Algortako Bilgune Feministak atzo irakurritako adierazpena:
Bilgune Feministak antolatuta, abenduan
mahai-ingurua egin zen Kafe Antzokian, emakume presoei buruz. Mamitsua
han bildutako emakumeek ziotena.
Han esandako batzuk azpimarratu nahi
genituzke gaur, labur.
Datu batzuk, kokatzeko: 607 presotatik
86 emakume, 37 espetxetan barreiatuta. 86 horietatik 1 Euskal Herrian, 54
Espainiar Estatuan eta 31 Frantsesean. 7 ama daude egun umea barruan beraiekin
dutela. Haurrak kanpoan dituzten 15 emakume daude Espainiako
espetxeetan eta 5 Frantziakoetan.
Gogora ekarri nahi ditugu, ikusgai nahi
dugu Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokak espetxera, erbestera, sasira, heriotzara eroan dituen emakume guztiak, eta
herri honetako borrokan babes, zaintza, sostengu eta iraupenean lan
eskerga egiten ari diren pertsona guztiak; izan ere, horien artean
ere gehiengo handia emakumeak dira.
Gaur, Herriraren azkeneko ostiralean
emakume presoen egoera azaldu eta salatu nahi dugu.
Hasteko, gaurko ereduan, patriarkatuan,
gizarte osoa bezala, espetxeak ere gizonentzat pentsatuta daude.
Emakumeok, pentsamolde patriarkalean, zaintza, gozotasuna,
afektibotasuna, menpekotasuna ditugu ezaugarri eta, hartara,
espetxeetan ikusezinak gara, gizonezkoentzat antolatutako espazioetan
hala moduz moldatu edo egokitu beharrekoak.
Zer aurpegiratzen zaio emakumeari
atxilotzen duten unetik? Ukatzen zaio militante izaera, eta
leporatzen zaio zaintza, ardura eta maitasun “rola” hautsi izana.
Ez zaio barkatzen ustezko emakume-roletik urruntzea, ez zaio
aitortzen bere erabakiak hartzeko, bere borroka erabakitzeko
ahalmenik. Espetxera sartzen denean ere, umiliazio eta irain iturri
da haustura hori beti. Zelako “emakume” gaiztoa den gogoratzen
zaio behin eta berriro.
Zergatik diogu hori? Espetxean lehia,
indarkeria, erasoa, norgehiagoka dira nagusi. Eta emakumeok, gizarte
honetan, bestela hezi gaituzte, hasi-hasieratik. Boterean, indarrean
oinarritutako eskemetan, bigarren mailako izatea ezarri digute,
erabaki eta eragin esparruetatik kanpo nahi izan gaituzte beti.
Hartara, bigarren mailako “preso”
ere bagara. Kirola, ikastaroak, jarduerak oso mugatuta ditu emakume
presoak. Kirola ez ei da emakumeen kontua, ikastaroak, betiko rolekin
lotutakoak soilik merezi dituzte, josi, eskulanak, garbiketa,
sukaldaritza... menpekotasunaren eta zaintzaren rola betikotzeko,
kaleratzean ere lan prekarioetara kondenatzeko.
Objektu sexualtzat dituzte,
sexualitatea ukatzen zaie, gizonezkoak asetzeko daude. Gizonak dira
sexu-beharrak dituztenak, gu haien grinak baretzeko izakiak besterik
ez gara.
Ama izatea ere abentura latza izaten
da. Euskal presoen kasuan, gurasoei ezarritako erregimenak haurraren
eskubideak murrizten ditu, beste umeek dituzten aukerak ukatzen
zaizkie euskal presoen seme-alabei espetxeetan, aita ere preso badute
espetxe barruan harekin egoteko tartea, adibidez. Guraso izatea ama
izatera soilik mugatzen da espetxean, horrek dakartzan gazi-gozo
guztiekin.
Luze jardun genezake egunerokoaren
xehetasunak zerrendatzen baina ez da gaur dugun helburua.
Herri borrokatik harantzago,
espetxeetan, emakumeek patriarkatuaren bidegabekeriaren kontzientzia
handiagoa hartzeko aukera ere badute, asko eta asko hor ohartu dira
feminismoaren beharraz, emakumeen boteretzearen beharraz, Euskal
Herriaren askapenean, askatasunean eta eraikuntzan gure ahotsa, gure
iritzia, gure eskubideak, gure ikuspegia, gure balioak kontuan hartu
behar direla.
Alferrik ariko dira boteretzen,
patriarkatuari mozorroa kentzen, emakume eta militante kontzientzia
lantzen, baldin eta Euskal Herrian bizitzen ari garen prozesuan parte
hartzen ez badute, baldin eta haien ikaspenen berri ez badugu eta
gure etorkizuna marrazteko baliatzen ez baditugu.
Gaur guk hemen konpromisoa hartzen dugu
eskualdeko emakume presoengana heltzeko, haiei entzuteko, hemengo
berri emateko, ikusgai egiteko eta beraien ekarpen eta bizipenen
bozgorailu izateko.
Sasian, erbestean dauden emakume
guztiei ere gure besarkadarik sentituena.
Bestalde,
hilabetero, azkeneko
igandean, zine-foruma egiten dugu Abian elkartean. Etzi "Sagarren
denbora" dokumentala ikusiko dugu, gure eskualdeko Alfon Etxegarai eta
bere bikotekide Kristian Etxaluzen bizimoduari buruz. Alfon Sao Tomen
bizi da. Tortura latzak egin zizkioten Ekuadorren eta handik Sao
Tomera bidali zuten.
Gonbidatuta zaudete.
Gora Euskal Herri aske, euskaldun eta
feminista! Gora emakumeon borroka!
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.