Showing posts with label sopela. Show all posts
Showing posts with label sopela. Show all posts

2013/06/12

Bi uribekostar izango ditu iheslari politikoen mintzakidetza taldeak

Argazkian, iheslarien aldeko aldarria Algortan, artxiboko irudian / cc-by Ukberri.net

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 14 solaskideren izenak ezagutarazi ditu asteazken honetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek gatazka politikoaren konponbidean kontuan har ditzaten. Baionan eskainitako prentsaurrekoan, Kizkitza Gil de San Vicente, Jon Irazola, Lurdes Mendinueta eta Eulogio Talavera kolektiboko kideek hitza hartu dute, prozesuko eragile aktiboak izateko duten eskubidea eskatuz, eta kontuan hartzeko dei egin diete bi estatuei eta eragile sindikal eta politikoei. Horrela, gogoeta luze baten ondoren 14 ordezkari izendatu dituztela jakinarazi dute. Horien artean dira Alfontso Etxegarai iheslari plentziarra (Afrikako Sao Tomen deportatuta) eta Rakel Garcia sopeloztarra 1992tik Belgikan, Flandrian, errefuxiatua. Ondokoak dira gainontzeko mintzakideak: Tomas Linaza (Cabo Verden dagoena), Josu Lariz (Uruguai), Josu "Txutxo" Abrisketa (Kuba) eta Ipar Euskal Herrian dauden Eloy Uriarte, Lourdes Mendinueta, Jokin Aranalde, Jon Irazola, Oxel Azkarete, Jon Garmendia "Txuria", Xabier Miguel Ezkerra, Xabier Arin eta Idoia Espiaz. Baionan egin duten agerraldiak bi xede zituen: batetik, ordezkaritza hori aurkeztu, eta, bigarrenik, sostengua adierazi hainbat eragilek larunbat honetarako Miarritzeko Irati aretoan antolatu duten Elkartasun Hatsa izeneko ekitaldiari. Horretara joateko bi autobus izango dira Uribe Kostan.

2013/06/05

Ongi etorri Oier! Zorionak Olga eta Txabi!

oieroieroieroieroier


Euskal preso eta iheslari politikoen egoerak ez du maiatzean ere hobera egin; gobernuek geldi diraute, beraien betiko posiziotik mugitu gabe, espetxe politika krudel eta hiltzaileak aplikatzen jarraituz.

Imajinatu haurdunaldia espetxean pasatzea zer izan daitekeen. Beharrezko arretarik gabe, kartzelarien oztopoei etengabe aurre egiten. Eta hori gutxi balitz bezala, imajinatu orain haurra jaiotakoan zuregandik eta aitarengandik banatzeko mehatxua egiten dizutela, Euskal Preso Politikoen Kolektibotik irtetea onartzen ez baduzu. Hori da Olga Sanz preso politiko sopeloztarrak jasan izan duen xantaia, eta hemendik gure elkartasun guztia helarazi nahi diogu.

Eta noski, zorionak ere eman nahi dizkiegu Olga eta Txabiri, Oier txikiak guraso bihurtu dituelako jada. 

Zorionak hiruroi, familia!

2013/05/10

Semea erabiliz Olga Sanz preso sopeloztarrari xantai ankerra egiten diotela salatu dute

Argazkian, Sopelako Herrirak presoen alde egindako manifestazio bat artxiboko irudian / cc-by Ukberri.net

Olga Sanz Martin preso politiko sopeloztarrari jaiotzear den umea berarengandik eta aitarengandik banatzeko mehatxua egin diote, senideek eta EH Bilduk salatu dutenez. Euskal Preso Politikoen Kolektibotik (EPPK) ateraraztea eta hori dioen agiria sinaraztea da mehatxuen xedea, sendia eta koalizioaren aburuz. Horren aurrean, umearen, amaren eta aitaren eskubideak bermatzea exijitu dute. Gaur, Julen Arzuaga legebiltzarkideak Olgari Espainiako Gobernuak egiten dion xantai ankerra salatu eta espetxe politikaz galdetu dio Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Urkulluk presoekiko jarrera "leun eta sentikorra" izatea eskatu dio Espainiako Gobernuari eta, aldi berean, presoek "haien erantzukizunak beren gain har ditzaten eta dagozkien urratsak eman ditzaten" eskatu du. Olga Sanz pasa den apirilaren 30ean lekuz aldatu zuten Asturiasko Villabona kartzelatik Madrilgo Soto del Real espetxera. Bidaia anbulantziaz egin behar izan zuen, haurdunaldiaren azken hilabetean baitago. Hori dela eta kartzelako erizaindegian dute eta bertan bakarrik dago, espetxe horretako preso politiko bakarra isolamenduan dela. 

2013/02/27

Sergio Polo preso politiko sopeloztarra isolamendutik atera dute

Argazkian, hileko azken ostiraleko elkarretaratzean Sergio Poloren egoera salatu zuten Sopelan / © Sopelako Herrira.

Sergio Polo Escobes preso politiko sopeloztarra sei hilabetez eduki dute jada lehenengo graduan eta isolamendu moduluan bakar-bakarrik, Kordobako espetxera aldatu zutenetik. Joan den astean, zigorra beste sei hilabetez luzatu ziotela eta urte oso bat isolamenduan mantenduko zutela esan zioten gatibuari, Sopelako Herrirak zabaldu zuenez. Hori salatzeko kanpaina abiarazi zuen preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko bilguneak, Algortako Herriraren laguntzaz. Bada, orain, Polo isolamendutik atera, beste modulu batera eraman eta bi euskal preso politikorekin jarri dute, Sonia Polo bere arrebak jakinarazi duenez. Gauzak horrela, aipatu kanpaina bertan behera utzi dute herri bilguneek. 

2013/02/26

Bidali elkartasun mezuak Sergio Polori! Bidali zure kexa Kordobako espetxeko zuzendaritzari! Parte hartu mobilizazioetan!


Argazkietan, otsaileko azken ostiralean Sergio Poloren egoera salatu dute Sopelan / © Sopelako Herrira

Sergio Polo Escobes preso politiko sopeloztarra sei hilabetez eduki dute jada lehenengo graduan eta isolamendu moduluan bakar-bakarrik, Kordobako espetxean. Bada, aste hauetan jakin izan dute beste sei hilabetez luzatu diotela zigorra eta urte oso bat isolamenduan mantenduko dutela horrek dakarren guztiarekin.

Egoera hori salatzeko astelehenero egiten du kontzentrazioa Sopelako Herrirak, “Sergio isolamenduan. Aski da” lelopean. Halaber, idazki bat prestatu dute Kordobako espetxeko zuzendaritzari bidaltzeko, bertoko herriko tabernan eskuragarri dagoena. Algortako Herriratik ere Sergio Polori elkartasun mezuak bidaltzera animatu nahi zaituztegu.

Helbidea:

Sergio Polo Escobés
C.P. Córdoba (Apdo. 479) 
Módulo de aislamiento
Ctra. Sevilla-Madrid km. 391
14.015 Alcolea
Córdoba


Sergio Poloren egoera salatzeko eskuorria (pdf)

2013/02/18

Sergio Polo preso sopeloztarrari beste sei hilabetez luzatu diote isolamendua

Argazkian, Sergio Poloren egoera salatu izan dute azken ostiraleko elkarretaratzeetan.

Kordobako kartzelan dagoen Sergio Polo Escobes preso politiko sopeloztarra sei hilabetez eduki dute jada lehenengo graduan eta isolamendu moduluan bakar-bakarrik. Bada, aste hauetan jakin izan dute beste sei hilabetez luzatu diotela zigorra eta urte oso bat isolamenduan mantenduko dutela horrek dakarren guztiarekin. Sopelako Herrirak eraso hau salatzeko komunikatua zabaldu zuen larunbatean. 

2012/11/06

Preso gaixoen alde Sopelan onartutako mozioa ikertzea agindu du Urquijok

Iturria: cc-by Ukberri.net
 
Argazkian, Getxoko Udalbatzak ere preso gaixoen aldeko mozioa onartu zuen urriaren 30ean EAJren babesaz, Bilduk jeltzaleek aurkeztutako zeharkako zuzenketa onartu ostean.

Sopelako Udalbatzak pasa den asteazkenean onartu zuen preso gaixoen aldeko adierazpena igorri dio gaur Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkariak Auzitegi Nazionaleko fiskal buruari, iker dezan. Mozio hartan, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru euskal presoentzat baldintzapeko askatasuna eskatu zuen Sopelako udal bilkurak. Europa Press albiste-agentziak zabaldu duenez, presoen giza-eskubideen aldeko testua "delitua izan daitekeelakoan" bidali du Madrilera Urquijok. Era berean, popularraren ustez, "terrorismoaren biktimak aintzat hartzeko, babesteko eta erreparazioa emateko legeak" urratu ditzake aipatu adierazpenak, "indarrean dagoen legea beteaz eta herritarren gehiengoaren borondatearekin bat eginaz", Madrilgo Gobernuari "urrats errealak emateko deia" egiten diona, "nazioarteko eta Espainiako legedia oinarritzat hartuaz". Sopelako Udalak berak agertu zuen testua Madrilera bidaltzeko asmoa baina Auzitegi Nazionalera beharrean, Madrilgo Barne Ministeriora eta Kartzela Zaintzako epaileari. 

2012/11/05

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatu du Sopelako Udalak

Argazkian, urriaren 30ean beste horrenbeste egin zuen Getxoko Udalbatzak, kasu horretan EAJren aldeko bozekin.

Sopelako Udalak Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatu du, Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioa onartu ostean. Mozioak Bilduko zazpi zinegotzien babesa lortu zuen, joan den asteazkeneko osoko bilkuran; EAJko zinegotziak, ostera, abstenitu egin ziren eta PSE-EE taldeko zinegotzi biak eta PP taldeko zinegotziak aurka bozkatu zuten. Beraz, testuak aurrera egin zuen, aldeko zazpi boto eta kontrako hiru botoekin.

Lehenik eta behin, preso gaixoen egoera larriaren aurrean, bere kezka adierazten du Sopelako Udalak. Era berean, indarrean dagoen legea beteaz eta herritarren gehiengoaren borondatearekin bat eginaz, Madrilgo Gobernuari urrats errealak emateko deia egiten dio. Bigarren, nazioarteko eta Espainiako legedia oinarritzat hartuaz, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatzen du, beharrezkoa duten osasun tratamendua baldintza egokietan jaso dezaten eta egoera honek, bai beraientzat zein beren senitartekoentzat ere, zigor gehigarria suposatu ez dezan. Azkenik, erabaki horren berri, Madrilgo Barne Ministerioa eta Kartzela Zaintzako epaileari emango dio Sopelako Udalak. 

2012/10/28

Sopelako Herri Bilgunea: "Sergio Polo isolamenduan"

Argazkian, Sergio Poloren egoera izan zen iraileko azken ostiraleko elkarretaratzearen oinarria.

Kordobako kartzelan dagoen Sergio Polo Euskal preso sopeloztarra bi hilabete baino gehiago daramatza isolamenduan. Txaboloan 21 eta 22 ordu bitartean ematen ditu, eta patiora moduluan dauden beste preso guztiak txaboloan itxita daudenean ateratzen dute; beraz ez da inorekin egoten egun osoan zehar. Bakartze edo isolamenduaren aplikazio zorrotza Euskal Presoei ezartzen dieten salbuespeneko beste neurrietako bat da. Isolamendua oso egoera zehatzetara zuzendutako neurria den arren, Euskal presoen kasuan behin-betiko neurri gisa aplikatzen da. Izan ere, euskal preso politikoek ez dute zertan espetxe arautegia puskatu beharrik zigor mota hau jasotzeko. Are gehiago, ohikoa bilakatu da presoak bata besteengandik bakartzea bai espetxe naiz moduluetan. Gainera, bertan bizi baldintza oso gogorrak jasan behar izaten dituzte. Luzaroan bertan mantentzeak ondorio latzak eragiten dituelarik. 

2012/08/02

Presoen eskubideen alde Sopelako hondartzan

 

Uztailaren 29an, Herrira mugimenduak deituta, 80 uribekostar inguru Sopelako Arrietara hondartzan elkartu ginen preso eta iheslarien eskubideen aldeko aldarrikapena egiteko.

2012/05/02

Gotzon Alcalderi harrera beroa egin diote Sopelan

Iturria: © Sopela.net

Larunbat arratsaldez, espetxetik atera berri den Gotzon Alcalde Sopelara heldu eta bertan harrera beroa egin zioten. Gotzonek ere han bildutako guztiak gertutik agurtu zituen eta oso giro hunkigarria eta gertua sortu zen. Aurreskua, luncha eta besarkada ugari egon ziren. Sopelako lehenengo gaztetxearen bultzatzailea izan zen Gotzon eta oraingo Sekeko gaztetxera joan zen bildutako jendeaz lagundurik. Bertan ere harrera polita egin zioten.