Alonso, Txetxu Barrios eta Iñaki Beaumont presoen bederatzi senide eta lagun izan dira istripuak jasan dituztenak. Calabozo, Vidal eta Alonso presoen senide eta lagunek izandako istripuan, gainera, autoak jasandako kalteez gain, senide eta lagunek izandako kalte fisikoak gehitu behar zaizkie. Izan ere, kolpeen ondorioz hirurek lepokoa dute eta Alonsoren arrebak traumatismo kraneo-enzefaliko arina du. Jada 2012. urtean sakabanaketa politikak zazpi istripu eragin ditu. Eta duela 23 urte martxan jarri zenetik 16 senide eta lagunek galdu dute bizia errepideetan eta ehunka izan dira pairatu behar izan ditugun istripuak. Zenbatu ezinak dira senide eta lagunok pairatu ditugun kalte fisiko, sikologiko eta ekonomikoak. 

Duela astebete Espainiako Barne Ministro den Jorge Fernandez Diazek, bergizarteratze plan bat aurkeztu zuen, eta astelehenean plan hau idatziz ezagutu ahal izan genuen. Bertan presoak erakunde terroristetatik aldenduz gero, beraien herrietatik gertu dauden kartzeletara mugitu ahal izateko atea irekita utzi zuen, nahiz eta argi adierazi zuen hau ez dela inolaz ere presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeko plan bat. Etxerat Elkartetik uste dugu plan hau xantaia politikoa egiteko bide bat besterik ez dela. Guretzat ez du inongo aurrerapausorik suposatzen, izan ere, gure senide eta lagunek inongo baldintzarik gabe etxean egon behar dute, gure ondoan. Plan honek Espainiako Gobernuak gure senide eta lagunei ezartzen dieten salbuespeneko espetxe politikarekin jarraitzeko asmoa erakusten du, eta aldi berean guk sufritzen dugun sakabanaketa politika sostengatzen jarraitzen du. Era berean, plan hau babestu eta txalotu dutenek ere presoen eskubideekiko eta senide eta lagunon bizitzekiko inongo errespeturik ez dutela argi eta garbi erakutsi dute.

Ez dugu aitzakiarik eta baldintzarik onartzen. Hitzetatik ekintzetara pasa behar da. Ezin dugu gure bizitza astebururo arriskuan jartzen jarraitu. Sakabanaketa politika honek gure senide eta lagunengan eragin zuzena du, baina guk geuk ere kondena bikoitza jasotzen dugu sakabanaketaren ondorioz; astebururo astebururo 1300 kilometro inguru egiten ditugu gure senideak minutu gutxi batzuez ikusi ahal izateko. Euria edo elurra eginda ere, edota aste guztian zehar lanean aritu arren ostirala iritsi bezain laster, guretzat eta gure senide eta lagunentzat ezinbestekoak diren bidaiak egiteko martxan jartzen gara. Izan ere, guk argi dugu ez ditugula bakarrik utziko, eta gure bizitza arriskuan jarri arren astebururo jarraituko dugula. Baina, nahikoa da. Jada hamasei lagunek galdu dute bizia errepideetan, eta gutako edonor izan daiteke hurrengoa. Aitzakia merkeak alde batera utzi eta gure bizitzak politikan trukeko txanpon bezala ez erabiltzea exijitzen dugu. Euskal presoak Euskal Herriko espetxeetan egotea oinarrizko eskubide bat da, eta eskubideak pertsona orok berezkoak ditu eta beraz ezin dira xantaia egiteko erabili.

Gauzak honela, Espainiako Barne Ministroari eta plan hau txalotu eta babestu duten arduradun politikoei, eta urte guzti hauetan dispertsioa mantentzen lagundu duten alderdi eta eragile politikoei, mendeku eta krudelkerian oinarrituta dagoen sakabanaketa politika hau berehala desagerrarazteko exijitzen diegu. Zeren ez al gu bizirik egoteko eskubiderik? Eta gu guztion bizitzak ez al du zuen arteko paktu politikoek baino gehiago balio?

Etxerat

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.