2012/09/12

Auzitegi Nazionalak baldintzapeko askatasuna berretsi dio Uribetxebarriari

Iturria: Berria.info

Argazkian, Herrirak elkarretaratzea hasi du ospitale aurrean, erabakiaren zain.

Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak baldintzapeko askatasuna eman zion abuztuaren 30ean Josu Uribetxebarria preso gaixoari. Baldintza gogor eta zehatzak ezarri zizkion. Bada, lehen zigor salak epaia goitik behera berretsi du, eta Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasuna epai horren araberakoa izango da. Espainiako Zigor Kodearen 92. artikulua aplikatzea ebatzi zuen epaileak, presoak gaixotasun larri eta sendaezina duela argudiatuta. Lehen zigor salak ere artikulu hori erabili du Uribetxebarriari "arrazoi humanitarioengatik" baldintzapeko askatasuna emateko. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, ordea, helegitea aurkeztu zuen erabakiaren kontra, eta hori erabaki zain ospitalean jarraitu du presoak.

Tarte horretan presoaren egoerak “nabermen okerrera” egin duela salatu du Herrira-k: 47 kilo baino ez da, eta ez da ohetik mugitzeko gai. Donostiako Ospitalearen azken txostenek ere hori baieztatzen zuten. Abuztuaren 1etik dago Uribetxebarria erietxean; Espainiako kartzela batetik ekarri zuten.

Fiskaltzak eta auzitegi medikuak esandakoaz beste, Arrasateko presoaren eskubideak errespetatu, legea bete eta presoa baldintzapean aske uztea erabaki zuen epaileak abuztuan. Tratamenduaren nondik norakoak gertutik ezagutu ostean eta txosten guztiak eskuetan hartu zuen erabakia. Donostiako Ospitaleko medikuen txostenak eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegi medikuarenak eskuan izan arren, Donostiako Ospitaleko onkologoekin eta presoarekin berarekin bildu zen. Uribetxebarriak Espainiako legedia betetzeko eskatu zion. Metastasia diagnoskatu zioten Uribetxebarriari, 2005ean izan zuen minbizia berpiztuta.

Presoa baldintzapean aske uztearen aurka agertu zen Pedro Rubira Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskala epaileak erabakia hartu aitzin, preso gaixoak askatasuna emateko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ez dituela argudiatuta. Uribetxebarriaren gaixotasuna "oso larria" dela berretsi zuen arren, duen minbizia Zaballako espetxean (Araba) arta daitekeela nabarmendu zuen fiskalak. Arrasatearra hilaren 1etik dago ospitaleratuta, eta, astelehenaz geroztik, erradioterapia tratamendua jasotzen ari da.

Osakidetza eta Leongo Ospitaleko txostenak, alde

Uribetxebarria libre ez uzteko aukera jasotzen zuen Carmen Baena Auzitegi Nazionaleko medikuak ere, preso gaixoaren osasun egoeraren inguruan egindako txostenean; Osakidetzako eta Leongo (Espainia) Ospitaleko txostenek diotenaz beste. Presoa "fase terminalean" ez dagoela nabarmentzen zuten auzitegi medikuak eta fiskalak. Leongo Mansilla espetxean zegoen Uribetxebarria, uztailaren 20an ospitalera eraman zuten arte. Aske uzteko baldintzen artean, baina, Espainiako legediak ez du aipatzen presoak "fase terminalean" egon behar duenik, baizik eta hark duen gaixotasunak larria eta hilgarria izan behar duela. Hala diote Espainiako Zigor Kodearen 92. artikuluak eta Espetxe Araudiaren 196.2 artikuluak. "Irizpide bera aplikatuko da —baldintzapean aske uztea—, medikuaren txostenaren arabera, oso larri dauden gaixoekin, jasankizun sendaezinak badituzte". Jurisprudentzia ere gaixotasun larriak dituzten presoak baldintzapean aske uztearen aldekoa da, besteak beste, presoek duintasunez hiltzeko eskubidea dutela argudiatuta.

Txosten guztiek bat egiten dute presoaren gaixotasunaren larritasunean. Osakidetzako medikuen ustez, urtebetean hiltzeko probabilitatea %90ekoa da, eta auzitegi medikuaren arabera, %50ekoa.

Bide korapilotsu eta luzea

Hilaren hasieran, Arrasatearrak gose greba hasi zuenospitaleko ziegan, bere "muturreko egoera" salatzeko. Azkenerako, bi asteko protestari amaiera eman zion iragan astean, "bizitza lehenetsita"; medikuen esanetan, bere egoera oso ahula zelako.

Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak hirugarren gradua ezarri zion presoari, hilaren 17an; baldintzapean aske geratu aurreko pausoa. Presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizia arriskuan jartzen duela argudiatu zuen Espetxeetako Zuzendaritzak.

Protesta ugari azken egunetan presoarekin elkartasunez

Espainiako eta Frantziako estatuetako kartzeletako presoek hainbat borrokaldi egin dituzte azkeneko asteetan Uribetxeberriaren eta gainontzeko hamahiru presoen askatasuna galdegiteko eta hainbat eragile kultural, politiko eta sozial atera dira kalera preso gaixoen eskubideen alde. Donostian, jendetza bildu zen abuztuaren 12an salbuespen neurriak amaitzeko eskatzeko Herrira mugimenduak egindako manifestazioan. Azkeneko asteburuetan elkarretaratzeak eta baraualdiak Euskal Herriko txoko guztietara hedatu dira.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.