Otsaileko azken ostiraleko elkarretaratzea Algortan (argazkiak)
Atzo, otsaileko azken ostirala, 140 lagun inguru elkartu ginen Algortako Telletxe plazan, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatzeko asmoz. Hain zuzen ere, Algortako Herrira bilgunearen eskuetatik hartu zuen elkartasunaren kriseilua Algortako Bilgune Feministak, horiek guztiak defendatzeko konpromisoa hartuz. Aipatu eragileak emakume presoen egoera azaldu eta salatzeko baliatu zuen atzoko hitzordua, bigarren mailako presotzat dituztela azpimarratuz. Algortako Bilgune Feministak adierazi zuenez, "gaur guk hemen konpromisoa hartzen dugu eskualdeko emakume presoengana heltzeko, haiei entzuteko, hemengo berri emateko, ikusgai egiteko eta beraien ekarpen eta bizipenen bozgorailu izateko". Algortako Herrira bilguneak, bere aldetik, Sergio Polo preso politiko sopeloztarraren isolamendu egoera; Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Itzubaltzeta / Romoko preso politikoari ezarritako 197/2006 doktrina; Arkaitz Goikoetxea Basabe preso politiko getxoztarra eta Aitor Cotano Sinde gatibu algortarra berriz epaitzeko eskaera; eta Pol Asensio Millan algortarraren ezkontza izan zituen hizpide.
Euskal preso politikoen egoerak okerrera egin duela azpimarratu behar dugu, Etxerat elkarteak joan den igandean Leioako campusean egindako Nazio Batzarrean adierazi bezala.
Sergio Poloren eskubideen alde! Isolamendurik ez!
Besteak beste, Sergio Polo Escobes preso politikoaren egoera latzaz ohartarazi gaitu Sopelako Herrira Bilguneak. Kordobako kartzelan dago Sergio eta lehenengo graduan eta isolamendu moduluan bakar-bakarrik daukate, 2012ko abuztuaren hasieran Valentziako Picassent kartzelatik bertara eraman zutenetik. Bada, aste hauetan jakin izan dute beste sei hilabetez luzatu diotela zigorra eta urte oso bat isolamenduan mantenduko dutela horrek dakarren guztiarekin.
Horren aurrean, Sergio Polori elkartasun mezuak bidaltzera aninatu nahi zaituztegu. Baita Kordobako espetxeko zuzendaritzari kexak helaraztera ere.
Kitxu askatu! Biziarteko zigorrik ez!
Etxeratek 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrinaren aurkako borroka lehenetsi zuen igandeko Nazio Batzarrean. Hain zuzen ere, joan den astean jakin genuen Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Itzubaltzeta / Romoko preso politikoari aipatu neurria ezarri diotela. Egun Valladolideko espetxean dago Kitxu eta 19 urte daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, orain baliteke 11 urte gehiago barruan eman behar izatea. Hori salatzeko, udaletxean aurkezteko sinadura bilketa abian jarri du Itzubaltzetako Herrirak. Algortan, Amnistia tabernan zein Abian elkartean aurkituko dituzue sinatzeko orriak.
Hain zuzen ere, martxoaren 20an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak Inés del Río presoaren kasua berraztertzeko saioa egingo du. Eta hurrengo hilabeteetan ezagutzera emango den epaia, Tafallako presoari ez ezik, zigorra osorik bete ondoren espetxean jarraitzen duten preso guztientzat erabakigarria izango da. Egun horretan, elkarretaratzeak burutuko dira Euskal Herri osoan, Herrira mugimenduak deituta. Beraz, adi mobilizazioetara!
Arkaitz eta Cotano askatu!
Espainiako epaitegietan ere gure bi auzokideen kontrako eraso berri bat jasan behar izan dugu aste honetan bertan. Getxoko Justizia Jauregiaren kontrako atentatu saiakeraren auzian, Arkaitz Goikoetxea Basabe preso politiko getxoztarra eta Aitor Cotano Sinde gatibu algortarra berriz epaitzeko eskatu zuen, asteazkenean egindako bistan, Espainiako Auzitegi Goreneko fiskalak. Biak ala biak absolbitu egin zituen 2012ko maiatzean Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor arloko 4. salak; tribunalaren ustez, ez dagoelako akusatuen parte hartzea froga dezakeen oinarririk. Fiskalak 44 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen bakoitzarentzat.
Zorionak Pol eta Iratxe, baita Sare alaba txikia ere!
Baina ez dira guztiak berri txarrak izango. Astelehenean ezkondu ziren Pol Asensio Millan preso politiko algortarra eta Iratxe bere bikotekidea.
Preso gaixoak etxera!
3/4ak beteta dituzten presoak kalera!
Biziarteko espetxe zigorrari ez!
Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira!
Euskal presoak etxera!
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.