Iturria: Bilboko Branka
Herrira mugimenduak elkarretaratzea egin du erietxearen aurrean
asteazkenetik bertan dagoen preso oreretarraren askatasuna eskatzeko.
Beñat Zarrabeitia bozeramaileak Gogorza eta beste 12 presoak askatzeko exijitu dio Espainiako Gobernuari eta Gotzone Lopez de Luzuriaga
bularreko minbizia duen preso arabarraren egoera azpimarratu nahi izan
du gaurkoan, bularreko minbiziaren aurkako nazioarteko egunean.
Gogorza gaixotasun larriak eta sendaezinak pairatzen dituzten 13
presoetako bat da eta gaixotasun psikiatriko larria du. Asteazkenetik
Basurtuko Ospitalean dago, dagokion tratamendu medikoa eman diezaioten.
Elkarretaratzean, besteak beste, Txema Azkuenaga, Bilduko udal taldeko
eleduna izan da.
Herrirako bozeramaile Beñat Zarrabeitiak azaldu duenez, nahasmen obsesibo kopultsiboa du Gogorzak. Ondorioz, “24 orduz lagunduta egon behar du eta suizidioen aurkako protokoloa ezarrita dauka”.
“Espetxean egoteak ez dio batere onik egiten bere gaixotasunari eta
egoera denboran zehar luzatzeak bere osasun egoeraren kaltetzea
sorrarazi du”, azaldu Zarrabeitiak. Honen aurrean, Herrirak “egoera
honekin amaitzeko eta giza eskubideen haritik gaixo dauden presoak
askatzeko” deia luzatu dio Espainiako Gobernuari.
Bularreko minbiziaren nazioarteko eguna
Bestalde, gaurkoa bularreko minbiziaren aurkako nazioarteko eguna
izanik, presoen eskubideen aldeko mugimendutik gogora ekarri nahi izan
dute Gotzone Lopez de Luzuriagaren kasua. Izan ere, “munduan beste
milaka emakumek bezala Gotzonek ere bularretako minbizia pairatzen du
eta gaurkoan Aitzolekin egin dugun bezala eta larri gaixo dauden
gainontzeko presoekin bezala Gotzoneren askatasuna eskatu nahi dugu”,
esan du Zarrabeitiak.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.