Showing posts with label barrura begiratzeko leihoak. Show all posts
Showing posts with label barrura begiratzeko leihoak. Show all posts

2012/12/17

Gaur "Barrura begiratzeko leihoak" ikusgai Algortan

Gabonei begira antolatutako ekitaldien barruan, "Barrura begiratzeko leihoak" dokumentala ikusgai izango da gaur Algortan. Hitzordua 19:00etan izango da Villamonteko kultur etxean, sarrera doan. Proiekzioa euskaraz izango da, gaztelaniazko azpidatziekin. Zinez ekoiztetxeak egina, hiru preso eta bi preso ohi dira filmeko protagonistak. Haien kasuak kontatzen dira banan-banan, haien eta haiengandik gertu daudenen bizitzak eta esperientziak jasoz, kartzelaldiaren giza drama kontatzeko ahaleginean, baina umoreari eta samurtasunari tarte handia eskainiz. Atal bakoitzak zuzendari bat du, eta guztiak Titika Rekaltek off-eko ahotsez irakurritako testu batek lotzen ditu. Testuak gatazkaren berri ematen du, datu objektiboetan oinarrituta batik bat.

2012/12/02

"Barrura begiratzeko leihoak" dokumentala herritarren txaloak jaso ditu Areetan

Algortako Herrira bilguneak antolatuta, gaur eguerdian ehun lagun inguru elkartu gara Areetako Andres Isasi musika eskolan, "Barrura begiratzeko leihoak" dokumentala ikusteko asmoz. Behin proiekzioa amaituta, gainera, filmaren bost zuzendarietako bat Txaber Larreategiren azalpenak entzuteko aukera izan dugu. Dokumentala egiteko helburuak ez ezik, jasandako oztopoak ere izan ditu aipagai natxituarrak; tartean, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko ordezkariak jarritako salaketa, "pelikula ikusi ere izan gabe". Estreinaldia Bilboko Euskalduna jauregian egin nahi zutela ere komentatu du Larreategik: "baina, egun batzuk lehenago deitu ziguten, nortzuk ginen ez zekitela esanez eta ekitaldia ezingo genuela egin". Herrietan dozenaka emanaldi egon edo egongo direla jakinarazi du zuzendariak. Hala ere, tamaldu egin du zinemaldietan -besteak beste, Donostiakoan- plazaratzeko aukera eman ez izana. Bitartean, Andres Isasi musika eskolan batutako herritarren partetik eskerrak eta txaloak jaso ditu Larreategik.

2012/11/28

Egun hauetako hitzorduak

Astelehenetik ostegunera
20:00 Etxeratek deitutako enkartelada, Telletxe eta Algortako Etorbidearen arteko bidegurutzean.

Azaroak 29, osteguna
19:30 Harrera Taldearen aurkezpena Abian kultur elkarteak antolatuta, Algortako Bidebarri kaleko 2. zenbakian. 

Azaroak 30, ostirala
20:00 Azken Ostiraleko elkarretaratzea, Algortako Telletxe plazan. Herriko musikariak preso eta iheslarien alde kantatuz.

Abenduak 2, igandea
12:00 "Barrura begiratzeko leihoak" filma, Areetako Andres Isasi musika eskolan. Sarrera: 3 euro. Txartelak 11:00etatik aurrera egongo dira salgai. Proiekzioa euskaraz izango da gaztelaniazko azpidatziekin.

2012/11/24

Abenduaren 2an "Barrura begiratzeko leihoak" dokumentala Areetan

Kaixo lagun,

Algortako Herrira bilgunetik gonbidatu nahi zaitugu "Barrura begiratzeko leihoak" dokumentala ikustera.

NOIZ: abenduak 2, igandea, 12:00.
NON: Areetako Andres Isasi musika eskolako aretoa.

Dokumentala euskaraz emango da, gaztelaniazko azpidatziekin.

Sarrerak 3 euro balio du. Bertako txarteldegian hartu beharko dira 11:00etatik aurrera.

Dokumentalak oihartzun handia izan du Donostiako Zinemaldiaren inguruan estreinatu zenetik.

Batetik, proiektua debekatzea eskatu zuen Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak diligentziak zabaldu zituen eta, beste aldetik, kritika eta publikoaren artean arrakasta oso zabala izan duelako: filmaren kalitatea eta gizatasuna nabarmendu dituzte guztiaren gainetik.

Abenduaren 2an elkar ikusiko dugulakoan.
Mila esker.


2012/11/19

Abenduaren 2an "Barrura begiratzeko leihoak" ikusgai Areetan

Algortako Herrira bilguneak Areetako Andres Isasi musika eskola hartu du abenduaren 2an, igandearekin, Getxo udalerrian ere "Barrura begiratzeko leihoak" dokumentala estreinatzeko asmoz. Hitzordua eguerdiko 12etan izango da eta sarrerak 3 euroko salneurria izango du. Proiekzioa euskaraz izango da, gaztelaniazko azpidatziekin.

Zinez ekoiztetxeak egina, hiru preso eta bi preso ohi dira filmeko protagonistak. Haien kasuak kontatzen dira banan-banan, haien eta haiengandik gertu daudenen bizitzak eta esperientziak jasoz, kartzelaldiaren giza drama kontatzeko ahaleginean, baina umoreari eta samurtasunari tarte handia eskainiz; motibazio ideologikoak eta iritzi politikoak, berriz, apenas agertu ere egiten diren. Atal bakoitzak zuzendari bat du, eta guztiak Titika Rekaltek off-eko ahotsez irakurritako testu batek lotzen ditu. Testuak gatazkaren berri ematen du, datu objektiboetan oinarrituta batik bat.

2012/10/28

Lepo bete da Bilboko Bizkaia aretoa 'Barrura begiratzeko leihoak' ikusteko



Iturria: Berria.info

Bilboko Bizkaia aretoan (EHUko paraninfo berrian) estreinatu zuten atzo film dokumentala eta urtea amaitu artean Euskal Herriko 30 hiri eta herritan eskainiko dute. "Berria" laguntzaile du filmak. Filmaren ekoiztetxe Zinez elkarteak esan du "polemika, mehatxu eta susmo txar guztiak bukatzeko modurik onena pelikula bera ikustea" izango dela. "Pairatutako jazarpenaren zentzugabetasuna agerian geratuko da".

Poza agertu du Josu Martinez zuzendari eta koordinatzaileak filma azkenean aretoetara iritsi delako. Espainiako Gobernuaren kanpaina bat zela medio, Zinez ekoiztetxeak uko egin zion hainbat erakunde publikok onartutako diru laguntza jasotzeari —31.000 eurori—. Hilabete eskasean, herritarren ekarpenekin 40.000 eurora iristea lortu zuten. Martinezek aitortu du, ordea, ez zela hau eurek nahi zuten estreinaldia, eta nekea ere badutela gaineratu du.

Mireia Gabilondo zuzendariak ere esan du jendeak filma gustatu zaion edo ez esatea falta dela orain eta bera ere pozik dela urtebete ondoren filma aretoetara iritsi delako. Espainiako Auzitegi Nazionalak filmaren kopia bat eskatu zuen irailean eta Eneko Olasagasti zuzendaria pozik agertu da Madriletik albisterik iritsi ez delako aste honetan. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak filmean deliturik ba ote den ikertzeko eskatu zuen.

2012/10/25

"Barrura begiratzeko leihoak" filma estreinatuko dute larunbatean Bilbon

Larunbat honetan, urriak 27, "Barrura begiratzeko leihoak" filma estreinatuko da Bilbon, Bizkaia Aretoan (EHUko paraninfo berria). Sarrerak salgai daude 8 euroren truke Kafe Antzokian eta Kalderapekon, eta larunbatean han bertan, 17:00etatik aurrera.

2012/09/12

Auzitegi Nazionalak "Barrura Begiratzeko Leihoak" filmaren kopia bat eskatu du



Iturria: Berria.info

Zinez ekoiztetxeak adierazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak Barrura Begiratzeko Leihoak filmaren kopia bat eskatu du. Filmaren emanaldi pribatuak egin zituzten herenegun Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eta deliturik izan den ikertzeko eskatu zuen atzo Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak.

Urkijoren ustez, litekeena da emanaldi horiek "terrorismoaren biktimen babeserako legeak urratzea". Donostiako Udala ere delitu baten egile izan daitekeela uste du Urkijok, Zinez ekoiztetxeari Viktoria Eugenia antzokia alokairuan uzteagatik filmaren emanaldirako. Emanaldien aurretik, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari haiek eragozteko eskatua zion Urkijok; horretaz gain, emanaldien iragarpenaz ohartarazia zuen Zaragoza, delitu zantzurik ikusiz gero debeka zitzan.

2012/09/11

Arrakasta izan dute "Barrura begiratzeko leihoak" filmaren emanaldi pribatuek



Iturria: Berria.info

Polemiken gainetik, arrakasta izan du Barrura begiratzeko leihoak filmaren lehen emanaldiak; dokumentalaren atzean dagoen lana eta kalitatea azpimarratu dute ikus-entzuleek. Filma bi aldiz eman zuten atzo Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Ekarpenak egin zituen jendearentzako emanaldi pribatuak izan ziren. Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategi zuzendariak ere bertan izan ziren.

Aurretik, emanaldia galarazteko asmoz, eskutitz bana igorri zien Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok Javier Zaragoza Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalari eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari. Fiskalari esan dio delitua izan daitekeela film hori ematea, "terrorismoaren biktimen babeserako legeak" urratu ditzakeelako; eta ekitaldia aztertzeko eskatu dio. Alkateari, berriz, ohartarazi dio aretoa erabiltzeko baimena emanda delitu bera egin dezakeela. Filma eraikin publikoetan ematea debekatzeko eskatu du.