Argazkian, Gernikako Akordioko sinatzaileek ekitaldia egin zuten atzo.
Dagoeneko ba dira bi urte Gernikako Akordioa abian jarri zenetik.
Badira bi urte pentsaera anitzeko eragile politiko, sindikal eta
sozialek elkarrekin Bake Bidean Aterabide demokratikoetarako elkarlanari
ekin genionetik, alde bakarreko urratsez urrats eginez. Indarrak metatu
nahian, euskal gatazkaren erpin guztiei aurre eginez, herritarrak
bidelagun, normalizazio sozial eta politikorako zorua jorratu nahian.
Bi urte hauetan, herritarren laguntza eta babesarekin, hainbat ekimen
eta urrats gauzatu ditugu, Gernikako Akordioko edukiak betearazteko
ahaleginetan, oztopoak gaindituz, Euskal Herriak nahi eta behar duen
konponbidea helburu izan da. Konponbide integrala, giza eskubideetan
oinarritua, demokratikoa, galtzailerik gabekoa eta elkarrizketa
politikoaren bitartez lortu beharrekoa.
Ez dira urte errazak izan, une ilunez zein argiez jositako urteak
izan ditugu eta. Konponbidearen ilusioa eta herritarren indarra
bidelagun, une ilunak eta estatu espainiar zein Frantsesaren jarrera
oztopatzaile eta inmobilistek ez digute gailurraren bidean etsitzerik
lortu. Baina, bereziki aipatuko genituzke, izan ditugun argi gune,
mugarri esanguratsuenetakoak:
-2011ko ETAren Su eten iraunkorra.
-EPPKren atxikimendua Akordioari.
- Biktima guztiei eginiko aitortza.
-Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia.
-ETAk jarduera armatua behin betiko uztearen erabakia.
Ondorioz, orain dela urtebete, hementxe bertan, Gernikan, ezarri genituen helburuak zati handi betean ezin izan ditugu lortu:
1.- Preso politikoen egoera hobetzea: gaixotasun larriak dituztenak
askatzea, Parot doktrina delakoa bertan behera uztea, dispertsioari
amaiera ematea, oro har beraien parte hartzea prozesuan errazteko
baldintzak hobetzea. Ikustea besterik ez dugu izan, Iosu
Uribetxeberriaren kasuan, Estatuak izandako jokabide krudela.
2.-Legalizazioa, aukera politiko zein gizarte erakunde guztiena.
3.-Erasoen desaktibazioa. Horren adibide garbia izan genuen, aurreko
astean, salbuespeneko epaitegia den entzutegi nazionalean, euskal
gazteriaren aurkako hainbat epaiketa. Edo eta, oraindik ere soilik
politika egiteagatik, Bateragune auzia kasu, kartzelan dauden pertsonak.
Hala eta guztiz ere, espainiar Estatuaren borondaterik eza argi eta
garbi agertu arren, ez dugu etsiko. Ez dugu etsitzeko asmorik, helburuak
argi eta garbi ditugulako, baita euskal gizarte gehiengo zabal baten
babes guztia ere. Horregatik, pertsona guztien eskubideak aitortuak eta
errespetatuak izango diren jendartea eraiki arte tinko jarraituko dugu
lanean. Aukera historiko hau ez dugu galtzen utziko, gure alde gatazka
konpontzeko ibilbide- orria, bidelagun ugari eta euskal herritar
gehiengoaren bultzada eta mandatua dauzkagulako. Gu geu, euskal
herritarrok, garelako giltza. Aldebakarrekotasunaren bidetik,
elkarrizketaren eskutik eta konfrontazio demokratikoa praktikan jarriaz.
Urratsez- urrats, mugarriz- mugarri lanean jarraituko dugu Gernikako
Akordioa bere osotasunean bete arte, Aieteko Konferentziaren ondorioak
gauzatzen has daitezen berandu baino lehen, salbuespenik gabeko
elkarrizketa sustatuz eta praktikatuz. Beraz, guztiok irabazle egiten
gaituzten bakea eta normalizazio demokratikoa eraikitzeko
konponbidearen oinarria gero eta anitzagoa eta zabalagoa izan dadin
jarduteko prest gaituzue.
Bide horretan Aieteko Adierazpeneko puntuak gatazka politikoaren
konponbide integrala lortzeko jardunean Euskal Herriko gainontzeko
eragile politiko, sindikal eta sozial guztiei elkarlanerako eskua luzatu
nahi diegu.
Gernikan, 2012ko irailaren 29an
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.