2012/09/14

Herrira: “Denok galtzaile garen egoeratik, denok irabazten hasteko inflexio unea izan dadila hau”

Lehenik eta behin, Iosuren askatasuna azkenean egikaritu izanak eman digun lasaitasuna adierazi nahi genuke. Uste dugu ez garela horrela sentitzen garen bakarrak, nahiz eta arrazoi edo ikuspegi desberdinak izango diren bizipen honen atzean. 

Uste dugu nabarmen geratu dela euskal presoei ezarritako kartzela politika mantentzeak ez dakarkiola onurarik inori. Egoera honen lehen kaltetua Iosu bera da, bai eta bere familia ere. Baino egoera honek norbaiti onurarik ekarri al dion galdetzen diogu gure buruari eta gure ustez argi dago ezetz. 

Zentzu horretan, hausnarketa egiteko eta gertaturikoaz irakaspenak ateratzeko momentua dela pentsatzen dugu, eta inork ezin diola egiteko horri ihes egin. 

Iosuren egoerak iraganera itzularazi gaitu, eta bakearen ateen aurrean aurkitzen garen arren, oraindik gatazkaren kiribiletik atera gabe jarraitzen dugula erakutsi digu. 

Oinarrizko eskubideak urratzen dituzten politikak indarrean mantentzeak, enfrentamenduzko egoerak elikatzen ditu gizartean, muturrera eramanez jende askoren sufrimendua. Egoera hauek soluzioen ateak zeharkatu eta bakearen bidean murgiltzea galarazten diote gizarte honi. 

Horregatik egiten diegu gobernuei, politikariei eta instituzioei arduraz jokatzeko eskaria gaur, soluzioak sustatzeko ardura baitute, eta horrek zubiak eraikitzea eta akordioak bilatzea eskatzen du. 


Bakea eta soluzioa ezin dira arerioa menperatzeko jokabideetatik jorratu, ez eta interes alderdikoietatik ere. Gizarte honek behingoz bakea eskuratzeko premia du, eta merezi du. Gizarteak, gehiengo nabarmenez, horretarako prestaturik eta gogotsu dagoela erakutsi du, eta ezin da gertatu gobernuak izatea bide horretan aurrera egitea galarazten dutenak, iraganeko politikei eutsiz eta enfrentamendua elikatuz. 

Egoera honek denok galtzaile egiten gaituela egiaztatu dugun honetan, denok irabazten has gaitezen inflexio unea behar du izan honek. Halakorik berriro gerta ez dadin, presoen eta beren senideen bizitzen aldeko apustua eginez. Horretarako beharrezkoa da kartzela esparruaren erabilpen politikoa alboratzea, eta behingoz soluzioak jorratzeko irizpideetara aldatzea. 

13 presok gaixotasun larriekin espetxean jarraitzen dugula gogora ekarri nahi dugu, bai eta bizi osorako zigorrerako doktrina aplikatzen jarraitzen dela ere, Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak legez kanpoko eta eskubide urratzaile dela esan duen arren. Dispertsioak istripuak eragiten jarraitzen du, ehunaka senideen sufrimenduzko egoera luzatuz. Neurri hauek guztiak gaindituak behar dute izan, bere horretan mantentzeak Iosuren egoera behin eta berriro errepikatzea ekarriko duelako. 

Bukatzeko, gure miresmena adierazi nahi diogu Iosuren bizitzaren alde inplikatu diren hainbeste pertsonei, kartzelan gose greba luzeak egin dituztenei, beren opor lekuak ospitaleko atariarengatik aldatu dituztenei, aulkia eskuan hartuta giza eskubideen aldeko martxa hasi zutenei, pentsamolde desberdinen gainetik gaixorik diren presoen eskubideen alde beraien ahaleginak batu dituztenei, bai eta mobilizazioetan parte hartu duten guztiei ere. Hainbeste jenderen konpromiso eta inplikazioak balore izugarria du bere horretan, baina gaur gainera merezi izan duela esan dezakegu, Iosu etxera bizirik itzuliko delako.

Donostian, 2012ko irailaren 13an.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.