2012/09/03

Herrirak Castro epailearen erabakia “berehala aplikatzea” eskatu du

Iturria: Bilboko Branka

Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak ostegunean, Uribetxebarria baldintzapean aske geratuko zela aurreratu zuen Espainiako Zigor Kodearen 92. artikulua aplikatuko zaiolako, presoak gaixotasun larri eta sendaezina duela argudiatuz. Hala ere, fiskalak presoa aske uzteko helegitea jar dezake ostegunerarte eta ondorioz, Herrirak eguneroko mobilizazioekin jarraitzeko erabakia hartu du eta beste behin. Jendea Bilboko Gobernu ordezkaritzaren aurrera gerturatu da eguerdiko 12:00etan.

Bertan, Beñat Zarrabeitiak, Herrira mugimenduko kideak azaldu du, larunbateko manifestazioak “garrantzi handia” izan zuela, milaka eta milaka lagunek Uribetxebarria eta gainontzeko preso gaixo larrien askatasuna exijitu zutelako, “azken hilabetean sortutako olatuari segida emanez”. Era berean, gogora ekarri du, olatu horren baitan egin diren protesta guztietan “konponbide nahia, bakea eta giza eskubideen aldarria oso presente” egon direla.
 
Komunikabideei zabaldu die gaurkoan, aurreko ostegunean Castro epaileak hartutako erabakiaren “berehalako aplikazio praktikoa eskatzen dutela”, erabakia aplikatzeak “garrantzi handia duelako Uribetxebarriaren osasun egoerak horrela eskatzen duelako; itxaronaldia luzatzea bere osasun egoerarentzat kaltegarria delako eta egoera hau errepika ezina delako”. Beraz, Zarrabeitiak Herrira mugimenduaren izenean Espainiako Gobernuari “mekanismoak abiaraztea” eskatu dio, gaixo dauden gainontzeko 13 preso politikoekin berdina gertatu ez dadin.


Guzti horregatik, osteguna bitartean, bai Donostia Ospitalean zein Gasteiz eta Bilbon mobilizazioekin jarraituko dutela argitu du. Donostia Ospitaleko elkarretaratzeak 11:00etan izango dira eta Bilbo eta Gasteizekoak 12:00etan.

Antonio Basagoitiren adierazpenei emandako erantzuna

Atzo bertan, Antonio Basagoiti PPko ordezkariak jakitera eman zuen “berdin zaiela gaixo dauden preso politikoen egoera”. Horren aurren Zarrabeitiak gehitu nahi izan du, Herrira mugimenduaren ustetan, “adierazpen horiek berez deskalifikatu” egiten direla eta Euskal Herrian bi jarrera nagusitu direla egun. Alde batetik “gehiengo zabal batek defendatzen duena, hau da, konponbidearen aldekoa, giza eskubide guztien errespetuaren aldekoa eta espetxe politikaren aldaketa beharrezkoa eta ezinbestekoa dela ikusten dugunona eta bestetik; gatazkaren klabeetan gatazkari giltzatuta dauden jarrerak”. Beraz, atzo Basagoitik esandakoak “gatazkari giltzatuta daudela eta giza eskubideei mespresu egiten dietela adierazi du eta euskal jendartearen “gehiengo zabal batek ez dituela haintzat hartzen edota arbuiatu” egiten dituela.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.