2012/10/04

Espainiak gaur jarriko du 'Parot doktrinaren' gaineko helegitea Estrasburgon

Iturria: Berria.info

Ines del Rio euskal presoari babesa eman eta 197/2006 doktrinaren aurka Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiaren aurka egingo du, Efe berri agentziak aurreratu duenez. 'Parot doktrina' gisa ezagutzen dena indargabetzeak "espainiar gizartean izango duen ondorio izugarria" arrazoituz aurkeztuko du helegitea Raxoiren gobernuak, Justizia Ministerioaren arabera.

197/2006 epaiari jarraituta Espainiako Justiziak Ines del Rio Prada euskal presoari luzatutako zigorra bidegabetzat jo zuen uztailaren 10ean Estrasburgok. Aske uzteko eskatu zuen Europak, eta Del Riori 30.000 euroko kalte-ordaina emateko. Ebazpena aplikatzea galdegin zuten Del Rioren abokatuek, baina aukera horren kontra agertu zen Auzitegi Nazionaleko fiskala; argudiatu zuen epaiak ez zuela Espainia behartzen.


Del Riok 2008an behar zuen libre, legeak ezartzen duen espetxe zigor handiena beteta, baina 2017ra arte luzatu zion zigorra Espainiako Auzitegi Nazionalak, aipatutako doktrinan oinarrituta. 1987ko uztailean atxilotu zuten, ETArekin lotuta.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak presoaren defentsak aurkeztutako helegitea aztertu zuen, eta uztailaren jakinarazi zuen epaia. Parot doktrinaren aurka aztertu zuen aurreneko helegitea izan zen.

Espainiak urratutako artikuluak

Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 7. artikuluan oinarrituz, defentsak argudiatu zuen ezin dela zigorrik ezarri hori bermatzen ez duela legerik ez bada, eta salatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak atzeraeraginezkoak izatea. Del Riok kartzelan segitzea 5. artikuluaren aurkakoa dela zioen defentsak —askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea jasotzen du artikulu horrek—. Europak bi artikulu horiek urratu izana egotzi dio Espainiari.

14. artikulua ere aipatu zuen defentsak, diskriminazioaren debekuaz diharduena. Defentsaren esanetan, 197/2006 doktrinaren aplikazioak helburu politikoak ditu.

Auzitegi Nazionalak asteazkenean helduko dio epaiari

Espainiako Auzitegi Nazionalak, berriz, datorren asteazkenean helduko dio berriro Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaz emandako kontrako epaiari. Irailaren 20an hasi zen aztertzen, baina erabakia atzeratzea erabaki zuen.

Auzitegi Gorenak 2006ko otsailaren 20an ateratako sententzia bat da Parot doktrina. Horren bidez, espetxe onurak edo erredentzioak espetxe zigor bakoitzari aplikatzen zaizkio, eta ez presoak guztira bete beharko lituzkeen gehienezko 30 urteko kopuruari, 2006ra arte egiten zen bezala.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.