2012/09/11

Lehen Salak erabakiko du Uribetxebarria aske utzi edo ez

Iturria: Berria.info

El País egunkariak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehen Salak hartuko du Josu Uribetxebarria preso gaixoaren askatasunaren inguruko erabakia, eta ez osoko bileran. Aurreneko Zigor Sala bihar arratsaldean bilduko da. Hilaren 5ean, Fiskaltzak Uribetxebarriaren askatasunaren aurkako helegitea jarri zuen

Fiskaltzak, erabakia Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak osoko bileran hartzea galdegin zuen, baina, Lehen Salari dagokio berez; hura osatzen duten bost epaileetatik hiru progresistatzat jotzen den sektorean daude. Osoko bilkuran, ordea, kontserbadoretzat jotzen direnak dira nagusi, eta pentsa zitekeen han zailago zela epaileek Uribetxebarria aske uztea. Erabakia beraz bost magistraturen eskuetan egongo da —osoko bilkura osatzen duten 18 epaileren ordez—. Fernando Grande Marlaska, Ramon Saez Valcarcel, Nicolas Poveda, Javier Martinez Lazaro eta Alfonso Guevara dira bost epaileak. 

Zigor Salako buru eta Lehen Salako presidente Grande-Marlaskak jakinarazi zuen epaileen gehiengoak hala eskatzen ez bazuen ez duela auzia osoko bilerara eramango; zortzi epailek bakarrik eskatu dute osoko bilerara eramatea. 

Jose Luis Castro epaileak abuztu amaieran Uribetxebarria ofizialki baldintzapean libre uztea erabaki arren, arrasatearrak preso jarraitzen du, hirugarren graduan, erietxean, epaia ez delako irmoa. Halaxe jarraituko du Lehen Salak behin betiko erabakia hartu arte. Horretarako ez dauka epe jakinik.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.