2012/11/05

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatu du Sopelako Udalak

Argazkian, urriaren 30ean beste horrenbeste egin zuen Getxoko Udalbatzak, kasu horretan EAJren aldeko bozekin.

Sopelako Udalak Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatu du, Bildu udal taldeak aurkeztutako mozioa onartu ostean. Mozioak Bilduko zazpi zinegotzien babesa lortu zuen, joan den asteazkeneko osoko bilkuran; EAJko zinegotziak, ostera, abstenitu egin ziren eta PSE-EE taldeko zinegotzi biak eta PP taldeko zinegotziak aurka bozkatu zuten. Beraz, testuak aurrera egin zuen, aldeko zazpi boto eta kontrako hiru botoekin.

Lehenik eta behin, preso gaixoen egoera larriaren aurrean, bere kezka adierazten du Sopelako Udalak. Era berean, indarrean dagoen legea beteaz eta herritarren gehiengoaren borondatearekin bat eginaz, Madrilgo Gobernuari urrats errealak emateko deia egiten dio. Bigarren, nazioarteko eta Espainiako legedia oinarritzat hartuaz, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatzen du, beharrezkoa duten osasun tratamendua baldintza egokietan jaso dezaten eta egoera honek, bai beraientzat zein beren senitartekoentzat ere, zigor gehigarria suposatu ez dezan. Azkenik, erabaki horren berri, Madrilgo Barne Ministerioa eta Kartzela Zaintzako epaileari emango dio Sopelako Udalak. 

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.