2012/07/28

Etxerat: "Honek egoera ezin larriago batean kokatzen gaitu: Iosu heriotz zigorrera kondenatu dute"

Argazkia: © Mondraberri

Mattin Troitiño (Etxerat elkartera):

Duela 9 egun Josu Uribetxeberria euskal preso politikoa Leongo ospitalean ingresatu zuten. Epealdi motza izan arren, Etxeraten alarma guztiak piztu zituen, pasa den asteazkeneko prentsaurrean adierazitako kezkak erakutsi zuen bezala. Gure senide presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko neurriek, euren eskubideen urraketa jarrai eta sistematikoak beraien eta gure sufrimendua besterik ez dute bilatzen. Orain artean azaldu dugun ezinegona eta kezka egun, guztiz justifikatuak daudela badakigu. 

2005eko apirilean, Josuri giltzurruneko minbizia diagnostikatu zioten. 2006ko abenduan, legean onartua dagoen baldintzapeko askatasuna eskatu zen, bere gaixotasun larri eta sendaezina dela eta.  2007ko uztailan askatasun eskaera horren ukapena jakinarazten diote. Espetxe politikaren makinaria martxan zegoen jada.

7 urte hauetan zehar, hasierako diagnostikoa egin ziotenetik, espetxeak bere gaixotasunean izandako eraginak bere egungo osasun egoera okertu du. Bi nodulu topatu berri baitizkiote, bata buruan eta bestea birikietan.  Honek ezin egoera larriago batean kokatzen gaitu: Josu heriotz zigorrera zigortu dute.

Horregatik, eta ez beste ezergatik, ukatu zioten baldintzapeko askatasuna, espetxeko bizi baldintzetan mantendu zuten eta osatzea galarazi zioten. Helburu honekin, legeak baztertu zituzten eta  eskubideak urratu zituzten. Helburu honekin eta horretaz oso jakitun izanik gainera.

Ez dugu inor bere arduretatik salbuetsiko: ez espetxe politika hau diseinatu zutenak, ez betearazten dutenak, ez eta beraren konplizeak direnak ere. Ez dugu egingo eta ezin dugu egin,  Josu bezala,  gaixotasun larri edo sendaezinengatik kalean egon beharko luketen beste 13 senide, espetxean mantentzen dituztelako. Hori da hain zuzen exijitzen duguna: Josu Uribetxeberriaren berehalako askatzea eta, berekin batera, beste 13  preso gaixo larrien askatzea.

Datozen egunetan alderdi politikoekin erronda burutuko dugu egoera larri honek eskatzen duen salaketa eta erantzun bateratua bilatzeko. EAEko eta Nafarroako Arartekora joko dugu ere. Berdin egingo dugu euskal gizarteari begira, denon artean arduraz eta determinazioz erantzuteko: inoiz ez zelako justifikaziorik egon, eta aitzakiak amaitu direlako. Inoiz errepikatu behar ez delako: GURE SENIDE PRESO GAIXOAK ETXERA ORAIN!

Estatu espainolari galdetu nahi eta beharko genioke: Josurekin egindakoa, beste guztiekin egin nahi  al du? Zein helbururekin? Zeren eta zeinen interesen mesedetan?

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.