2012/09/20

Auzitegi Nazionalak urriaren 10ean segituko du Europak 'Parot doktrinaz' emandako ebazpena aztertzen

Iturria: Berria.info

Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur ekin dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrinaz' emandako kontrako epaia aztertzeari, baina gaur ez du erabakirik hartuko, auzitegiko iturriek eguerdian jakinarazi dutenez. Urriaren 10era atzeratu du gaiari buruzko saioa.

197/2006 doktrina jarraituta Espainiako Justiziak Ines del Rio Prada euskal presoari luzatutako zigorra bidegabe jo zuen uztailean Estrasburgok. Aske uzteko eta Del Riori 30.000 euroko kalte ordaina emateko eskatu zuen Europak. Ebazpena aplikatzea galdegin zuten Del Rioren abokatuek, baina aukera horren kontra agertu zen Auzitegi Nazionaleko fiskala; argudiatu zuen epaiak ez zuela Espainia behartzen.

Gainera, Espainiako legediak ez du aipatzen zein organok duen Estrasburgotik heldutako ebazpen bat betearazteko ardura. Azkenean, Auzitegi Nazionaleko zigor aretoak eraman du erabakia osoko bilkurara, eta hemezortzi epailek erabaki beharko dute Del Rio askatu edo ez. Edonola ere, Espainiako Gobernuak hilabete honetan aurkeztuko du Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiari jarriko dion helegitea.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.