2012/08/08

Etxerat: "Gu ere heriotza zigorrera kondenatuta gaude"

Argazkian, prentsaurrekoa eman du gaur Etxerat elkarteak.
 
Gaur larritasun handiko prentsaurreko honetarako dei egin behar izan dugu egoeraren larritasunak honela eskatu duelako. Beste behin, sakabanaketa politikaren ondorio lazgarriak salatu behar ditugu. Beste behin diogu, behin eta berriro ohartarazi izan dugulako politika ondorioak jasaten ari garela. Gure bizitzak etengabe arriskuan jartzen ari garela, eta jada heriotza ugari eragin duen politika honen hurrengo heriotza gutako edonorena izan daitekeela.
 
Azken istripua atzo bertan pairatu behar izan zuten Mikel Egibarren bikote eta seme-alabek. Zuerako espetxetik etxera itzultzen ari zirela. Suhiltzaileek atera behar izan zituzten euren autoetatik eta zuzenean bikotea eta hamalau urteko semea Clínico de Zaragoza Ospitalera eraman zituzten; hamabi urteko alaba, berriz, Miguel Servet Ospitalera eraman zuten. Badirudi alaba ondo dagoela, nahiz eta egoerak urduritasun handia eragin dion. Bikoteak eta semeak ondorio larriak jasan dituzte. Bikotea intubatuta eta sedatuta dute. Traumatismo kraneoentzefalikoa du. Arnasa hartzeko arazoak ditu, izan ere, masailezurra txikituta du. Semeak humeroa puskatua du, eta toraxean, buruan, eta masailezurrean kolpeak ditu. Biei ebakuntzak egingo dizkiete. 
 
Azken egun hauetan errepikatu dugu gure senideak heriotza zigorrera kondenatuak daudela. Iosu Uribetxebarria da horren adibide. Hiltzera doa eta preso jarraitzen du. Baina, gauza bera gertatzen da gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamahiru presoekin ere. Hau nahikoa ez, eta badirudi gu ere heriotza zigorrera kondenaturik gaudela. Edozein unetan, edozein errepidetan edota edozein espetxe aurrean bizitza gal dezakegu, bai Algecirasen, Bapaumen, edota Zueran ere. Sakabanaketak kilometroetatik haratago eragiten baitu.
 
Sakabanaketa eta istripua irudikatzen dugunean, senide helduak irudikatzen ditugu, baina, istripu honek argi eta garbi erakutsi du ez duela bereizketarik egiten. Atzokoan bi haurrek euren bizitza arriskuan izan zuten. Eta honen aurrean sakabanaketa babestu eta mantentzen duten alderdi zein instituzioek zer dute esateko? Zergatik derrigortzen dira umeak aita ikusteko ehunka kilometro egitera?
 
Gauzak honela, alderdi politikoei eta instituzioei behingoz arduraz eta zentzuz jokatzeko exijitzen diegu. Jada hamasei senide eta lagunek bizia galdu dute errepideetan, eta hala ere, sakabanaketak bere horretan jarraitzen du. Adin txikiko senide batek hil behar al du behingoz ardura politikoz jokatzeko eta sakabanaketarekin amaitzeko? Eta eman beharreko pausuak eta exijentziak burutzeko? Zerren zain zaudete?

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.