Iturria: Bilboko Branka
Errepresaliatu politikoen aldeko kalejira erraldoia izango da 12:30ean plaza Eliptikotik Areatzara. Ondoren, 1.200 lagunentzako “Konpromiso bazkaria” antolatuko dute.
Herrirak agerraldia egin zuen ostiral arratsaldean Bilboko Itsasadarrean
behera ibili zen Txinbito ontzian Aste Nagusian egingo dituen ekimenen
berri emateko. Euskal presoen eskubideen defentsarako mugimenduarekin
batera hainbat konpartsetako kideak, txupinera eta pregoilari ohiak eta
kultura eta kirolaren munduko zenbait lagun izan ziren agerraldian.
Josean Fernandez eta Tamara Martin Herrirako kideek adierazi zutenez,
“Aste Nagusian euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen
defentsan jendarteko esparru guztietan indarrak biltzeko” asmoa izan
dute. Horretarako, “Aste Nagusiaren bihotza eta gorputza diren konpartsen babesa eta konpromisoa bilatzeaz gain”, Bizkaiko esparru ezberdinetako lagun eta eragileen konpromisoa ere bildu dute.
Fernandezek esan zuen Espainiako zein Frantziako estatuen kartzela politika aldatzeko giltza
“euskal pilotak” dauka, euskal jendarteak, alegia. Pilota horren
lehenengo botea, azpimarratu zuen, presoen giza eskubideen errespetua
bilatzen du, hau da, “preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, gaixorik
daudenak eta zigor osoa bete dutenak askatzea eta iheslarien herriratzea
ahalbidetzea”.
Bigarren botean, berriz, bake egoera sortu eta egonkortzeko urratsa
ematea bilatzen du mugimenduak. Horrenbestez, 600 presoak eta iheslariak
herriratu behar direla uste du Herrirak “taxuzko bake egoera eratu ahal
izateko”.
Ostiraleko agerraldian parte hartu zutenek euskal pilota bere egin dutela
azaldu zuen Fernandezek, “konpromisoak forma eta kolore ezberdinak
hartuko dituen 10 egunetan beren txosnetan ikurra jarriz, aldarrikapenak
modu ezberdinetan egitarauan proiektatuz” eta Herrirak antolatzen
dituen ekimenetan parte hartuz, besteak beste.
Gauzak horrela, ostiralean, abuztuaren 24an Marea Urdina,
12:30ean Eliptikatik Areatzara preso eta iheslarien eskubideen aldeko
kalejira erraldoia, antolatu du Herrirak. Ekimenean parte hartuko
dutenei kamiseta urdina eta jaietako zapia eramateko deia luzatu die
Fernandezek.
Kalejiraren ostean, berriz, “Konpromiso bazkaria” egingo du Areatzako kaian. 1.200 lagun elkartzea espero du Herrirak.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.