2012/11/06

Laura Mintegi: "Ezinbestekoa da kalera ateratzea eta presoei dagozkien eskubideak exijitzea"

Iturria: Berria.info

Datorren larunbatean Baionan 'Hurbildu bakera' lelopean egingo den manifestazioari babesa eman nahi izan dio EH Bilduk gaur egindako agerraldian.

EH Bilduk babesa adierazi nahi izan dio larunbatean Baionan egingo den manifestazioari. Koalizioaren lehendakarigai Laura Mintegik azaldu du "denok urratsak egitea garrantzitsua" dela eta iragana "alboratu" beharra dagoela bakera heltzeko.

Urtebete igaro da Aieteko adierazpenetik eta ETAk borroka armatua utzi zuenetik, eta Frantzia eta Espainiako estatuek "presoen eskubide urraketak", "lege kanporatze mehatxuak", eta "Aurore Martinena moduko atxiloketak" egiten jarraitzen dutela salatu du Mintegik. Halere, adierazi du urte honetan "gauza asko" pasa direla; "indar guztiak batu" direla eta "aho-beteko erantzuna" eman dietela bi estatuei.

Mintegik uste du gizartean gero eta zabalduagoa dagoela presoen eskubideen aldeko iritzia, baina horri estatuek entzungor egiten dietela ere gaineratu du. "Horregatik, ezinbestekoa da kalera ateratzea, eta presoek izan behar dituzten eskubideak exijitzea", adierazi du. "Aukera paregabea dugu ekintza hauei erantzuna emateko".

Aurore Martinen atxiloketa

Mintegik larunbatean egingo den manifestazioaz gain Aurore Martinen atxiloketaren inguruan ere hitz egin du. "Aurore Martinena bezalako atxiloketak denuntziatzeko ere azaldu gara. Iraganeko egoera batera itzultzen gaituzte", azaldu du. Gaineratu du bakea lortzeko horrelako ekintzak albo batera uztea beharrezkoa dela, baztertu egin behar direla "jarduera politikoa soilik" izan duten pertsonen atxiloketak.

EH Bildu legez kanpo uzteko mehatxua

Mintegik salatu du espainiar eta frantziar estatuen eginbeharra "Aieteko konferentzian egin zitzaizkien interpelazioei" erantzuna ematea dela. "Konferentzia hartan esan zen ETAk armak utziz gero, eta ETAk elkarrizketak hasteko gonbitea eginez gero, gobernuek baiezko erantzuna eman beharko lioketela bakeraren bidean aurrera egiteko". Une honetan euren erantzunkizuna horri erantzuna ematea dela azaldu du Mintegik, eta "euren ardura kanporatzeko distrakzio maniobra" dela EH Bildu legez kanpo uzteko mehatxua: "Koalizo honek bakegintzarako bidean argi esan du zein den bere iritzia, Aieteko konferentziak azaldu zuen zein den bakegintzarako bidea, eta momentu honetan oztopo handiena Espainiako eta Frantziako estatuak dira".

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.