2012/09/11

Arrakasta izan dute "Barrura begiratzeko leihoak" filmaren emanaldi pribatuek



Iturria: Berria.info

Polemiken gainetik, arrakasta izan du Barrura begiratzeko leihoak filmaren lehen emanaldiak; dokumentalaren atzean dagoen lana eta kalitatea azpimarratu dute ikus-entzuleek. Filma bi aldiz eman zuten atzo Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Ekarpenak egin zituen jendearentzako emanaldi pribatuak izan ziren. Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategi zuzendariak ere bertan izan ziren.

Aurretik, emanaldia galarazteko asmoz, eskutitz bana igorri zien Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok Javier Zaragoza Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalari eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari. Fiskalari esan dio delitua izan daitekeela film hori ematea, "terrorismoaren biktimen babeserako legeak" urratu ditzakeelako; eta ekitaldia aztertzeko eskatu dio. Alkateari, berriz, ohartarazi dio aretoa erabiltzeko baimena emanda delitu bera egin dezakeela. Filma eraikin publikoetan ematea debekatzeko eskatu du.

Zinemalditik kanpo

Donostiako Zinemaldiak ez du proiektatuko Barrura begiratzeko leihoak, bost euskal presori buruzko dokumentala. Zinez ekoiztetxekoek Zinemaldiko hautaketa batzordeari aurkeztu zioten dokumentala, baina antolatzaileek ez dute sartu hautatutakoen zerrendan. Dokumentalak bost euskal presoren bizipenak kontatzen ditu, bost zuzendariren begietatik. Ekainean amaitu zuten lana, eta Zinemaldian estreinatzeko asmoa zuten. Ezezkoa jaso dute, baina; erabakiari buruz arrazoirik eman gabe.

Zinemaldian ez egotearen harira, filmeko bost zuzendariek Tabuak, beldurra eta leihoak izeneko iritzi artikulua idatzi zuten BERRIAn.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.