Showing posts with label oharra. Show all posts
Showing posts with label oharra. Show all posts

2012/11/08

Herrientzat oharra: adin txikikoek Baionara joateko jarraitu beharrekoak

Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban bizi direnen kasuan formulario bat bete behar da eta Ertzaintzaren komisaldegi batean utzi behar dute gurasoek. Nafarren kasuan berdin, baina kasu honetan polizia nazionalaren bulego batean utzi behar da. Pasaportea dutenen kasuan ez litzateke arazorik egonen. Halere, edozein kasutan, bakoitzaren udaletxean galdetzea gomendatuko genuke.

Milesker!

2012/09/06

EPPK: "Euskal gizarteari eta nazioarteko komunitateari"

Agiri honen bidez jakinarazten dugu iragan abuztuan eramandako elkartasun borrokaldi eredugarria eten egiten dugula Josu Uribetxebarria kidearen kaleratzea eta presoon auzia konpondu beharra lehen lerroan kokatuz eta gobernuen erantzukizuna agerian utziz. 

Abuztuko egun kiskalgarri hauek irakasgai ahantzezinak utzi dizkigute: José Uribetxebarria burkidearen txapela kentzeko moduko duintasun eta giza maila; Kolektibo osoaren elkartasunaren zentzu sakon-sakona; espainiar gobernuaren krudelkeria, itxikeria eta mendeku gose ase ezina. 

Gobernu espainiarrak Josuren kaleratzea atzeratuz, dagoeneko jasan duen porrota mozorrotu nahi du. Josuri berari eta Kolektiboari erakutsi dugun duintasuna eta tinkotasuna ordainaraziz. Erronka itsu batean sartu nahi izan gaituzte, izan ditzakeen ondorio lazgarriei jaramonik egin gabe eta baita ere bilatuz, esan genezake. 

Estatuek elkarrizketaren bideari ekin ordez, gau eta egun prozesua nola lokaztu baino ez da beren asmo bakarra. Euskal herritarrak oraindik ere atxilotu eta kartzelatzea da horren frogetariko bat, nahiz eta ez bakarra. 

2012/08/23

EPPK: "Salbuespeneko neurriak altxatu, askapen prozesua aurrera"

Sumindurik asaldatu gara. Josu Uribetxebarria kidearen muturreko egoerak asaldarazi gaitu. Oinarrizko eskubidea ezagutzeko, askatasunarena, bere egoera larria mugara eraman behar izan du. Josuren jokabideak harrotasunez betetzen gaituen bezala, Gobernu espainolaren jarrera miserableak gure salaketa bortitzena merezi du. Auziak egoera orokorra islatzen du eta egoera horri erantzun diogu espetxe orotako protestaldiarekin. 

Izan ere, ezker abertzaleak bere estrategia politikoa berritu duela hilabete luzeak pasatu dira, ibilmolde demokratiko hutsean egindako ibilbidea. EPPK-k atxikimendu zuzen eta zalantzarik gabekoa eskaini dio norabideari, posizio politiko berrian barna hilabete batzuk ere igaro ditugularik. 

Gure herria preso duten bi estatuek aldiz, inolako posizionamendu eta pausu politiko berririk ez dute gauzatu, Euskal Herrian, estatu bion lurraldeetan eta baita nazioartetik ere hala egin dezaten ahotsak gero eta hedatuagoak izan arren. Alde guztietan hainbeste sufrikario sortu duen gatazka politikoa bera abertzaleon imaginario kolektiboaren asmakizuna bailitzan dihardute arinkeria eta harrokeria handiz. Gatazkaren gako politikoak enoratzen eta haren ondorioak manipulatzen. Zertan ari dira nazioarteko begien ulertezintasunaren aurrean? 

2012/07/01

EPPK-ren Mintzakidetzaren oharra

EPPK-ren Mintzaidetzak ohar honen bidez honakoa jakinarazi nahi dio euskal jendarteari eta nazioarteko komunitateari:
  • Gobernu espainolak zein frantsesak ere, presoon egoera blokeaturik mantentzen du arduragabeki estrategia politiko makur bati erantzunez. Politikoki blokeaturik baina eskubide urraketan sakontzen jarraitzen dute larriki.
  • EPPK azken hilabetetan barne eztabaidan murgildu da. Egoera politikoaren azterketa egin eta bere ildo politikoa finkatu du. Lehentasuneko aldarrikapenak zehaztu eta norabide politikoa marraztu ditu, ekainaren 2ko Adierazpenean laburbildu dituenak.
  • Urrats eta ekimen berriak emateko prestutasuna erakutsi du. Mintzaidetza berriaren hautaketa lehenik eta Zuzendaritza osoarena ondotik, ezagutzera eman ditu.
  • EPPK-ren Mintzaidetza osatzen dugun seikotea, eragile sozial eta politikoekin gure egoeraz eta irtenbideaz aritzeko prest da. Deia luzatzen diegu harremanetan sartzeko. Zailtasunen aurrean, gure hitza entzunarazteko, eragile sozial eta politikoen jarrera errazteko eta haien posizioa lehen eskutik jasotzeko, bideak irekitzea ezinbestekoa dela deritzogu. Hartara, eskaera zehatza luzatu diegu espetxe politikaren ezagutza zuzena duten lagunei bitartekari lana aurrera eraman dezaten.
Barne Ministro espainolak esan dezakeenaren kontrara, ez dugu eserita geldirik inoren zain egoteko bokaziorik. Mugitzen ari gara, guztion onerako den ibilbidea urratuz, prozesu demokratikoan sakonduz, konponbide demokratikoa erdietsi arte.

Presoak Euskal Herrira! Presoak kalera! Amnistia-autodeterminazioa!

Ana Egues, Xabier Alegria, Marixol Iparragirre, Jon Olarra, Lorentxa Gimon eta Mikel Albisu (EPPKren Mintzaidetza)

2012ko ekainean

2012/05/05

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK): "Presio eta xantaia oro baztertuta, EPPKk urratsak emateko prestutasuna adierazten du"

Gobernu espainolak euskal preso politikooi zuzendutako egitasmo berritua aurkeztu du. Euskal Herritik, nazioartetik eta baita Espainiatik ere espetxe politikan urratsak eman ditzan eskaera zabalari itzuri egin nahi dio. Hau dela eta ohar honen bidez, lehen gogoeta ezagutzera ematera gatoz: 

1-Euskal presook sistema penitentziarioaren helburu eta eskubide orokorren hartzaile gisa onartzen gaitu. Izaera politikoa izanagatik ere. 

2-Euskal presoon kontrako estrategia politiko berezitua, eta ondorioz tratamendu berezitua (eta kolektiboa) inposatzen zaigula onartzen du: hala eskubide eta onura penitentziarioak lortzeko ezartzen zaizkigun baldintza eta exijentzia maila altuagoak, nola klasifikazio penitentziarioaren eta sakabanaketa beraren diskrezionalitatea. 

3-Damuketa-salaketarako ʻLangraitzeko bideaʼ deitutakoaren porrot politikoa onartzen da. Bere horretan esanguratsua, orain arte arduragabeki ukatua izan baita. Aldiz, biziarteko zigorra eta honenbestez espetxe politika bera indartzera heldu den Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko erabaki politikoaren ondotik jakinarazi izana, esanguratsua ere bada. Gauzak horrela, irakurketa osatzera gatoz: 

4-Ez dio erantzuten euskal jendarteak gehiengo zabalaz hamaika aldiz eskatzen dionari: espetxe politika errotik aldatu eta aukera politiko berrien argitara egokitzea. Izan ere, euskal presoon eskubideak ezagutzeko baldintza eta xantaiaren politikaren haritik jarraitzen baitu. 

5-Salbuespeneko neurriak indargabetu behar dira. Muturreko egoerekin eta sakabanaketarekin amaitu beharra dago (istripuek asteburuoroko errealitatea erakutsi bezala), eskubideak oro bermatu eta baldintza demokratikoen baitan presoon kaleratzea ahalbidetzen hasi. 

6-Aurreko egitasmo ankerrekin bezala, damuketa-salaketa oinarri duen edonolako ʻprogramaʼ hilda eta antzu jaioko da. Presio eta xantaia oro baztertuta ordea, EPPKk urratsak emateko prestutasuna adierazten du, azken garaietako adierazpenen ildotik eta eztabaidaren ondorioak plazaratu zain. 

Amnistia eta Autodeterminazioa! 
2012ko maiatzean

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK)