Iturria: Berria.info
Etxerat euskal presoen
senideen elkarteko kideak EH Bildu koalizioarekin elkartu dira gaur
Donostian, EAren egoitzan, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten
hamalau presoen berri emateko. Etxeratek uztailaren 28an iragarri zuen
eragile politikoekin bilera sail bati ekingo ziola, "erantzun bateratu
bat bilatzeko".
EH Bilduk ohartarazi du "euskal preso politiko askoren bizia arrisku
larrian" dagoela. "Gero eta denbora eta aukera gutxiago dute Espainiako
espetxeetatik bizirik ateratzeko". Haren iritziz, "espetxe politikaren
helburu nagusia euskal presoen eskubideak deuseztatzea da. Euskal Preso
Politikoen Kolektiboa ahuldu nahi du, horretarako mendekuzko eta
salbuezpeneko politika aplikatuz, eta, era berean, konponbide prozesua
hondoratzeko".
