Iturria: cc-by Ukberri.net
Argazkian, Getxoko Udalbatzak ere preso gaixoen aldeko mozioa onartu zuen urriaren 30ean EAJren babesaz, Bilduk jeltzaleek aurkeztutako zeharkako zuzenketa onartu ostean.
Sopelako Udalbatzak pasa den asteazkenean onartu zuen preso gaixoen aldeko adierazpena
igorri dio gaur Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkariak
Auzitegi Nazionaleko fiskal buruari, iker dezan. Mozio hartan,
gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru euskal presoentzat
baldintzapeko askatasuna eskatu zuen Sopelako udal bilkurak. Europa Press albiste-agentziak zabaldu duenez, presoen giza-eskubideen aldeko
testua "delitua izan daitekeelakoan" bidali du Madrilera Urquijok. Era
berean, popularraren ustez, "terrorismoaren biktimak aintzat hartzeko,
babesteko eta erreparazioa emateko legeak" urratu ditzake aipatu
adierazpenak, "indarrean dagoen legea beteaz eta herritarren
gehiengoaren borondatearekin bat eginaz", Madrilgo Gobernuari "urrats
errealak emateko deia" egiten diona, "nazioarteko eta Espainiako legedia
oinarritzat hartuaz". Sopelako Udalak berak agertu zuen testua
Madrilera bidaltzeko asmoa baina Auzitegi Nazionalera beharrean,
Madrilgo Barne Ministeriora eta Kartzela Zaintzako epaileari.
"Giza eskubideen ikuspuntutik egoera gordina ari gara bizitzen. Azken urteetan hainbat presoren osasun egoera izan dugu mahai gainean. Ba dira oraindik oso gaixorik eta kartzelan jarraitzen duten presoak. Hamahiru herritar hain zuzen ere. Egoera hau, beren egoera fisikoa eta bere senitartekoen ezinegona okertu eta areagotzea ari da eragiten. Pertsona gisa eta preso gisa zor zaizkien eskubideak ukatuz.
Hamahiru preso gaixo hauek, sufritzen dituzten gaixotasunei behar bezalako jarraipena egitea bateraezina da espetxean egotearekin, honako arrazoi hauengatik: Espetxeak ezin duelako eskaini tratamendu berezituarik; gaixotasun hauek arreta zorrotza behar dutelako; kartzelan egonik, balizko larrialdi baten aurrean erantzunik emateko gaitasun ezagatik; Josu Uribetxeberriaren kasuan, argudio guzti hauek Madrilgo Barne Ministeritzatik ere berretsiak izan dira.
Josu Uribetxeberriaren baldintzapeko askatasunaren ondoren, beste hamahiru dira gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak eta aipatutako argudio berdinak kontutan izanik, kaleratu behar direnak. Hamalau preso eta beraien senitartekoak zigor gehigarria ari dira nozitzen. Preso hauei baldintzapeko askatasuna ukatuz, giza eskubideen oinarrizko zutabeak urratzen ari da Madrilgo arduradun politikoak.
Nazioarte zein estatu espainiarreko araudi, zuzenbidearen printzipio eta giza eskubideen aldeko aldarrikapenek, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten pertsona presoen eskubideak errespetatzeko beharra adierazten dute. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten pertsona horiek, beharrezkoa duten tratamendua eta zaintza medikua behar bezalako baldintzetan jasotzea, oinarrizko eskubidea delarik.
Hau guztia kontutan harturik, honako puntu hauek aurkezten ditugu Osoko Udal Batzarrera, bertan eztabaidatuak eta onartuak izan daitezen:
1.- Udal honek, preso gaixoen egoera larriaren aurrean, bere kezka adierazten du. Era berean indarrean dagoen legea beteaz eta herritarren gehiengoaren borondatearekin bat eginaz, urrats errealak emateko deia egiten dio Madrigo gobernuari.
2.- Udal honek, nazioarteko eta espainiako legedia oinarritzat hartuaz, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatzen du. Beharrezkoa duten osasun tratamendua baldintza egokietan jaso dezaten eta egoera honek, bai beraientzat zein beren senitartekoentzat ere, zigor gehigarria suposatu ez dezan.
3.- Erabaki honen berri, Madrilgo Barne Ministeritza eta Kartzela Zaintzako Epaileari bideratzea".
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.