Argazkian, gaurko agerraldia Donostian.
Jone Lazkoz (Jesus Mari Mendinuetaren bikotea):
Gaur
hemen bildu garen senideak preso gaixo larrien senitartekoen
ordezkariak gara, eta ezin hobeto ezagutzen dugu gaixotasun larri eta
sendaezinak dituzten gure senideen egoera erreala zein den. Hauen artean
aurkitzen da Iosu Uribetxebarria, zoritxarrez oraindik preso jarraitzen
duena. Izan ere, Espainiako Espetxe Zaintzako Jose Luis Castro epaileak
Iosu Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna onartu zuen pasa den
astean. Baina, hau ez da gauzatu oraindik.
Iosuri
2005eko apirilean neurri handiko tumore bat detektatu zion urologoak
ezker aldeko giltzurrunean eta urte bereko maiatzean minbizia
diagnostikatu zioten. 2005eko ekainaren 9an, ezkerreko giltzurruna kendu
ziotean; ondorioz, bizi arteko kontrola eta tratamendua beharko zuela
jakinarazi ziotelarik. 2006ko abenduan gaixotasun larri eta sendaezina
izateagatik bere baldintzapeko askatasuna eskatu zen Madrileko Espetxeko
Zaintza Epaitegi Zentralean, 2007an ukatu ziotelarik. 6 urte geroago
baldintzapeko askatasuna onartu dute, baina hala ere, preso jarraitzen
du, berehala aske beharko lukeen arren. Egoera krudel honetan preso
jarraitzeak, gure senide eta lagunei salbuespeneko neurriak aplikatzen
dizkietela baieztatzen du honek.
Espetxeko
bizi baldintzek eragin zuzena izan dute Iosuren egungo egoeran. Izan
ere, espetxean mantenduz, jarraipen eta tratamendu egokia jaso gabe,
kanpoan egonik baino arrisku handiagoa zuen gaitza berpizteko. Kalean 2
urtetan mota honetako gaitza berpizteko arriskuaren aukera %51koa
delarik jada.
Espainiako gobernuak Iosuren
askatasunaren aurrean eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten
beste hamahiru presoen aurrean duen jarrerak argi erakusten dute zer
nolako mendeku gosea duten. Giza eskubideen defendatzaile direla
aldarrikatzen duten horiek etengabe aritzen dira gure senide eta lagunei
eta guri moral klaseak ematen, legea izaten dituzte hizketagai. Baina,
gure senideen eskubideez eta eurei aplikatu beharreko legeei buruz ari
garenean, guzti hau albo batera utzi eta publikoki adierazten dute ez
zaiela gure senideen egoera inola ere axola. Horregatik, pertsona
demokratiko zein moral garbikoak diren horiengana zuzentzen gara.
Hainbestetan eskatu dugun eskubideen errespetua gauzatzeko garaia iritsi
delako. Eta exijentzia hauek egin ditzakegula uste dugu, guk, herrialde
honetako beste hainbat familiak bezala, oso ondo dakigulako zer den
sufrimendua. Egunero lehen pertsonan bizi baitugu, gure senideen
bizitzak eskuetatik alde egiten digun bitartean. Zer egiteko asmoa duzue
guztion sufrimenduarekin amaitzeko? Noiz hasiko zarete guztion
giza-eskubideak errespetatzen?
Ezin dugu ahaztu
gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamahiru presok
espetxean jarraitzen dutela, eta kalean egon beharko luketela. Bereziki
aipagarria delarik Txus Martinen kasua. Txusek nahasmen eskizo-afektiboa
du. Eta Laguntza Protokoloa ezarria du. Hala ere, abuztuaren 28an
Zaballako espetxeak bat-batean protokoloa hautsi, eta Txus ordu batzuez
bakarrik utzi zuen. Espetxeak, eta zehazki isolamendu edo bakartzeak,
eragin zuzena du bere osasunean. Izan ere, Txus ia 8 urtez erabat
bakartua egon da espetxean, eta egoera honek eragin dio egungo
gaixotasuna. Honegatik, ezin du inola ere bakartua egon! Eta Laguntza
protokoloa ezarria du, bere buruaz beste egiteko arrisku erreala
duelako!
Iosu Uribetxebarria, Txus Martin,
Gotzone Lopez de Luzuriaga, Josetxo Arizkuren, Inmakulada Berriozabal,
Iñaki Etxeberria, Jesus Mª Mendinueta, Jose Angel Biguri, Jose Migel
Etxeandia, Iñaki Erro, Gari Arruarte, Aitzol Gogorza, Jose Ramon Lopez
de Abetxuko eta Isidro Garalde ez dira hamalu pertsonen izen soilak.
Gure hamalau senide dira eta hitzak albo batera utzita, berehala gurekin
batera, bizirik etxean izan nahi ditugu!
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.