Argazkian, "Kitxu" hiletatik
ateratzen zutenean / cc-by Ukberri.net
Lehenik
eta behin eta une zail hauetan, besarkadarik bero eta zintzoena
helarazi nahi genizuke Valladolideko ziega hotz horretara. Itzubaltzeta /
Romoko herria zurekin dago! Maite zaitugu, "Kitxu"! Gehienok, 18 urte
luzeotan, gure herriko horma desgastatuetan ezagutu zaitugu, beti
irribarrez, beti duin. Askok, Erdialdeko Amerikako gerra eta parapente
magikoen hitzak elkartzen entzun dugu zure ahots sendo baina era berean
goxoa. Behin eta berriz saiatu dira zure aurpegia bahitzen, agian
despistatu batek betiko desagertu zarela uste izateko. Abenduaren 24ko
arratsaldea heldu zen, zure ama Angelitaren hileta, eta auzoko herritar
guztiok bertan geunden, momentu gogor hauetan zu laguntzeko
helmugarekin. Polizia-autotik atera zintuzten eskuburdinez loturik
elizan sartzeko eta lehenengo oihu eta animoak heldu zitzaizkizun;
bueltan, zure irribarre ezkutua gure bihotz hunkituetara iritsi zen.
Honekin batera, demokrazia eta bakea kolpez defendatzen duten
kasko-gorriak heldu ziren bultzaka, baina zurekiko maitasuna are
indartsuagoa denez, bertan geratu ginen, isilik baina aurrean. Eliza
barruan ere, armairu armatuz inguraturik zeunden. Nora uste zuten ba
alde egingo zenuela? Zer uste zuten, bada, zure auzokideok egingo
genuela? Sermoigileak kartzela politika kritikatu zuen, preso dagoen
semeari azken muxua ama gaixoari emateko aukera lapurtzen diola esanaz.
Sartu
zintuzten ate berberetik atera zintuzten, eta zu ikustean erortzen
zitzaizkigun malkoak irentsi eta amorru bihurtu genituen. Ehunka eta
ehunka animo garrasi urratu, mila muxu eskaini genizkizun, eskuetan sua
sortu arteko txalo zaparrada, hitzik behar ez duten begiradak, ukabilak
gora... Nahiz eta armekin, maitasun adierazpen horiek guztiak ezabatu
nahi izan, nahiz eta gure kontra oldartu, ez genuen pausorik atzera egin
eta azkenera arte, zure ondoan gelditu ginen. Zin egin genuen bezala.
Euren legearen arabera, aspaldi egon behar zinen libre gure artean, zure
amaren besartean; eta zu bezala noski, ehunka euskal preso politiko.
Gaixoak, kondenaren 3/4 eta 2/3 bete ditu-zuenok, doktrina maltzur eta
bihozgabekoa jasaten zaudetenok, kilometro amaiezinetara
sakabanaturikoak, sorterria atzean utzitako iheslariak. Madrilgo zein
Parisko gobernuek xantaia gisa erabiltzen dituzte preso politikoak,
aurrera doan prozesua stand-by-ean abandonatzeko. Trukean jolasteko
txanpon bezala dauzkate euren beldurrezko ziegetan, presoak, senide eta
lagunen oinazea luzatzeko. Beraz, zuongatik, guregatik eta gure
hurrengoengatik ezin dugu partida hau galdu, irabazteko ordua heldu
zaigu, orain edo inoiz ez! Lehenik, Urtarrilaren 12an Bilboko karrikak
eztanda eginarazi behar ditugu eta 13an, 14an, 15ean... ere bai, gure
exijentzia demokratiko eta humanoa geldiezina bihurtu arte. Olatu
erraldoia eratu behar dugu, sasi mandatariei, indarrean daukaten espetxe
politikak kostua ekar diezaiela, bertan behera uztera behartuta senti
daitezen.
Azken hitzak zuretzako dira, Angelita. Lasai eta harrotasun osoz joan,
joan beharreko tokira, eta orain deskantsatu, merezita daukazu-eta.
Angelita, adiorik ez dago, gero arte baizik. Animo Kitxu, zurekin gaude
eta betiko egongo gara!
Unai Gorozika Pikasarri, Itzubaltzetako Herriraren izenean Ukberri.net agerkari digitalean plazaratutako iritzi artikulua.
Kitxu amaren hiletara ekarri zuteneko bideoa
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.