Showing posts with label plentzia. Show all posts
Showing posts with label plentzia. Show all posts

2013/06/12

Bi uribekostar izango ditu iheslari politikoen mintzakidetza taldeak

Argazkian, iheslarien aldeko aldarria Algortan, artxiboko irudian / cc-by Ukberri.net

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 14 solaskideren izenak ezagutarazi ditu asteazken honetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek gatazka politikoaren konponbidean kontuan har ditzaten. Baionan eskainitako prentsaurrekoan, Kizkitza Gil de San Vicente, Jon Irazola, Lurdes Mendinueta eta Eulogio Talavera kolektiboko kideek hitza hartu dute, prozesuko eragile aktiboak izateko duten eskubidea eskatuz, eta kontuan hartzeko dei egin diete bi estatuei eta eragile sindikal eta politikoei. Horrela, gogoeta luze baten ondoren 14 ordezkari izendatu dituztela jakinarazi dute. Horien artean dira Alfontso Etxegarai iheslari plentziarra (Afrikako Sao Tomen deportatuta) eta Rakel Garcia sopeloztarra 1992tik Belgikan, Flandrian, errefuxiatua. Ondokoak dira gainontzeko mintzakideak: Tomas Linaza (Cabo Verden dagoena), Josu Lariz (Uruguai), Josu "Txutxo" Abrisketa (Kuba) eta Ipar Euskal Herrian dauden Eloy Uriarte, Lourdes Mendinueta, Jokin Aranalde, Jon Irazola, Oxel Azkarete, Jon Garmendia "Txuria", Xabier Miguel Ezkerra, Xabier Arin eta Idoia Espiaz. Baionan egin duten agerraldiak bi xede zituen: batetik, ordezkaritza hori aurkeztu, eta, bigarrenik, sostengua adierazi hainbat eragilek larunbat honetarako Miarritzeko Irati aretoan antolatu duten Elkartasun Hatsa izeneko ekitaldiari. Horretara joateko bi autobus izango dira Uribe Kostan.

2013/04/17

Kandela Eguna egingo dute larunbatean Plentzian

Larunbat honetan, hilak 20, I Kandela Eguna ospatuko dute Plentzian, Kandelaria kultur elkarteak antolatuta. Ekimenez beteriko jai eguna izango da… eta elkartasunari ere garrantzia emango diote: euskal preso eta iheslari politikoen alde egingo den jaialdia izateaz gain, lortuko diren irabazien % 0’7a Bermeoko kaltetuei ematea erabaki dute. I Kandela Eguna ekimen xumea da, diru laguntzarik jasotzen ez duena, %100 autogestionatua izanez. "Ez dugu mozkin handirik lortzea espero; hala eta guztiz, I Kandela Egunak Plentziatik Bermeora bere harri koskorra ekarri nahi du", adierazi dute antolatzaileek. 

Egitaraua:

12:00-14:00 Umeentzako jolasak: ohe elastikoak, egurrezko jolasak, aurpegiak margotzeko tailerra… 
13:00 Triki-poteoa herrian zehar. 
15:00 Herri bazkaria.
18:00 Pailazoen antzezlana.
20:00 Bideo emanaldia.
22:30 Kontzertuak: Hesian, Akerbeltz eta sorpresa gehiago… 

Bazkarirako txartelak salgai daude Algortako Amnistia tabernan, 5 eurotan.