Iturria: Berria.info
Etxerat euskal presoen
senideen elkarteko kideak EH Bildu koalizioarekin elkartu dira gaur
Donostian, EAren egoitzan, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten
hamalau presoen berri emateko. Etxeratek uztailaren 28an iragarri zuen
eragile politikoekin bilera sail bati ekingo ziola, "erantzun bateratu
bat bilatzeko".
EH Bilduk ohartarazi du "euskal preso politiko askoren bizia arrisku
larrian" dagoela. "Gero eta denbora eta aukera gutxiago dute Espainiako
espetxeetatik bizirik ateratzeko". Haren iritziz, "espetxe politikaren
helburu nagusia euskal presoen eskubideak deuseztatzea da. Euskal Preso
Politikoen Kolektiboa ahuldu nahi du, horretarako mendekuzko eta
salbuezpeneko politika aplikatuz, eta, era berean, konponbide prozesua
hondoratzeko".
Pello Urizar EAko idazkari nagusia izan da EH Bildutik batzarrean
izan den kideetako bat, eta bat etorri da Etxeraten eskaerekin.
"Gizatasunagatik", gaixorik diren presoek etxean egon behar luketela
esan du Europa Press-en.
Urteetan Euskal Herrian bizi izan den gatazka gainditu ahal izateko
"parte guztiek borondatea" izan behar dute, Urizarren ustez, eta salatu
du hori gaur egun ez dela gertatzen. "Parte batek badauka ekarpenak
egiteko borondatea". Espainiako Gobernuak "mugimendu puntualak" eman
ordez, "orokorrak" eman beharko lituzke, EH Bilduko kidearen iritziz.
"Bada egoera hau gainditzeko garaia".
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.