Josu Uribetxeberriaren askatasunaren aurrean Herrira-ren balorazioa:
Josuren askatasuna berandu dator, beranduegi. 2005. urtean aurkitu zioten lehen aldiz minbizia, baina orduan eginiko askatasun eskaera atzera bota zuten epaitegiek. Espetxean mantendu zuten, jakitun, honek bere egoera okertu baino ez zuela egingo. Azkenean horrela izan da.
Gaur, bere metastasia sendaezina da. Salbuespeneko espetxe politikak heriotzaren atariraino eraman du Josu.
Gobernuaren itxikeria agerian gelditu da azken hilabeteotan. Ezezkoan tematuak jarraitzen dute Madrilen. Egun gutxitan konpondu beharreko afera luzatu baino ez dute egun, giza eskubideekiko jarrera tamalgarria mantenduz.
Eztabaida ez da hiltzera doazen presoak askatu behar diren edo ez. Argi dago gizatasun pixkatekin askatu egin beharko liratekeela. Xedea gatazka luze honen ondorioz pertsona gehiago ez hiltzea da, sufrimendu oro gainditzea, bakearen bidean benetako urratsak ematea. Baina azken asteotan Madriletik iritsi dena justu aurkakoa izan da, samina baino eragiten ez duen egoera da elikatu dena.
Josu askatu dute, berandu, baina askatu dute. Milaka herritarren eskaera beharrezkoa izan da horretarako. Baina oraindik, beste hamahiru euskal preso politiko dituzte preso gaixotasun larriekin, bizi osorako espetxe zigorra mantentzen dute, eta sakabanaketa politika indarrean dago oraindik.
Josuren kasua muturrera eramandako egoera izan da. Espetxe politika honek eragin dezakeen minaren adibide argia izan da. Gure aldetik, bizitzaren aldeko jarrera hartzeko gonbidapena hedatu nahi dugu gizartean, giza eskubideen aldekoa. Sufrimendu honekin guztiarekin amaitzeko lanean jarraituko dugu. Ziur gaude luze baino lehen lortuko dugula.
Amaitu aurretik, larunbat honetan hainbat herritan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu. Berauetan, bizi osorako espetxe zigorrarekin amaitzeko aldarrikatuko dugu.
Milesker,
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.