Showing posts with label mikel egibar. Show all posts
Showing posts with label mikel egibar. Show all posts

2012/08/27

Mikel Egibar, euskal preso politikoa: "Sakabanaketa: burdin nahaspila. Noiz arte?"

Burdinen artean askatasunaren oihuak ihes egiten du. Sakabanaketak sorrarazitako burdin nahaspiletatik bizitzaren edo heriotzaren oihuak negar zotinka ihes egiten du. Askotan errepidetako istripuak zortearekin edo patuarekin lotzen dira. Baina sakabanaketaren ondorioz gertatzen diren istripuak patuarekin lotu al da? Ez borobila. Sakabanaketak duen helburuetariko bat presoen zein beraien senideen artean izua sortzea da, eta horretarako noizbehinka derrigorrez istripuak egon, egon behar dira. Oraingo honetan, bi ume eta ama bat izan dira Estatuaren “ lorpena ”. Zorionak zuen koldarkeriagatik! 

Azken urte honetan, asko gara Euskal Herriko egoera politiko soziala guztiz indarberritzeko konpromisoa hartu dugunok. Iraganean bizitako sufrimendua ez errepikatzeko belaunaldi berria bultzatu behar dugu. Espero dut Eñautek eta Iratik bizitza osorako beraien azalean eramango duten orbainek belaunaldi berri horren partaideak izateko ez diela oztoporik jarriko; beraiek, txikitatik pairatzen ari baitira Estatuaren biolentzia gordina. Nahiz eta jakin istripu honen arduraduna zein den, ez diot inori barkamenik eskatzen; ez baitut sinisten sentimendu bat erretorika politikoaren bitartez bere zentzua manipulatzen denean. Barkamenik ez, beraz, baina bai errekonozimendua; Estatuak errekonozi dezala sakabanaketa dela gatazka biolentoaren tresna bat, eta nire senide zein bortizkeria hori pairatzen duten euskal preso politiko guztien senideek jaso dezatela gutxiengo errekonozimendua. 

Ez nuke lerro xume hauek bukatu nahi nire esker ona adierazi gabe. Mila esker lagunak, etxekoak, kideak, ingurukoak, herrikoak, Zaragoza bertatik jasotako elkartasuna: zuen elkartasun eta maitasunik gabe garratzagoak izango ziren bizitako une ilunak. 

Eta azken hitza, zuretzat, Iosu: animo eta mila esker guztiagatik. 

Mikel Egibar, euskal preso politikoa

2012/08/26

Istripu larria izan zuten Mikel Egibarren senideen egoera, Iñaki Erroren espetxe baldintzak eta Martuteneko espetxeko gertaera

1.- Pasa den abuztuaren 7an Zuerako espetxetik bueltan Mikel Egibar euskal preso politikoa bisitatzetik zetozen adin txikiko alabak eta semeak alta medikoa jaso dute. Alabak abuztuaren 21ean eta semeak 22an. Emaztea Donostiako Ospitaleko plantan aurkitzen da, ingresaturik. 

Mikel Egibar presoaren senideek Donostiako Ospitaleko tratamendu medikua jaso dute. Egibarren alaba, pasa den abuztuaren 11ean ekarri zuten Miguel Servet Ospitaletik Donostiako Ospitalera. Bertan bizkarreko bosgarren ornoa zanpatua eta lekuz mugitua zuenez, “Korsea” jarri diote eta lau hilabetez inmobilizatua egon behar du. Bitartean Ospitaleko tratamendua jaso eta errebisioak egin beharko dizkiote bere zaurien garapena ikustatzeko. Errekuperazioa luzerako izango du. Alta medikoa pasa den abuztuaren 21ean jaso zuen. 

Egibarren semeak berriz, eskubiko hankako humeroa hautsia du eta ebakuntza abuztuaren 16ean egin zioten. Ebakuntzaren emaitzak onak izan dira. Abuztuaren 14ean ekarri zuten Zaragozako Klinikatik Donostiako Ospitalera. Alta medikoa abuztuaren 22an jaso zuen, naiz eta tratamenduan jarraitu eta errebisio medikoak egin behar dizkioten. Berak ere errekuperazioa luzerako izango du. 

Azkenik, kotxe istriputik kaltetuen atera zena, Mikel Egibarren emaztea, Donostiako Ospitaleko plantan aurkitzen da. Pasa den abuztuaren 20ean ekarri zuten Zaragozako Miguel Servet Ospitaletik, non UCIko eremuan aurkitzen zen zainketa berezietan. 16 egun daramatza ingresatuta. 13 egun eman ditu Zaragozako Miguel Servet Ospitaleko Harrera Berezietako Unitatean. Medikuen esanetan, bere osasunaren garapena hobera egiten ari da, naiz eta Ospitalean denbora luzea eman beharko duen. Tratamendu antibiotikoa, errehabilitazioa eta masailean egin beharreko ebakuntza aurre ikusita dagoen, naiz eta bere osasun egoera egonkortu arte itxaron beharko duten aipatu ebakuntza egiteko. 

2012/08/08

Etxerat: "Gu ere heriotza zigorrera kondenatuta gaude"

Argazkian, prentsaurrekoa eman du gaur Etxerat elkarteak.
 
Gaur larritasun handiko prentsaurreko honetarako dei egin behar izan dugu egoeraren larritasunak honela eskatu duelako. Beste behin, sakabanaketa politikaren ondorio lazgarriak salatu behar ditugu. Beste behin diogu, behin eta berriro ohartarazi izan dugulako politika ondorioak jasaten ari garela. Gure bizitzak etengabe arriskuan jartzen ari garela, eta jada heriotza ugari eragin duen politika honen hurrengo heriotza gutako edonorena izan daitekeela.
 
Azken istripua atzo bertan pairatu behar izan zuten Mikel Egibarren bikote eta seme-alabek. Zuerako espetxetik etxera itzultzen ari zirela. Suhiltzaileek atera behar izan zituzten euren autoetatik eta zuzenean bikotea eta hamalau urteko semea Clínico de Zaragoza Ospitalera eraman zituzten; hamabi urteko alaba, berriz, Miguel Servet Ospitalera eraman zuten. Badirudi alaba ondo dagoela, nahiz eta egoerak urduritasun handia eragin dion. Bikoteak eta semeak ondorio larriak jasan dituzte. Bikotea intubatuta eta sedatuta dute. Traumatismo kraneoentzefalikoa du. Arnasa hartzeko arazoak ditu, izan ere, masailezurra txikituta du. Semeak humeroa puskatua du, eta toraxean, buruan, eta masailezurrean kolpeak ditu. Biei ebakuntzak egingo dizkiete. 
 

2012/08/07

Mikel Egibar preso zizurkildarraren senideek istripu larri bat pairatu dute

Mikel Egibar euskal presoaren bikoteak eta seme-alabek istripu larri bat pairatu dute, bisitatik bueltan zetozela. Mikel Egibar zizurkildarra da eta Zuerako espetxean aurkitzen da egun. Istripua gaur eguerdian gertatu da, Zaragoza inguruan. Kamioi batekin izan dute istripua eta suhiltzaileek atera behar izan dituzte autotik.

Hirurak ospitalean aurkitzen dira. Bikotea eta hamalau urteko semea Zaragozako Klinikan aurkitzen dira; eta hamabi urteko alaba Miguel Servet ospitalean aurkitzen da. Bikoteak eta semeak jasan dituzte istripuaren ondorio larrienak; larri daude, baina, egonkor. Alaba ere egonkor dago.