Iñigo Lamarca Arartekoak, Espetxeetako
Zuzendaritzari eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzari
eskatu dio Iosu Uribetxebarriaren "baldintzapeko askatasunari buruzko
ebazpen azkarra bideratzeko izapideak ahalik eta gehien azkartu
ditzaten". Presoak minbizia metastasiarekin pairatzen du eta Lamarcak
"gose greba egitearen erabakia berrazter dezan" eskatu dio.
Arartekoak egindako Adierazpen Instituzionalaren bidez "ETAren
jarduera terroristarekin lotutako delituak egin izanagatik espetxean
dauden pertsonen egoerari buruz" eta bereziki gaixo daudenei buruz
mintzatu da.
"Pertsona horiek egindako krimen eta delituak bereziki
gaitzesgarri eta krudelak izan arren hainbat kasutan, Zuzenbideko Estatu
demokratikoak bere nagusitasun moral handia erabili behar duela"
adierazi du Lamarcak.
Bestalde, Aratekoaren ustez "azpimarratzekoa da testuinguruak,
uneko gizarte-errealitateak eta legeen helburuak hermeneutika
juridikoaren oinarrizko irizpideak adierazten dituztela legeak
interpretatu eta aplikatzerakoan eta, ondorioz, kontuan hartu beharko
lirateke jarduera terroristarik gabeko garai berri hauetan".
Aratekoaren iritziz "lehentasunez eta berehala baloratu
beharko lirateke gaixotasun oso larriak eta sendaezinak pairatzen
dituzten pertsonei dagokienez legeak ezarritakoa aplikatze aldera".
Zigor Kodea
Zentzu horretan, Zigor Kodearen 92-2. artikuluak gogorarazi
du, non halako kasuetan, Zigortzeko Administrazioak "baldintzapeko
askatasunaren espedientea helaraziko dio espetxe-zaintzarako epaileari,
kasuan-kasuan beharrezkoa den presarekin; epaile horrek espedientea
ebazteko orduan, inguruabar pertsonalez gain, subjektuak delitu egiteko
duen zailtasuna eta arriskutsutasun txikia balioetsiko ditu".
Lamarcak gaineratu duenez, interpretazio irizpide horiek
aplikatuz, "arriskutsutasun kriminal hori ezin da une honetan neurtu
ETAk bere jarduera terrorista behin betiko utzi duenaren adierazpena
kontuan hartu gabe".
Ildo horretatik jarraituz, "barneratuak duen gaixotasuna edo
adina dela-eta, horren bizitza arrisku nabarian badago", lege horren
azken parrafoak izapidea azkartzeko aukera ematen duela adierazi du.
Zentzu horretan, "Iosu Uribetxebarria Bolinaga presoari
egindako azken mediku proben emaitzak jaso aurretik, badirudi barneratu
horretan baldintzapeko askatasuna ematera bultzatu beharko luketen
baldintzak jasotzen direla" esanez jarraitu du Arartekoak.
Horren ondorioz, Zigor Administrazioari eta Auzitegi
Nazionaleko Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiari eskatzen die
"Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasunari buruzko ebazpen azkarra
bideratzeko izapideak ahalik eta gehien azkartu ditzaten".
Horretaz gain, "gaixotasun oso larriak dituzten ETAko
gainontzeko barneratuen egoera azter dezaten" ere eskatzen die
instituzio horiei, "legezko xedapenak zorrozki bete daitezen".
Azkenik, Lamarcak ziurtatu duenez, Osasunerako eskubidea
"gizakiaren eskubide oinarrizkoenetariko bat da". Horretaz gain,
gose-greba errespetatzen dutela adierazi du baina Iosu Uribetxebarriari
eskatu dio "erabaki hori berrazter dezan, bere osasunean kalte
atzeraezinik ez eragiteko, eta aldi berean, era horretara, Espetxeetako
eta Justizia Administrazioek erabakiak hartu behar dituzteneko
baldintzak ahalik eta egokienak izan daitezen lagun dezan".
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.