Showing posts with label eh bildu. Show all posts
Showing posts with label eh bildu. Show all posts

2012/11/06

Laura Mintegi: "Ezinbestekoa da kalera ateratzea eta presoei dagozkien eskubideak exijitzea"

Iturria: Berria.info

Datorren larunbatean Baionan 'Hurbildu bakera' lelopean egingo den manifestazioari babesa eman nahi izan dio EH Bilduk gaur egindako agerraldian.

EH Bilduk babesa adierazi nahi izan dio larunbatean Baionan egingo den manifestazioari. Koalizioaren lehendakarigai Laura Mintegik azaldu du "denok urratsak egitea garrantzitsua" dela eta iragana "alboratu" beharra dagoela bakera heltzeko.

Urtebete igaro da Aieteko adierazpenetik eta ETAk borroka armatua utzi zuenetik, eta Frantzia eta Espainiako estatuek "presoen eskubide urraketak", "lege kanporatze mehatxuak", eta "Aurore Martinena moduko atxiloketak" egiten jarraitzen dutela salatu du Mintegik. Halere, adierazi du urte honetan "gauza asko" pasa direla; "indar guztiak batu" direla eta "aho-beteko erantzuna" eman dietela bi estatuei.

Mintegik uste du gizartean gero eta zabalduagoa dagoela presoen eskubideen aldeko iritzia, baina horri estatuek entzungor egiten dietela ere gaineratu du. "Horregatik, ezinbestekoa da kalera ateratzea, eta presoek izan behar dituzten eskubideak exijitzea", adierazi du. "Aukera paregabea dugu ekintza hauei erantzuna emateko".

2012/10/19

EPPK: "Euskal Herria bilduz, borrokatuz eta bozkatuz"

Euskal Herria abagune berezian aurkitzen da. Mundu mailako krisi ekonomikoarekin batera, Frantzia eta Espainiarekiko lurralde ereduaren krisi politikoa bizi dugu. Krisia aukeran bilakatu beharra dago. Unearen garrantzia horretan datza.

Egoera politiko berriak ez du aitzitik Estatuon jokabide zapaltzailea eten eta ez ditu oraindik gatazka konpontzeko norabidean kokatu. Bada, blokeoa pitzatzen hasteko testuinguru aproposa dugu hilabeteotakoa, hautes lehia tartean.

Azken hauteskundeetan jasotako babesak indar metatze berritua ekarri behar du eta baldintzak sortu erronka berrietarako. Europan Estatu berrien independentziaren aukera bizia baliatu egin behar baitugu. Gasteizeko eta Iruñeko legebiltzarrak Espainiako egitura administratibo agortutik, Euskal-Nafar Estatuaren egitura independientearen norabidean jartzeko. Borroka eta bozka, aukera politiko bakarrari eskaintzen dizkiogu, Euskal Herria Bilduri. Gure momentua da, gure esku dago!

2012/10/12

Etxerateko ordezkariak Equo eta EH Bilduko lehendakarigaiekin bildu dira

Argazkian, Etxerat eta EH Bilduko ordezkariak.

Etxerat elkarteak lehendakarigaiekin egin behar duen bilkuren erronda hasi du gaur. "Bilkura hauen helburua, lehendakarigaiek guk geuk eta gure senide eta lagunek bizi duten egoeraren berri emateaz gain, eskaera zuzenak egiteko baliatu dugu", azaldu dutenez. Eta eskaerak honako hauek izan dira:
  • Espetxe politika honek eragiten dien eta eragiten duen sufrimendua aitortzea.
  • Salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea exijitzea.
  • Politika hau desaktibatzen ez den bitartean, sortzen dituen ondorioak arintzen laguntzea eta gainera, konponbide bat ematen saiatzea.
  • Publikoki Enara Rodriguezek jasan berri duen erasoaren salaketa egitea, eta gertatu dena argitzea exijitzea. Era berean, erantzukizunak aurkitzea ere eskatzen dute.
Eskaera hauek zuzenean egin ahal izan dizkie Etxerat elkarteko Nerea Eizagirre eta Jon Fano kideek, gaur, Equo eta EH Bilduko lehendakarigaiei beraiekin egindako egindako bilkuretan:

2012/08/06

EH Bildurekin elkartu da Etxerat, preso gaixoez erantzun bateratu bat bilatzeko

Iturria: Berria.info

Etxerat euskal presoen senideen elkarteko kideak EH Bildu koalizioarekin elkartu dira gaur Donostian, EAren egoitzan, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamalau presoen berri emateko. Etxeratek uztailaren 28an iragarri zuen eragile politikoekin bilera sail bati ekingo ziola, "erantzun bateratu bat bilatzeko".

EH Bilduk ohartarazi du "euskal preso politiko askoren bizia arrisku larrian" dagoela. "Gero eta denbora eta aukera gutxiago dute Espainiako espetxeetatik bizirik ateratzeko". Haren iritziz, "espetxe politikaren helburu nagusia euskal presoen eskubideak deuseztatzea da. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa ahuldu nahi du, horretarako mendekuzko eta salbuezpeneko politika aplikatuz, eta, era berean, konponbide prozesua hondoratzeko".