Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiaren ostean pozik
daude euskal presoen abokatuak. Ines del Rio Pradaren auzian arrazoia
eman die, eta Espainiako Estatuak Parot doktrina gisara
ezagutzen den 197/2006 doktrina aplikatu duenean, presoaren oinarrizko
eskubideak urratu direla esan du. Del Rioren aldeko epaia izateaz gain,
doktrinaren kontrakoa dela ere ulertu dute euskal presoen abokatuek.
Izan ere, ez du Del Rioren auziko zehaztasunengatik ematen epai hori,
baizik eta doktrina ezartzeko moduarengatik eman du, orokorrean. Beraz,
horrek 197/2006 doktrina aplikatu dieten preso guztientzat balio duela
uste dute abokatuek, eta haiek guztiak berehala aske uzteko eskatu dute.
Espainiako Gobernuak ez zuela Estrasburgoren ebazpena beteko
jakinarazi zuen epaiaren berri jakin orduko, eta helegitea jarriko zuela
iragarri zuen. Helegite horrek, ordea, bide motza duela uste dute
abokatuek. Doktrinak "hiltzeko ziztada" jaso duela uste dute, eta
horregatik, Espainiako Gobernuak "agonia luzatzea" erabaki duen arren,
azkenean doktrina indargabetu beharko duela iragarri dute.
Del Rio "ahalik eta azkarren" aske uzteko eskatu zion Estrasburgok
Espainiari, eta 30.000 euroko kalte ordaina ematea ere bai. Halakorik ez
duela egingo iragarri du Espainiak, eta abokatuek irakurketa argia
egiten dute: "Espainiak eskubideak urratzen jarraitu nahi du". Amaia
Izkok, Ainhoa Bagliettok, Didier Rougetek eta Alfonso Zenonek argi
daukate: "Egoera hau berbideratu egin behar da".
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.