Argazkian, iheslarien aldeko aldarria Algortan, artxiboko irudian / cc-by Ukberri.net
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 14
solaskideren izenak ezagutarazi ditu asteazken honetan, Espainiako eta
Frantziako gobernuek gatazka politikoaren konponbidean kontuan har
ditzaten. Baionan eskainitako prentsaurrekoan, Kizkitza Gil de San
Vicente, Jon Irazola, Lurdes Mendinueta eta Eulogio Talavera kolektiboko
kideek hitza hartu dute, prozesuko eragile aktiboak izateko duten
eskubidea eskatuz, eta kontuan hartzeko dei egin diete bi estatuei eta
eragile sindikal eta politikoei. Horrela, gogoeta luze baten ondoren 14
ordezkari izendatu dituztela jakinarazi dute. Horien artean dira
Alfontso Etxegarai iheslari plentziarra (Afrikako Sao Tomen deportatuta)
eta Rakel Garcia sopeloztarra 1992tik Belgikan, Flandrian,
errefuxiatua. Ondokoak dira gainontzeko mintzakideak: Tomas Linaza (Cabo
Verden dagoena), Josu Lariz (Uruguai), Josu "Txutxo" Abrisketa (Kuba)
eta Ipar Euskal Herrian dauden Eloy Uriarte, Lourdes Mendinueta, Jokin
Aranalde, Jon Irazola, Oxel Azkarete, Jon Garmendia "Txuria", Xabier
Miguel Ezkerra, Xabier Arin eta Idoia Espiaz. Baionan egin duten
agerraldiak bi xede zituen: batetik, ordezkaritza hori aurkeztu, eta,
bigarrenik, sostengua adierazi hainbat eragilek larunbat honetarako
Miarritzeko Irati aretoan antolatu duten Elkartasun Hatsa izeneko
ekitaldiari. Horretara joateko bi autobus izango dira Uribe Kostan.
Horiek
guztiak izango dira Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren
ordezkariak, eta, prentsaurrekoan azaldu dutenez, haiekin "hitz egin
beharko dute zuzenean, gatazka politikoa konpontzeko". Horrela, "gatazka
politikoa konpontzeko orduan, iheslariak kontuan hartzea" eskatu diete
Espainiari eta Frantziari. "Iheslari politikoekin hitz egin behar da
euskal gatazk politikoa osotasunean konpontzeko, gordiar korapiloaren
parte izanik, askatzeko modurik zuzenena eta errazena delako", adierazi
dute. Kizkitza Gil de San Vicente nabarmendu du "ezinbestekoa" dela
euskal iheslari politikoekin hitz egitea, gatazka politikoaren
konponbideak "dudarik gabe exijitzen duelako" prozesuaren "partaide"
izan behar duen kolektiboaren "hitza" kontuan izatea. Gainera, Gil de
San Vicentek azaldu du "azken urteotan" egindako prozesu "zail" baten
ondorioz aukeratu dituztela solaskideak, eta eztabaida zaila izan dela
zehaztu du, haietako asko kontinente ezberdinetan daudelako.
Larunbatean Miarritzen
Bestalde, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Miarritzen larunbat
honetan "Elkartasun Hatsa" goiburupean egingo den ekitaldian parte
hartuko duela iragarri dute, kolektiboaren ahotsa entzunarazteko. Ildo
horretan, Lurdes Mendinuetak esan du iheslariak bertan izango direla
gatazka politikoa konpontzeko bere proposamena mahaigaineratzeko.
Halaber, euskal jendarteari parte hartzeko deia egin die.

0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.