Ikusi bideoa
Ostiralean Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak Josu Uribetxebarria preso gaixoari hirugarren gradua eman ondoren, gaur Auzitegi Nazionalak baldintzapean aske uztea espero da.
Herrira mugimenduak agerraldia egin du gaur eta jakinarazi du
Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaileak eskuetan dituela jada
Uribetxebarriaren osasun egoera aztertzeko eskatutako bi txostenak: Zaballako espetxetik bidalitakoa bata eta Espetxeetako Zuzendaritzarena
bestea. Arrasatearraren minbizia espetxeko osasun zerbitzuetan artatu
daitekeen edo ez jakin nahi du Auzitegi Nazionalak, baita presoak
jasotzen duen tratamenduaren gaineko informazioa bildu ere.
Herriraren esanetan, Auzitegi Nazionalak gaur bertan erabaki bat ez
hartzeak, preso gaixoaren egoera luzatzea luke helburu eta
"krudelkerian" oinarritutako erabakia litzateke. "Berria"-k jakin duenez,
Auzitegi Nazionala presoaren senideekin harremanetan jarri da,
Uribetxebarria aske gelditzekotan haren bizilekua zein izango
litzatekeen jakiteko. Senideek beharrezko informazio guztia eman dute
jada.
Oraingoz, ordea, preso jarraitzen du Uribetxebarriak, Donostiako
Ospitalean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak
baldintzapean aske utzi ala ez erabaki bitartean. Ismael Moreno Auzitegi
Nazionaleko epailea arduratuko da horretaz, berezko epailea, Jose Luis
Castro, oporretan dagoelako.
Baldintzapeko askatasuna gaur onartu arren, litekeena da egun batzuk
pasatzea Uribetxebarria aske uzteko, izapideak direla eta. Gaurtik hasi
eta ostegunera arte luza daiteke espedientearen tramitazioa, eta aske
uzteko baldintzak zeintzuk diren ere ezagutu beharko da. Preso
arrasatearrak minbizia du, metastasiarekin, eta egoera larrian dago,
atzera bueltarik gabe.
"El Pais" egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean, Angel
Yuste Espetxeetarako Zuzendaritzako idazkari nagusia Uribetxeberriaren
baldintzapeko askatasunaren alde agertu da. "Kartzeletako herietxeetan
ez dago ospitale tratamendurik" azaldu du. Ez du justifikaziorik
aurkitzen Uribetxebarria preso mantentzeko. Terrorismoaren biktimen
elkartearen eta UPDren jarrerak sakatu ditut, erabaki batzuk "zailak"
izan arren, "legea bete behar delako".
Bien bitartean, Uribetxebarriak hamahirugarren eguna du gaur gose
greban, eta ospitalean jarraitzen du Gonzalo Rodriguez presoak ere,
Uribetxebarriari elkartasunez gose greba hasi zuen presoetako
batek. Familiari ez diote bere osasun egoeraren berri
eman. Ezkio-Itsasokoa (Gipuzkoa) Herrera de la manchako kartzelan dago
preso (Ciudad Real, Espainia).
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.