Sumindurik asaldatu gara. Josu Uribetxebarria kidearen muturreko egoerak asaldarazi gaitu. Oinarrizko eskubidea ezagutzeko, askatasunarena, bere egoera larria mugara eraman behar izan du. Josuren jokabideak harrotasunez betetzen gaituen bezala, Gobernu espainolaren jarrera miserableak gure salaketa bortitzena merezi du. Auziak egoera orokorra islatzen du eta egoera horri erantzun diogu espetxe orotako protestaldiarekin.
Izan ere, ezker abertzaleak bere estrategia politikoa berritu duela hilabete luzeak pasatu dira, ibilmolde demokratiko hutsean egindako ibilbidea. EPPK-k atxikimendu zuzen eta zalantzarik gabekoa eskaini dio norabideari, posizio politiko berrian barna hilabete batzuk ere igaro ditugularik.
Gure herria preso duten bi estatuek aldiz, inolako posizionamendu eta pausu politiko berririk ez dute gauzatu, Euskal Herrian, estatu bion lurraldeetan eta baita nazioartetik ere hala egin dezaten ahotsak gero eta hedatuagoak izan arren. Alde guztietan hainbeste sufrikario sortu duen gatazka politikoa bera abertzaleon imaginario kolektiboaren asmakizuna bailitzan dihardute arinkeria eta harrokeria handiz. Gatazkaren gako politikoak enoratzen eta haren ondorioak manipulatzen. Zertan ari dira nazioarteko begien ulertezintasunaren aurrean?
Espainia eta Frantziari, iraganeko eskemetan jarraitzeko temakeria amaitu zaie. Krisi ekonomiko-politikoak, salbuespen egoeratik aukera politiko berrien eskenatokira igarotzeko abagunea eskaintzen digu. Arrazoia eta demokrazia inposatzen dira, euskal herritarren exijentzien formarekin izan ala Estrasburgoko erabaki eta aginduaren «lege-zamarekin» izan. Zentzuzko bideari ekiteko garaiz dabiltza, egoera politikoa jasangaitza bilakatzen ari badira ere.
Prozesu demokratikoak bultzada, urrats eta ekimen ausartak behar ditu. Euskal preso politikoon egunotako mobilizazio orokorrak, protesta eta baraualdiak, norabide garbia erakusten du. Europak espetxe politika kriminalaren denbora amaitu dela agindu du. Espetxe politika pitzatzen hasi da. Salbuespeneko neurrien garaia amaitu da. Sakabanaketaren bizitza agortu da, Euskal Herrian elkartu behar gaituzte prozesuari gure ekarpena egiteko. Amaieraren hasieran gaude, ez horregatik garai erraz eta xamurretan, borroka garaia da eta lortuko dugu! Orain berehala bahituak dituzten kide guztiak kaleratu behar dituzte: doktrinapean espetxealdia luzatu dieten kideak, kondizionalean direnak, eta noski gaixo larri ditugun kide guztiak etxeratu behar ditugu. Espetxeak hustu eta plazak bete arte!
Josuk kaleratua behar du duintasunez bizitzeko, kaleratua behar zukeen aspaldidanik. Hire tinkotasun eta samurtasuna barruan zeramazkiagu, biziko haiz gurekin betirako! Animo Josu, senide eta lagunei! Animo Iñaki Erro kideari ere ama zendu berriari azken agurra emateko ekarri-eraman krudela izan baitu gaixorik izanda.
Ezin aipatu gabe utzi Mikel Egibar kidearen senideek bisitatik bueltan izandako istripu larria, zeinaren ondorioz oso larriki zaurituak izan baitira emazte eta seme-alabak. Senideentzat sakabanaketa heriotza korridore izaten jarraitzen duela oroitarazi digun istripua. Gure adore handiena ere Mikeli eta haren senideei!
Azkenik txaloa zuzendu nahi diogu gurekin batera protestaldi honetan aldez edo moldez parte hartzen ari zareten herritar orori, izan baraurik ala kateaturik!
Euskal Presoak Euskal Herrira, amnistia-autodeterminazioa!!
EPPK, 2012ko abuztua
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.