Showing posts with label aurkezpena. Show all posts
Showing posts with label aurkezpena. Show all posts

2013/06/12

Bi uribekostar izango ditu iheslari politikoen mintzakidetza taldeak

Argazkian, iheslarien aldeko aldarria Algortan, artxiboko irudian / cc-by Ukberri.net

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 14 solaskideren izenak ezagutarazi ditu asteazken honetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek gatazka politikoaren konponbidean kontuan har ditzaten. Baionan eskainitako prentsaurrekoan, Kizkitza Gil de San Vicente, Jon Irazola, Lurdes Mendinueta eta Eulogio Talavera kolektiboko kideek hitza hartu dute, prozesuko eragile aktiboak izateko duten eskubidea eskatuz, eta kontuan hartzeko dei egin diete bi estatuei eta eragile sindikal eta politikoei. Horrela, gogoeta luze baten ondoren 14 ordezkari izendatu dituztela jakinarazi dute. Horien artean dira Alfontso Etxegarai iheslari plentziarra (Afrikako Sao Tomen deportatuta) eta Rakel Garcia sopeloztarra 1992tik Belgikan, Flandrian, errefuxiatua. Ondokoak dira gainontzeko mintzakideak: Tomas Linaza (Cabo Verden dagoena), Josu Lariz (Uruguai), Josu "Txutxo" Abrisketa (Kuba) eta Ipar Euskal Herrian dauden Eloy Uriarte, Lourdes Mendinueta, Jokin Aranalde, Jon Irazola, Oxel Azkarete, Jon Garmendia "Txuria", Xabier Miguel Ezkerra, Xabier Arin eta Idoia Espiaz. Baionan egin duten agerraldiak bi xede zituen: batetik, ordezkaritza hori aurkeztu, eta, bigarrenik, sostengua adierazi hainbat eragilek larunbat honetarako Miarritzeko Irati aretoan antolatu duten Elkartasun Hatsa izeneko ekitaldiari. Horretara joateko bi autobus izango dira Uribe Kostan.

2013/04/08

Berangoko Herrira bilgunea aurkeztuko dute hilaren 19an

Iazko otsailean sortu zen Herrira euskal preso eta iheslariekiko elkartasun mugimendua. Dagoeneko, Uribe Kostako herri nagusi ia guztietan auzokideekin batu eta herri bilguneak osatu ditu, euskal preso politikoen aurkako salbuespen neurriak indargabetu, EPPKko kideak Euskal Herrira ekarri, iheslarien aurkako jazarpena amaitu eta gatibu eta errefuxiatu guztiak etxeratzeko asmoz. Orain arte, baina, Berangon ez du izan ordezkaritzarik. Eta gabezi hori apirilaren 19an, ostirala, konpontzeko asmoa dute, Ukberri.net agerkari digitalak zabaldu duenez. Ikuspegi, iritzi eta ideia politiko ezberdinetako jendea bildu nahi du Berangon eragile berria denak. Hilaren 19ko ekimenez, bere burua aurkezteaz gain, bertaratuen kezkak argitu eta ideiak edo iradokizunak jaso nahi dituzte. Modu batean edo bestean, preso eta iheslari politikoen inguruko dinamiketan parte hartu nahi duen berangoztar orori egin diote hurbiltzeko gonbitea. Aurkezpena Berangoeta kultur etxean izango da, arratsaldeko 7:30ean.

2012/11/14

Harrera elkartea aurkeztuko dute azaroaren 29an Abianen

Argazkian, irailaren 28an, Algortako Abian kultur elkarteak bere egoitza eta taberna estreinatu zituen.

Abian kultur elkarteak azarorako antolatutako ekitaldien artean, hilaren 29an, osteguna, Harrera elkartearen aurkezpena egingo dute. Hitzordua 19:30ean jarri dute Algortako Bidebarri kaleko 2. zenbakian.

Etxera itzuli ostean, errealitatea ametsen gainetik nagusitzen zaie preso eta errefuxiatu askori. Batzuetan ikasketarik gabe, gehienetan kotizaziorik gabe, ia beti lanik izan gabe, egunerokoari aurre egin behar diote. Arazo zabala eta larria da, aspaldikoa, baina horri heldu dio Harrera elkarte berriak aro berri honetan. Gizartearekin egin nahi du... eta abian da.

2012/05/15

Maiatzak 19: 200 mobilizazio baino gehiago Euskal Herrian, Londresen eta Argentinan

Atzo goizean Doka antzokian buruturiko aurkezpenean aurkeztu zituzten larunbat honetarako izango diren deialdiak. Bertan Gose taldeko abeslariak, Inesek, abesti bat kantatu zuen eta ondoren Herrirako bi kidek testu bana irakurri zuten euskaraz eta gazteleraz.

Herrira mugimenduak plazaratutako bideoa 

2012/02/27

Herrira mugimendua aurkeztu dute Durangon



Bideoa: © Sopela.net

Elorriotik Balmasedara eta Lekeitiotik Urduñara preso eta iheslari politikoen eskubideen alde lanean gauden Bizkaiko Herrira Bilguneetako lagunak gara. Euskal Herriak bizi duen momentu historikoa aintzat harturik, gatazka politikoa konpontzeko aukera ezin hobearen aurrean gure ekarpena egiteko beharra ikusi dugun lagunok.

Horretarako preso eta iheslariak herrira ekartzea ezinbesteko urratsa dela deritzogu. Kartzelan eta ihesean daudenak gurekin batera gatazkaren konponbide integral eta demokratikoan parte hartzea aurrera pausua da bere horretan. Hau da biltzen gaituena.

2012/02/06

Herrira sortu da, presoak eta iheslariak etxera ekartzeko

Atzo goizean Donostiako Kurssalean burutu zen ekitaldian eman zituzten mugimendu berriaren nondik norakoak. Euskal preso politikoen aurka ezarritako muturreko egoerak altxatzea da une honetan Herriraren lehentasuna.