Bere apustu politikoa lehenik sakabanaketarekin amaitzea dela adierazi du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK), "Euskal Herrian denok biltzeak beste
baldintzak sortu eta aukera berriak erraztuko dituelako alde
guztientzat". 1996ko otsailaz geroztik Euskal Herriratzeko etenik gabeko
dinamikan murgilduak diren arren, orain, euskal jendartearen eta eragile
sozial, politiko eta instituzionalekin batera "urrats erabakiorrak
emateko garaian" gaudela aipatu du plazaratutako agirian EPPK-k: " Jokoan duguna ez da gure egoeraren hobetzea,
jokoan dagoena prozesuaren bideragarritasuna da, etsaiak temati eta
arduragabeki zapuztu nahi duena eta lor dezan inork permititu ezin
duguna", gaineratu duenez.
2013ra begira dinamiko berriak iragarri ditu EPPKk:
- Gaur barau eguna egingo dute espetxe guztietan sakabanaketarekin amaitu eta Euskal Herriratzea aldarrikatzeko.
- Urtarrilaren 12an, Bilbon deitua den mobilizazio erraldoiaren egunean komunikazio greba burutuko dute, bisita oro bertan behera utziz. "Senide eta lagunekin, herritarrekin, Bilbon izango gara. Hitzordu garrantzitsu honek auzo herri eta maila orotan, dinamika iraunkor eta eraginkorra ekarri behar du. Guztiok mobiliza gaitezen deialdi berezia egin nahi dugu, guztion esku dago eta egoera iraultzea", azaldu dutenez.
- Urtarriletik aurrera hileko hirugarren ostiralean doktrinapean bahiturik direnak berehala kaleratzeko eta kondizionalean daudenak ere kaleratzeko ekimenak burutuko dituzte. Hileko azken ostiralean Euskal Herriratuak izateko ekimenak.
