2012/07/11

Herritarren mobilizazioak emaitzak dakartzala azpimarratu du Herrirak

Estrasburgoko giza eskubideen tribunalak Ines del Río presoaren kasuan, 197/2006, euskal presoei bizi arteko zigorra aplikatzeko doktrinari buruz emandako ebazpena baloratuko dugu jarraian.

Hasterako, herritargo zabala zoriondu nahi dugu, euskal presoen eskubideen aldeko ebazpen hau hainbeste jenderen elkarlan sendoaren emaitza gisa ikusten dugulako. Jorratzen ari garen bideari balio handia ematen dio ebazpenak, eta honenbestez, eskubideen aldeko lan garrantzitsu honetan jarraitzera animatzen gaitu eta animatzen dugu jendea.
Ebazpena oso argia eta sendotasun handikoa da, eta Espainiako Estatuari aukera itzela zabaltzen dio bakera hurbildu dadin eta presoen eskubideak errespetatuz urratsak eman ditzan.

Ebazpena garrantzia handikoa da, Ines del Rio kartzelan mantentzea ez ezik, doktrina bera ez legezko eta oinarrizko giza eskubideen aurkako jotzen baitu, aho batez gainera.

Ebazpenaren arabera, doktrina honek Europako Giza Eskubideen konbenioko 5.1. eta 7. artikuluak urratzen ditu, hau da, zigorraren luzapena bidegabeko jotzen du batetik, eta askatasunerako eta segurtasunerako oinarrizko giza eskubideak urratzen direla ebazten du bestetik.

Ebazpenaren arabera Espainiar Estatuak Ines del Río presoa aske utzi behar du, aurrerantzean Ines kartzelan mantentzea, orain arte bezala injustizia larria izateaz gain, gaur legez kanpokoa baita.

Garrantzia handikoa jotzen dugu ebazpen hau, Ines del Rio presoaren kasuan oinarritzen bada ere, bere edukietan 197/2006 doktrinaren funtsa baita aztertzen duena, eta ez legezkotzat jotzen. Honen arabera, Estatu demokratiko baten aldetik doktrina hau bertan behera uztea eta bere ondorioak berehala konpontzea litzateke ondorengo urrats logiko bakarra.

Hartara, gobernuak doktrina ezarri zaien 80 preso baino gehiagoren egoera konpondu behar luke, eta doktrina hau aplikatzeari utzi, kondena bete duten preso guztiak aske utzi.

Horrez gain, euskal preso politikoen kontra indarrean den erregimen berezia giza eskubideen aurkakoa eta sostenga ezina dela erakusten du gure ustez sententzia honek. Euskal presoen kontra, bai Espainian eta baita Frantzian ere, preso dauden pertsonen eskubideak salbuespenez murrizten dituzten neurriak indarrean jartzen joan dira, “terrorismoaren kontrako borroka” deiturikoaren aitzakian. Gaur aitzakia hori desagertuta ere indarrean mantentzen dira neurri horiek, eta giza eskubideen aurkakoak izateaz gain, soluzioen eta bakearen eraikuntzan aurrera egitea galarazten dute.

Euskal presoen eskubideak salbuespenez murrizten dituzten neurriak dira bizi arteko zigorrarekin batera, dispertsio politika, gaixorik direnak preso mantentzea, ¾ bete dituztenak ez askatzea, edota isolamendua eta 1. gradu itxia era orokorrean ezartzea.

Gure ustez Espainiako gobernuak aukera paregabea dauka urrats baikorrak emateko, euskal presoen eskubideak murrizten dituzten neurri berezi guztiak bertan behera utziz. Gobernuak ez luke aukera hau pasatzen utzi behar, eskubide guztiak errespetatuz bakera hurbildu eta soluzioetarako bide demokratikoekin konprometitzeko.

“Arerioa menperatzeko” egitasmoak ez dira soluzioak eraikitzeko bidelagun, eta gatazka konpontzeko bidean, eskubideen printzipioei loturik alde guztiak engaiatzea funtsezkoa dela uste dugu. Horixe da Espainiar gobernuak oraindik egiteke duen urratsa, eta ebazpen honek horretara dei egiten du, euskal jendartearen zati handi bat joan den aspaldian egiten ari den bezala.

Bukatzeko, euskal presoen eskubideen alde mobilizazio arrakastatsuak burutzea posible egiten ari den jende guztia zoriondu nahi dugu. Dudarik ez dugu herritar asko eta askoren inplikazio zabalak eta denen artean sustaturiko mobilizazioek lorpen bat utzi berri digutela ebazpen honekin.

Horrek gure ustez jorratzen ari garen bidearen balioa erakusten du. Bidea argitzen du, erakusten baitu herritarrok antolaturik eta elkarlanean, mobilizazioaren eta presio sozialaren bitartez posible dela urratsak bultzatzea, eta Estatuen inmobilismoak badituela bere mugak. Horregatik animatu nahi zaituztegu denok lanean jarraitzera, inoiz baino gertuago eta argiago ikusten baita bidea.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.